“Galdu egin da frontoira arratsalde-pasa joateko tradizioa”

Beñat Alberdi

Frontoietan lanean jarduten dutenek sobera ezagutuko dute Reyes Azkoitia (Azkoitia, 1952). Pilotak erabat lotzen du jende asko, eta horietako bat da azkoitiarra. Azken hamarkadetako lana erakusgarri ona da, ordea, pilota ez dela frontoikoa bakarrik erakusteko.

Azkoitiko Martirieta auzoan jaioa, zazpi anai-arrebaren artean seigarrena eta emakume bakarra. Baserrian hazia zara?

Asko ez nintzen hazi, baina bai.

Heldu, orduan, baserri munduan heldu al zinen?

Bai.

Bertako lanetik bizi zineten?

Ni jaio nintzenean, bai; aita eta ama, bai. Anaiak, gero, haziz joan ziren heinean, tailerretan hasi ziren lanean.

Emakumeak sarri ez dira lotzen baserriko lanarekin. Aurreiritzia al da hori?

Jendeak esaten zidan majo mimatuta biziko nintzela etxean, beste sei mutilekin. Mimatuta? Bai zera! Baserriko lan dena egin behar izan dut nik. 11 urterekin bidali ninduten kalera, esnea banatzera. Goizez, lanera joaten nintzen, eta, arratsaldez, eskolara. Gogorra da hori. Hamar litroko esne marmitarekin ibiltzen nintzen; hartu eta laugarren solairuraino igotzen nintzen.

Egunerokoan igartzen al da baserri mundu horretan heldu izana? Goiz jaiki, lanean hasi…

Ezkondu eta gero, hiru seme-alaba izan nituen lau urteren buruan. Gogorra zen batzuentzat, baina lana baserrian egiten genuena zela esaten nien nik, hura ez zela lana.

Baserriko lanetik kanpo, erraza izan al da orduan beste dena?

Esaten dute tarteka gaizki bizitzea ona dela gero hobeto bizitzea zer den baloratzeko.

Martirieta auzoko frontoiak esanahi berezia dauka zuretzat, bertan ikasi baitzenuen pilotan.

Jolastokira ateratzen ginenean, sokadantza edo pilota aukera genezakeen. Neskak sokadantzara joaten ziren, eta mutilak, pilotara. Ni pilotara joaten nintzen, ordea, eta bazen pilotan asko jokatzen zuen beste neska bat ere.

Nondik datorkizu frontoirako afizio hori?

Etxean, atariko atean edo edonon jokatzen genuen guk pilotan. Lehen, auzo txikietan, askok jokatzen zuten pilotan; gehienek. Afizionatu mailan aritzen zen anaietako bat; nahiko ondo, gainera. Anaia gazteena, berriz, profesionaletara iritsi zen.

Anaia gazteenari, umetan, ez omen zenion uzten irabazten, ezta?

Hala da. Baina hark kontatzen du nik neuk pena hartzen nuela irabazten uzten ez niolako. Lagunek adarra jotzen zioten, eta pena ematen zidan horrek. Baina orain ere, ilobekin, ez pentsa kartetan irabazten uzten diedanik.

Profesionaletara iritsi zela ikusita, hobetzeko aitzakia izan zen harentzat, akaso, arrebari irabazi behar hura?

Beti irabazi egiten niola gogoratzeko esaten diot nik. Hiru urte zaharragoa naiz, eta aldea dago 10 urte izan edo 13 izan. Adin berekoak izan bagina, indarrez gehiago izango zen bera.

Frontoian ondo zenekien zuk pilota nora bota behar zen, ezta?

Trinketean jokatzearen parekoa zen. Pareta bat eta leiho bat dauzka eskuinean, pareta motz bat ezkerrean, ganbara goian… Oso toki polita da jolasean ibiltzeko.

Kontu bat da denbora librean pilotan aritzea, baina lehian ere ibili al zineten?

Ez, kaletik aparte dauden auzoetan bizi ginenok auzoan bertan ibili ginelako eskolan. Kalean ibili bagina, lehian ariko ginatekeen agian.

Bergarako Elosua auzora joan zinen 20 urteren bueltan, ezkondu berritan. Bergaran Azkoitian adinako afizioa al dago pilotarako?

Pilota utzita neukan eskola amaitzean, baina Elosura joan, eta hango frontoian hasi nintzen berriz. Orain Elosura bazkaltzera joaten garenean, familia guztia aritzen da pilotan; baita alabak eta bilobak ere.

