“Animatzen duena da zale ona, eta ez une oro txistuka aritzen dena”

“Animatzen duena da zale ona, eta ez une oro txistuka aritzen dena”

Loinaz Agirre

Neska-mutiko askok eta askok duten ametsa betetzeko aukera izan zuen Josu Sarriegik (Lazkao, 1979): futbolari profesionala izatea. Alavesek eman zion lehen aukera, eta Athleticek bigarrena. Grezian, Panathinaikos taldean igaro zituen futbol ibilbideko azken bost urteak.

Lau anaietan gazteena zara. Guztiak futbolean ibilitakoak dira, maila batean edo bestean. Baloia besapean zenuela jaio zinela esan daiteke?

Bai, eta ez anaiengatik bakarrik. Pilotalekuaren parean bizi ginen gu, eta kalean erraketarekin edo baloiarekin jolasean ibiltzen ginen beti. Zaharragoekin ibiltzen nintzen, gainera, beti.

Herrian bertan hasiko zinen, ezta?

Garai hartan, ikastolan eskola kirolaren barruan hasten ginen gu futbolean, eta zortzigarren mailara arte jokatzen genuen [gaur egungo DBH 2]. Lazkaon aritu nintzen gero; kadeteetan, gazteetan, eskualde mailan… Beasainera joan nintzen ondoren, eta urtebete egin nuen han. Manex anaiarekin batera jokatu nuen urte hartan. Babes ona zen niretzat; Bigarren B Maila zen jada, eta urduritasun pixka bat edukitzen nuen. Baina guztia errazagoa izan zen Manex ondoan edukita. Urte ona izan genuen.

Goierri utzi, eta Gasteizera joan zinen 1999an.

Bai, eta han hasi nuen profesional bizitza. Bigarren taldean igaro nuen lehen urtea; lesio batzuengatik, bigarren urtean aukera izan nuen lehen taldearekin jokatzeko eta Lehen Mailan debuta egiteko.

Debuta ez zen nolanahikoa izan: UEFA kopako finalera iritsi zen Alaves.

2000-2001eko denboraldia izan zen; bete-betekoa izan zen futbol profesionalerako sarrera. Hurrengo urtean, bigarren taldearekin aritu nintzen berriz ere, eta Eibarrera joan nintzen 2002-2003koan, utzita. Lesio larri bat izanagatik, ona izan zen denboraldia. 2003an Alavesen lehen taldera itzuliko nintzela hitzartu genuen, eta hala izan zen.

Espero zenuen futboletik bizitzeko aukera izatea?

Ezta pentsatu ere! Ilusioa baneukan, noski; ume guztien ilusioa izaten da hori, baina gehienak koxkortzean jabetzen dira ez dela halakorik gertatuko. Niri gertatu zitzaidan, baina oso-oso zaila da, zorte handia eduki behar da. Denetik behar da pixka bat: baldintza jakin batzuk, izaera berezia, lesioekin zortea, aukera ematea, aprobetxatzen jakitea… On-ona dena iritsiko da, baina badago beste jokalari mota bat ere: antzeko maila duten jokalari asko egoten dira taldeetan, baina galbahea eginez joaten dira, eta, agian, atzean gelditzen dira antzeko baldintzak zituztenak. Zortea ere behar izaten da.

Zuk ondo aprobetxatu zenuen aukera.

Lesio gogor bat izan nuen Eibarren nengoela. Disko hernia bat izan nuen, eta sei hilabetez egon nintzen jokatu gabe. Gogorra izan zen: minaz gain, hasi beharra neukala ikusten nuen, atzera egiten delako urtebete geldirik igaroz gero. Nahiko ondo aritu nintzen itzuli nintzenean, eta jarraitzeko aukera izan nuen.

Athleticen eskaintza iritsi zen gero. 750.000 euro ordaintzeko prest zeuden zuri-gorriak.

Dimitri Piterman bizpahiru urtean egon zen Alavesen, presidente karguan. Lehen Mailara igo, jaitsi… horrela ibili ginen. Egoera ekonomiko txarrean gelditu zen Alaves, kudeaketa ekonomiko txarra egin zutelako. Bigarren Mailara jaitsi ginenean, Lehen Mailan jarraitzeko aukera izan nuen nik, Athleticekin, eta diru pixka bat lortzekoa Alavesek. Ikaragarria izan zen. Oso pozik nengoen jauzi harekin, baina penatuta Alaves uzteagatik. Oso harreman ona daukat Alavesekin eta Gasteizekin. Oso gustura ibili nintzen han.

