Etxebizitza eskubidea etxe hutsekin betez

Eider Goenaga Lizaso

Bizileku bat izatea eskubide subjektibo gisa izendatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitzaren Legeak, eta etxebizitza hutsak dituzten jabeak zigortzea, alokatzera behartzea edo etxea desjabatzea aurreikusten du. Lege hori 2015eko ekainean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, baina indargabe gelditu zen indarrean sartzeko aukerarik izan baino lehen. Legearen hainbat punturen kontrako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak, eta 2016ko apirilean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen legearen aplikazioa, haren edukien gaineko erabakia hartu arte. Urriaren 2an heldu zen erabakia: Konstituzionalak ontzat jo ditu legearen ia puntu guztiak. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta udalek bi urtean baino gehiagoan hutsik dauden etxebizitzen inguruko neurriak hartzeko aukera dute.

Konstituzionalaren ebazpena ezagutu eta hurrengo egunean, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako 2017ko txostenaren datuak ezagutarazi zituen IƱaki Arriola EAEko Etxebizitza, Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako sailburuak. Txosten horren arabera, Gipuzkoan 24.426 etxebizitza daude hutsik, baina horietako erdiek baino gutxiagok (11.610) betetzen dituzte baldintzak administrazioek kudeatu ahal izateko.

Izan ere, alokagai edo salgai dauden etxebizitzak merkatuan daudela ulertzen du legeak, eta, beraz, zerrenda horretatik kanpo daude. Etxebizitza Legeak etxea hutsik edukitzeko baleko arrazoi gisa hartzen dituen baldintzak betetzen dituzten etxeak ere zerrendatik kanpo utzi ditu Etxebizitzaren Behatokiak; alegia, osasun arrazoiengatik, lan arrazoiengatik, gizarte larrialdi edo dependentzia arrazoiengatik aldi baterako hutsik gelditu diren etxebizitzak.

Dena den, Jaurlaritzak kudeagarritzat jotzen diren etxe guztiak alokagai jartzeko neurriak gaur bertan hartuko balitu ere, ez lirateke 11.610 izango, horietako askok ez baitituzte betetzen inor bizitzen jartzeko moduko baldintzak. Hain zuzen ere, kudeagarritzat jotzen diren etxeetatik 4.442k soilik betetzen dituzte bizitzera berehala sartzeko baldintzak; gainerako etxeei dagokienez, obra edo egokitzapen txikiren bat behar dute 3.500 inguruk, eta obra handia ia 3.000 etxek. Obrak egiteko diru laguntzak aurreikusten ditu Etxebizitza Legeak.

Hiriburuetan, gutxiago

Gipuzkoako etxebizitza kopuru osoarekin alderatuta, %3,4koa da etxebizitza huts kudeagarrien batezbestekoa (%3,3 EAEn); baina batezbesteko hori asko jaisten da hiriburuetan. Donostian, %1,4koa da etxebizitza huts kudeagarrien batezbestekoa (Bilbon, %1,6koa; eta Gasteizen, %2,3koa).

Azterketa bera herrien tamainaren arabera eginez gero, argia da joera; herriak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta handiagoa da batezbestekoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu orokorrei erreparatuz gero, 2.500 biztanletik beherako herrietan %7,5ekoa da etxe hutsen batezbestekoa; %4,5ekoa da proportzioa 2.500 eta 20.000 biztanle arteko herrietan; eta %2,6koa 40.000 eta 100.000 biztanle artekoetan. Hiriburuen, berriz, %1,8koa da batezbestekoa.

Etxebizitzaren Behatokiak “eremu funtzionalen araberako” etxebizitza hutsen neurketa ere egin du (kudeagarriak eta ez-kudeagarriak batuta). Horren arabera, hiriburua inguratzen duten herrietan nabarmen jaisten da etxebizitza hutsen kopurua. Buruntza-Beterri, Oarso-Bidasoa eta Donostia hartzen dituen eremuan eskualdeko etxe guztien %5,7 osatzen dute etxe hutsek (10.817 guztira). Batezbestekoak hazi egiten dira hiriburutik aldendu ahala: Tolosaldean %7,7 dira etxe hutsak (1.730), Urola Kostan %7,9 (2.814), Goierrin %8,9 (2.980), Debagoienean %10 (3.053) eta Debabarrenean %10,9 (3.872). Debagoienaren eremu funtzionalean, Aramaio (Araba) sartzen du txostenak; eta Debabarrenean, berriz, Ermua eta Mallabia (Bizkaia).

Errolda, egiteko

Arriolak berak esandakoaren arabera, ordea, etxe huts gutxien dagoen tokian dago behar handiena: “Hiri handietan”. Hori konpontze aldera, behin Konstituzionalaren erabakia ezagutu ostean, Etxebizitza Legea indarrean jartzeko pausoak iragarri ditu Arriolak; betiere etxebizitzaren “funtzio soziala” helburu hartuta, eta etxe hutsak etxebizitza eskubidea egikaritzeko baliabide nagusi gisa erabilita.

Baina, etxe huts horiek alokairuan jarri aurretik, ezinbestekoa da etxe hutsen katalogo zehatz bat osatzea, Arriolak berak onartu baitu gaur egun ez dagoela etxe hutsen errolda ofizialik. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako Marce Garciak esandakoaren arabera, Konstituzionalak legea eten zuenean eskatu zioten katalogoa egiten hasteko Etxebizitza Sailari. “Baina ez dute egin oraindik, eta katalogo hori osatu behar da bestelako edozein neurri hartu baino lehen, kanona aplikatzen hasi baino lehen, alokairu behartuak edo desjabetzeak egin baino lehen; eta lan nekeza izango da”. Izan ere, etxe jabe bakoitzari aukera eman behar zaio etxe hori hutsik edukitzearen arrazoiak aurkezteko, eta horrek asko atzera dezake guztia.

“Dena den, gure ustez, ona da Auzitegi Konstituzionalak legea ontzat jo izana, etxebizitza eskubidea bermatzeko tresna oso baliagarriak jartzen dituelako administrazioen esku”. Aurrerantzean hartuko diren neurrien eraginkortasuna borondate politikoaren araberakoa izango dela gaineratu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>