Sinbolikoki bada ere, Elosuko frontoiak tokia kendu al dio Martirietakoari?

Frontoi normala da Elosukoa, txikiagoa. Oso-oso estimatua izan da guretzat, eta hala da oraindik ere. Ordu asko pasatu ditugu bertan. Frontoirako tradizio handia egon da, baina, urteekin, galdu egin da arratsalde-pasa frontoira joateko tradizio hori. Zahartuz goaz gu, eta ondorengo belaunaldiak ez dio eman jarraipenik. Apurtu egin da kate hori.

Elkartzeko leku gisa ulertu behar al da frontoia?

Bai. Elosua ez zen izango hain erakargarria frontoirik gabe.

Pilotan jardun zara 45 urte bete arte. Nola egin zenuen saltoa frontoira?

Semeak 6-7 urte zituenetik toki guztietara joaten nintzen partidak ikustera. Errebotean aritzen ginen orduan. Jendeak ikusi egiten ninduen, eta horrela gonbidatu ninduten jokatzera.

Zer-nolako plazak eskaintzen zizkizuten?

Ongintzako partidak izaten ziren batzuk: Aspaceren aldekoak, Gurutze Gorriaren aldekoak… Festetan ere jokatuta nago Arrasaten, Ermuan zein Berrizen. Eta baita Nafarroan ere.

Interesa piztu al zuen emakume bat pilotan jokatzen ikusteak? Frontoiak betetzen ziren?

Arrasaten, adibidez, frontoia erabat betetzen zen festetan. Gogorra izaten zen niretzat. Kalejira egiten genuen udaletxetik frontoira, eta gaizki pasatzen nuen.

Izan al duzu aukerarik lehiatzeko?

Ez. Sariak badauzkat, baina aipatutako partida horietan lortutakoak. Bergarako beteranoen lehiaketa batean jokatuta nago, adibidez, eta finalerdietan galdu genuen.

Aurrean edo atzean jokatu izan duzu?

Aurrean. Beti izan naiz erasorako pilotaria, eta zaila da atzeko koadroetatik erasora jotzea. Egun, erasora joatea falta zaiela esaten diet neskei, segurutik jokatzen dutela beti. Errematea zen nire jokoa, eta horregatik egiten nuen tanto, niretzat eta aurkariarentzat, denentzat.

Beste emakume baten aurka jokatzeko aukera ere sortu zitzaizun, baina, azkenean, bertan behera gelditu zen partida hura…

Azkenean, ez genuen izan aukerarik jokatzeko, ez. Eskutitz bat idatzi zidan ea partida bat jokatuko genuen galdezka, eta ados nengoela erantzun nion. Handik bi astera-edo idatzi zidan senarrak ez zuela onartzen halakorik, eta hortxe gelditu zen.

Gaur egun, oraindik, nabari dira jarrera misoginoak eta matxistak, eta duela hogei urte egoera ez zen hobea izango. Igarri zenuen bazterketarik emakume izate hutsagatik?

Familiak beti lagundu izan dit. Nik beti esan dut egokitu zaidan senarra egokitu zaidalako ibili naizela ibili naizen bezala. Etxean ere beti bultzaka ibili izan dira seme-alabak. “Ama, ez al duzu apuntatu behar?”.

Halako adierazpenik ez duzu entzun, orduan?

Beti egoten da zerbait. Bergaran entzunda nago hobeto nengokeela patata tortilla egiten. Beste batzuentzat ohorea zen nik jokatzea, baina badakit euren emaztea izan balitz ez zutela hala ikusiko.

Halako erreferentzialtasun bat sortu duzue emakumeentzat?

Bai, eta ondo hartu naute toki askotan. Badakit. Gasteizen, esaterako, beteranoen eguna egiten dute, eta partidaren bat edo beste jokatuta nago han. Joan den irailaren 20an jokatu nuen bertan, bikoteka, Alaitz Badiolarekin.

Frontoia oraindik ez duzu erabat utzi orduan?

Nik ez dut nahi nire izena, funtsik gabe, bolo-bolo ibiltzerik. Esaten didate erreferentea naizela nesken pilota munduan. Garai batean izango nintzen, agian, baina, gaur egun erakusten dudan jokoarekin, erreferente izatetik urrun nago.

Emakumeen pilota txapelketa antolatzen dute gaur egun, eta bikain doa aurrera. Pauso handia eman duzue emakumeak frontoira joateko, ezta?