Gipuzkoar bat Araban eta Bizkaian.

Arraroa da, bai. Eibarren jokatu nuen, Alavesen eta Athleticen ere bai… Reala eta Osasuna falta izan zitzaizkidan. Baina ez zen egokitu, eta kito. Realean ez nuela jokatu? Ez da ezer gertatzen.

Bilbon urtebete besterik ez zenuen egin. Taldeak jaitsiera gertu izan zuen urtea izan zen, gainera. Nola gogoratzen duzu?

Oso ondo. Oso urte polita izan zen, zentzu askotan; aberatsa izan zen. Batetik, euskaldunak ginen denok; eta, bestetik, polita da Bizkaian futbola eta Athletic nola sentitzen dituzten bertatik bertara bizi izatea. Gizarte osoa dago atzean. Baina oso zaila izan zen kirol arloan; hamabost jokalarirekin aritu ginen ia denboraldi guztian, lesioekin eta txartelekin zigortuta egon zirelako Yeste, Orbaiz, Gurpegi eta Etxeberria. Jokalari gazteekin aritu ginen, eta Bigarren Mailara jaisteko arriskuan egon ginen. “Athletic ez dugu guk jaitsiko Bigarren Mailara, ezta?”, aipatzen genuen geure artean. Oso gogorra izan zen, baina horrekin ere ikasten da, eta azkenerako eutsi genion mailari.

Greziako aukera iritsi zen gero. Erraza izan al zen Euskal Herria utzi eta hara joatea?

Ez, ez; oso zaila izan zen. Lau urteko kontratua neukan Athleticekin, eta Joaquin Caparros etorri zen bigarren urtearen hasieran. Iritsi bezain laster, jokalari askok bagenekien ez genuela jokatuko. Denboraldi-aurrean, Herbehereetan geundela, Panathinaikosera joateko aukera iritsi zitzaidan. Denbora gutxi izan nuen pentsatzeko eta erabakia hartzeko. Gaur egun emazte dudan neska lagunari deitu, anaiekin eta gurasoekin hitz egin… Erabaki garrantzitsua izan zen. Herbehereetako egonaldia bukatu baino bi egun lehenago utzi nuen taldea; beste bi egun egin nituen Lazkaon, eta Atenasera joan nintzen. Bizitza erabat aldatu zitzaidan astebeteko tartean. Euskal Herritik atera gabe nengoen ordura arte, baina oso gustura sentitu nintzen lehen egunetik. Herrialde eder batera joan nintzen, oso ondo hartu ninduten, eta futbol arloan beste aukera batzuk eman zizkidan: UEFA kopan eta Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera izan nuen. Esperientzia ona izan zen, eta oroitzapen onak ditugu.

Garai hartan, izar asko joaten zen Greziako ligara. Izar horietako bat al zinen zu ere?

Ez, ez. Ni ez nintzen ezaguna, eta lasai uzten ninduten. Garai hartan, futbolak diru asko mugitzen zuen Grezian. Adibide gisa, Gilberto Silva Brasilgo selekzioko kapitaina eta [Djibril] Cisse frantziarra zeuden gure taldean.

Erdiko atzelari postuan jokatu izan duzu zuk. Ez da gol asko sartzeko posturik egokiena, baina garrantzitsu bat sartu zenion Jose Mourinhoren Milango Interri…

Oso gaizki ibili ginen lehen itzulian, baina lehen postuan jarri ginen gero, Interri 0-1 irabazita. Nik sartu nuen gol hura, partida amaitzeko hogei minutu falta zirela. Panathinaikosek historian lehen aldiz irabazi zuen Italian, eta Interren aurka, gainera! Figo, Cambiasso… nazioarteko jokalari garrantzitsu asko zeuzkan orduan Milango Interrek. Izugarria izan zen Atenasera iritsi ginen unea. Greziarrek, oraindik, gogoan daukate nire gol hura.

Ordutik itzuli al zara Greziara?

Familiako laurok joan ginen iaz, eta jendeak, oraindik, eskerrak ematen dizkit gol harengatik. Izugarria izan zen haientzat. Taldearen urterik onenak izan zirela uste dut; gainbehera hasi zen gero.

