Oasian ere badira lainoak

Oasian ere badira lainoak

Eider Goenaga Lizaso

Euskararen ezagutza eta erabilera erabatekoa den herririk inon ez dagoenez, horretara gehien hurbiltzen diren udalerriak hartzen dira hizkuntzaren normalizazioaren eredu gisa. Gipuzkoan, asko dira euskararen indizea %70etik gora duten herriak (herri batean dauden euskaldunen kopuruari ia euskaldunak direnen erdiak gehituta ateratzen da datua), baina guztiak ez dira arnasgune. Arnasgune batean, euskararen ezagutza altua izateaz gain, euskararen erabilerak nagusi izan behar du, baita herriko zerbitzu guztietan edo ia guztietan ere, publiko zein pribatu. Horrek asko murrizten du udalerrien zerrenda.

Arnasgune horietako batean, Azpeitian, egingo dute urriaren 10ean Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uemak, Kontseiluak, Gaindegiak, UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatuta. Ez da kasualitatea Azpeitian egitea. Izan ere, arnasgune askotan, herri txikietan batez ere, ezagutza eta erabilera datuek beherantz egin duten bitartean, Azpeitian, gutxi-asko, datuei eutsi zaie.

“Oasi bat izan gaitezke, baina horrek ez du esan nahi hutsunerik ez daukagunik”, adierazi du Josu Labaka Uemako lehendakari eta Azpeitiko Euskara zinegotziak, herriko datuei buruz galdetuta. “Egia da Azpeitian euskaraz bizi garela nagusiki eta euskaraz hitz egiten dugula; baina nagusiki esaten dugu, ezin delako erabat esan”. Lan mundua, adibidez, ez dela hain euskalduna aipatu du.

Azpeitian eginiko azken neurketa soziolinguistikoaren arabera, herritarren %83,8 elebiduna da, eta %5 dira elebidun hartzaileak; erdaldunak, berriz, %11,2 dira. Azken urteetan ez da gertatu egoera irauli duen aldaketarik, baina beheranzko joera txiki bat izan da. Izan ere, azken hamar urteotan ia bost puntu jaitsi da elebidunen kopurua eta beste hainbeste igo da erdaldunena.

“Azpeitian, oraingoz, ez daukagu alarma gorria pizteko moduko egoerarik. Datuek diote mantentzen ari garela, eta gure sentsazioek ere hala diote”. Azpeitian ez da gertatu beste arnasgune batzuetako atzerakadarik, eta, hasiera batean, horren beldurrik ez duela esan du Labakak: “Baina ez gaude guztiz salbu”.

Zinegotziaren arabera, hainbat arrazoi dira oasi izaera horri eutsiko zaiola sinestarazten diotenak. “Herritarrak dira gure indargune nagusiak. Azpeitiarrak gara euskararen aldeko hautua egin dugunak; belaunaldiz belaunaldi transmititu dugu hori eta jarraipena eman diogu”. Labakak argi du inguruak ere laguntzen duela. “Azpeitiaren kokapen geografikoak badu zeresana, eta baita aldamenean ditugunak udalerri euskaldunak izateak ere”. Izan ere, Azpeitiarekin muga egiten duten herrietan Gipuzkoako altuenen artean daude euskararen ezagutza datuak: %81ekoa da Azkoitian, %86,2koa Zestoan, eta %91,5ekoa Errezilen.

Indargune gisa arnasgune izatearen kontzientzia eta arnasgune gisa hizkuntzaren normalizazioan eredu izan beharraren erantzukizuna ere aipatu ditu Labakak. Hor kokatzen du Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian aukeratutako gaia. “Gaur-gaurkoz arnasguneen aitortza egiten da eta badago daukaten garrantziaren inguruko adostasuna; beraz, jauzi bat egin behar dugu, prebentziotik garapenera. Hizkuntzaren normalizazioan arnasguneetatik eragin nahi bada, ezinbestekoa baita herri horietan bizi indarra sustatzea. Herri biziak izan behar dute, indartsuak, eta horietan garapen ekonomiko eta soziokulturala sustatu behar da, beti ere hizkuntza irizpideak kontuan hartuta eta helburu jarrita”.

Hain zuzen ere, datorren asteazkeneko jardunaldian, Azpeitian martxan jarri diren bi proiektu aurkeztuko dituzte —Sanagustin kulturgunea eta Elikagunea—, herrien garapena sustatzeko adibide edo eredu gisa. “Lehenengoan, kultura sustatzen da, baina ekonomiaren sustapenerako elementu gisa ere ulertzen dugu. Kultur mugimendu indartsua sortu da, eta %80-95 euskaraz ari da. Bestea, lehen sektorearen sustapena egiteko proiektu bat da, eta gurean euskaraz funtzionatzen duen sektorea da lehen sektorea, baina zailtasunak dituena; beraz, sektoreari lagunduz, euskarari ere laguntzen zaio”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.