Ikaragarri mugitu da nesken arloa. Ikaragarri. 80 neska aritu ziren aurreko txapelketan, eta, ezerezetik abiatuta, asko da hori. Ondo moldatu dute txapelketa, pilota gozoekin, publizitatea eginda. Oso ondo antolatu dute dena.

Beste pausoren batzuk emango dituzue aurrerantzean?

Bai. Indarra hartu du pilota gozoarekin, eta gazteak pilota mistoarekin dabiltza. Eztabaida izan dugu materialaren inguruan. Mistoaren aldekoek ez dute jokatu nahi gozoarekin, baina orain arte gozoarekin jokatu dutela eduki behar dute kontuan. Txapelketa pilota mistoarekin antolatuz gero, hogeik parte hartuko dute gehienez, eta jende gutxirekin ezin da egin indarrik. Gaur egun eskuak egiten ari dira gazteak, eta, hamar urte barru, neska asko ariko dira pilotan pilota mistoekin.

Entrenatzaile hasi zinen duela 30 urte. Naturala izan zen pausoa?

Bai, natural-naturala. Zortzi guraso sartu ginen zuzendaritza berrian. Nik semea ekartzen nuen entrenamenduetara, eta beti egoten nintzen entrenamenduak ikusten. Laguntze aldera hasi nintzen, eurek onartzen ninduten, eta, ohartzerako, barruan nengoen ia-ia, batere traumarik gabe.

Zer erakusten du pilota entrenatzaile batek?

Lehenengo eta behin, portaera; garrantzi handia dauka horrek. Eta, noski, pilotan jokatzen ere bai. Pilota nola moztu behar den, airez edo boleaz pilota nola astindu behar den… Baina, lehenik eta behin, portaera.

Zer da portaera?

Kantxan nola ibili jakitea. Hori ikastea da garrantzitsuena. Ez dira gutxietsi behar ez entrenatzaileak, ez lagunak, ez epaileak…

2009an, entrenatzaile zinela, Bergarak irabazi zuen herriarteko txapelketa. Hura izan al zen puntu gorena?

Bai. Ez genuen espero halakorik. Gogoan daukat 2-1 galdu genuela Andoainen. Tantoak ere kontuan hartzen dira nor sailkatuko den zehazteko, baina pilotari batek esan zidan etxeko hiru partidak irabaztea zela onena. Hirurak irabaziz gero, bakoitzari ogitartekoa ordainduko niola esan nien, eta ordaindu egin behar izan nuen.

Izugarrizko harrera egin zizueten Bergaran bertan, ezta?

Beteta zegoen plaza guztia. Non ezkutatu ez nekiela ibili nintzen. Emozioz betetako eguna izan zen. Taldeko pilotariei bertso bat bota nien udaletxeko balkoitik, eta finalerdietan ere bota nien. Neure buruari zenbat aldiz esan diodan zein ergela izan nintzen…

Besteak beste, Beñat Rezusta puntako pilotariaren entrenatzaile ere izan zara…

8 urterekin-edo hasiko zen pilota eskolan. Beñat puntaraino eraman dudala esaten didatenean, erantzuten diet Antzuolan jaio izan balitz ere pilotari handia izango zela; pilotari sena dauka.

Baina bidea markatuko zenioten, behintzat, ezta?

Besteei bezala. Ikusten genuen gai zela profesionaletara iristeko. Nik beti esaten nion: “Beñat, lasai; etorri behar badu, etorriko da. Eta etortzen ez bada, ez da txarra afizionatu mailan puntan ibiltzea”. Profesionaletara iristeak ez du izan behar helburu; pilotan ondo pasatzea da erronka.

Nola gogoratzen duzu Rezustak profesionaletara saltoa eman zuenekoa?

Entrenatzen ari ginela hurbildu zitzaidan profesionaletan debuta egiteko deitu ziotela esanez. Bera baino gehiago poztu nintzen, agian.

Pilotari, entrenatzaile, epaile… Artekari gisa edo apustu kontuetan hastea bakarrik falta zaizu…

Ez, ez; hori ez. Eta konpromiso handiko partidetan, ezta epaile ere.

Zer moduz moldatu izan zara epaile lanetan?

Lan hori behin ere ez dut egin nik nahi nuelako. Orain, Getarian, badago bokazioz hasi den neska bat. Inbidia galanta ematen dit. Esaten dit herriarteko txapelketako partida horietan jardun nahi duela. “Biba zu” esaten diot nik.