Harremana baduzu oraindik, beraz, Greziarekin.

Bai. Han jaiotakoak dira gure bi seme-alabak, eta iaz han ibili ginen non bizi ginen-eta erakusten. Bost urte igaro genituen han, eta itzultzeko gogoa geneukan. Oso pozik ibili ginen.

2012an, erraza izan al zen futbola uzteko erabakia hartzea?

Hiru urterako kontratua sinatu nuen hasieran, eta beste bi urtez luzatu zidaten gero. Bosgarren urtean hasi zen Greziako ekonomiaren eta futbolaren gainbehera. Klubekoek ere ez zidaten eman inolako aukerarik, eta etxera itzultzea erabaki genuen. Hona etorrita, krisi handia zegoen Espainian ere, eta geldirik zegoen futbol merkatua. Bigarren Mailan aritzeko aukera eman zidaten, baina izugarrizko nagia eman zidan familiarekin berriz etxetik ateratzeak. Orduan erabaki nuen uztea, baina ez nuen eduki arazorik; beste bizimodu bati ekin nion.

Gaur egun, ba al duzu harremanik futbolarekin?

Bai eta ez. Orain dela urte batzuk, Lazkaoko kadeteak entrenatzen aritu nintzen urtebetez, eta entrenatzaile izateko lehenengo bi tituluak atera nituen orduan. Iaz, Zubietan aritu nintzen ohorezko kadeteen entrenatzaile moduan. Oso gustura egon nintzen, asko ikasi nuen, baina ez da erraza lan hori familiarekin uztartzea.

Realera iritsi zinen azkenean!

Bai! Realeko partaide ere izan naiz, eta ez zale gisa bakarrik.

Gustatuko litzaizuke entrenatzaile izatea?

Ez. Badakit futbol mundu hori zer den. Asteburu guztiak beteta… Bizimodu hori eduki dut, eta, orain, ez dut nahi halakorik. Ez dut gogorik familiarekin bueltaka ibiltzeko. Uste dut familiarentzat Lazkao dela tokirik onena.

Reala ikustera joaten zara?

Bai, gustatzen zait. Realzalea izan naiz betidanik.

Zelai berria ikusi al duzu? Zer iruditzen zaizu?

Ez naiz joan oraindik. Realaren zaleek baikorragoak izan behar dutela uste dut, eta daukatenarekin gozatu eta animatu. Nik beti esaten dut nahiago dudala Realak 25 jokalarietatik hemezortzi harrobikoak izatea eta harrobian ez dagoen hori fitxatzea. 15. postuan amaitu arren, horrelako Reala nahiko nuke nik; bestelako poza ematen dit horrek. Uste dut realzale asko dagoela Txapeldunen Ligari begira, eta, helburu hori lortzeko, berdin dio zein jokalari dauden taldean. Giro hori egoten da estadiora joatean. Ez animatzekoa, ezkorra baizik, txistu egitekoa. Amorrua ematen dit horrek. Ez zait gustatzen jende askoren jarrera. Badakit zaletasun handia dagoela, baina animatzen duena da zale ona, eta ez une oro txistuka aritzen dena. Gizarteko errespetu maila berbera behar da futbolean ere, baina ez da hala gertatzen. Tristea da.

Greziarekin beste lotura bat ere baduzu: Koboloi izena jarri diozue Lazkaoko jostailu dendari.

Loturatxo bat nahi genuen. Arrosario antzeko bat da koboloi; batez ere helduek edukitzen dute eskuetan, eta estresaren aurkako tresna baten gisakoa da. K horrekin euskarari ere keinu egiten dio.

Jostailuen munduan barneratu zara, beraz.

Futbola utzitakoan zer egingo nuen galdetzen nion beti neure buruari. Lazkaon lokal txiki bat geneukan erosita, eta negozioren bat irekitzea pentsatzen genuen. Umeak txikiak ziren garai hartan, eta, jostailu berezixeagoak nahi izaten genituenez, Donostiara joaten ginen. “Eta jostailu denda bat?”, galdera bota genuen egun batean. Informazioa eskatu, pausoa eman, eta hemen jarraitzen dugu hiru urte geroago. Erronka polita da. Oso mundu polita da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.