Hondakinak ez dira zaborra

Hondakinak ez dira zaborra

Aitziber Arzallus

Urtebete pasatxo da Urola Erdiko Mankomunitateak tamaina handiko hondakinen bilketa sistema aldatu zuela. Ordura arte, herritarrek astean behin bota zitzaketen bolumen handiko hondakinak zaborretara: beste edukiontzien alboan uzten zituzten, eta kamioia pasatzen zen haien bila. Iazko uztailaren lehenetik, ordea, bi aukera dituzte herritarrek: bata, zuzenean Garbigunera eramatea; eta, bestea, Emaus kooperatibara deitu, eta hondakin horien bila etxera etor daitezela eskatzea. Bilketa sistema aldatu eta urtebetera, egungo egoeraren berri eman du mankomunitateak. Haren arabera, “hobera” egin dute bilketa datuek: hirukoiztu egin da berrerabiltzen diren hondakinen kopurua, eta erdira jaitsi zabortegira bideratutakoa. Era berean, biltzeko modua aldatu zutenetik, herritarrek tamaina handiko hondakin gutxiago uzten dute kalean, eta “nabarmen” igo da Emausek jasotzen duen dei kopurua. Horregatik, herritarrak “zoriondu” egin ditu mankomunitateak.

Inma Puerta Emauseko Trapuketariak kooperatibako zuzendariaren hitzetan, “esanguratsuak” dira zenbakiak. Aurten, urtarriletik abuztura, Urola erdialdeko herritarren 661 dei jaso dituzte Emauseko Trapuketariek; iaz aldi berean baino %234 gehiago. Horren ondorioz, 128.279 kilo hondakin bildu dute etxez etxe; iaz garai berean baino %252 gehiago. Aldiz, asko jaitsi da kalean jaso duten hondakin handien kopurua: 10.575 kilo, iaz baino hamar aldiz gutxiago.

Hondakinen berrerabiltze tasa hirukoiztu egin da etxez etxeko bilketa handituta, horixe baita Emaus kooperatibaren zereginetako bat, ahalik eta hondakin gehiena berrerabiltzea. “Askok zaborra dela uste dutena hala ez dela baieztatu dugu guk. Urtean, 1,9 milioi kilo hondakin kudeatzen ditugu, eta %70 berrerabiltzea lortzen dugu”, azaldu du Puertak. Iaz, urtarriletik abuztura, 23.035 kilo hondakin berrerabilgarri bildu zuen Emausek Urola erdialdean; aurten, epe berean, 40.930 kilo izan dira, %78 gehiago. Hala ere, Puertak uste du herritarrek ez dutela kontzientziarik berrerabilpenaren inguruan. “Ez dira ohartzen norberak nahi ez duen hori zenbateraino izan daitekeen baliagarria beste batentzat. Adibidez, altzarien kasuan, oso garrantzitsua da zerbitzua eskatu duen herritarrak nola desmuntatu duen jakitea. Kontu handiz ibili bada, berrerabilerarekin sentsibilitate handia badu, eta nola desmuntatzen den baldin badaki, bermatuta dugu altzaria beste etxebizitza batean erabiltzeko moduan egongo dela”.

Kontzientzia hori lantzen hasteko, mankomunitateko herrietan bildutako hondakinekin erakusketak antolatu dituzte Azpeitian eta Zestoan. Erakusketa horietan ikus zitekeen posible dela etxebizitza bat elementu berrerabiliekin soilik janztea eta apaintzea.

Emauseko Trapuketariek, ostera, bai, haiek ondotxo dakite berrerabiltzea zein garrantzitsua den. Ekimen sozialeko eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba horrek duela 37 urte hasi zuen ibilbidea Gipuzkoan, bazterketa egoeran edo hura jasateko arriskuan dauden herritarrak lan mundura sartzeko helburu bakarrarekin. 34 langile ditu gaur egun, horietatik 30 lan kontratu finkoarekin; emakumezkoak dira erdiak.

Kooperatibak ez du jasotzen inolako diru laguntzarik, eta hondakinen kudeaketa du diru iturri. Berrerabiltzeko moduan dauden hondakinak salduz ateratzen du diru sarreren parterik handiena, eta zenbait mankomunitatetan ematen dituen zerbitzuei esker gainontzekoa. “Hondakin ez-arriskutsuen eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimenduak gara gu, eta baita berrerabilerarako prestatze gune baimendua ere”, zehaztu du Puertak.

Donostiako Belartzan duten egoitzara eramaten dituzte etxez etxe biltzen dituzten hondakinak. “Hiru gune ditugu han: salmenta gunea, deskarga gunea eta biltegia. Biltegian daukagu ehunen sailkatze gunea baita berrerabiltzeko prestatzen ditugun piezak ere”. Hondakinak, biltegira eraman, eta pisatu egiten dituzte aurrena. Gero, sailkatu egiten dituzte, motaren arabera; eta, ondoren, bereizi: berrerabiltzeko moduan daudenak eta ez daudenak. Gailu elektrikoak, berriz, tailerrean ikuskatzen dituzte. Salmenta gunera bideratzen dituzte berrerabil daitezkeenak, eta beste ingurumen kudeatzaile batzuen esku uzten dituzte gainontzekoak. Puertaren hitzetan, urtean 80.000 lagunek egiten dituzte erosketak Belartzan daukaten dendan.

Doako bilketa zerbitzua

Mankomunitateak gogoratu du Emaus kooperatibarekin duela kontratatuta bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbitzua. “Berrerabiltzeko moduan dauden eta ez dauden hondakinak jasotzen ditu Emausek; guzti-guztia biltzen du”. Hondakin hauek jasotzen ditu: tresna elektriko eta elektronikoak (telebistak, irratiak, garbigailuak, berogailuak…); egurrezko, metalezko eta beirazko osagaiak dituzten altzariak (armairuak eta antzekoak, mahaiak, gau mahaiak, besaulkiak, sofak…); oheak, andak, somierrak eta lastairak; mota guztietako arropa eta oinetakoak; eta jostailuak, liburuak eta antzeko beste edozein objektu.

656-78 95 74 telefono zenbakira deitu, eta ordua jarri behar izaten da zerbitzu hori baliatu ahal izateko. Gero, Emauseko langileak etxera joaten dira hondakinak jasotzera. Herritarrei eskatzen dioten bakarra da altzariak desmuntatuta izan ditzatela eurak joaten direnerako. Etxeko gela bat husten duten bakoitzean —lau metro koadro edo 200 kilo hondakin gehienez—, eta nahi beste alditan erabil daiteke zerbitzua. Doakoa da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.