Kronologia

1950eko hamarkadaren hasieran talidomida sintetizatzea lortu zuen Alemaniako Grunenthal botika enpresak. Ibilbide luze baten kronika hasi zen orduan.

1954. Talidomidaren patentea lortu zuen Grunenthalek. 1954an botikak garatu eta saltzeko araudien zorroztasunak ez zuen zerikusirik egungoekin. Alemanian ez zegoen Medikamentuen Legerik.
1957. Contergan izenarekin, talidomida saltzen hasi ziren Mendebaldeko Alemanian, 1957ko urrian. Lasaigarri eta lo eragile gisa komertzializatu zuten. Botiken froga teratogenikoak esperimentazio fasean zeudenez, talidomidarekin ez zituzten egin botikak malformaziorik sortzen ote zuen jakiteko frogarik.
1959. Gipuzkoan 1959an hasi ziren talidomida komertzializatzen, honako botiketan: Imidan, Varilal, GlutoNaftil, Softenon, Noctosediv, eta Enero-Sediv. Grunenthal izan zen banatzailea.
1961. Talidomidak izan zitzakeen ondorio teratogenikoei buruzko lehen susmoak iritsi zitzaizkion Grunenthali. 1961eko azaroan fisikari alemaniar batek eta ginekologo australiar batek zituzten frogak bidali zizkioten botika enpresari.
1961-1962. Alemanian talidomida zuten botikak merkatutik erretiratzea erabaki zuen Grunenthal enpresak. Talidomida komertzializatu zuten gainerako herrialdeetan apurka-apurka joan ziren erretiratzen, 1962an zehar.
1963. Espainian 1963ko urtarrilean debekatu zuten, ofizialki, talidomidaren salmenta. Avite talidomidak kaltetutakoen elkartearen arabera, ordea, debekuak debeku botika errezetatzen eta saltzen jarraitu zuten. Grunenthalek ia bost milioi pilula komertzializatu zituen, eta Avitek dio 1975 arte ez zituztela denak erretiratu.
2004. Espainiaren administraziopean bizi diren kaltetuek dagokien kalte-ordaina eta aitortza izan dezaten Avite elkartea sortu zuten talidomidaren hainbat biktimak. Gaur egun, hamahiru kide dira Gipuzkoako taldean.
2012. Justiziara jo zuen Avitek, eta 2012ko otsailean Grunenthal Pharmaren kontrako salaketa aurkeztu zuen Madrilgo Lurralde Auzitegian.
2013. Grunenthal zigortu eta kaltetu bakoitzak onartua duen elbarritasunaren batez bestekoaren araberako kalte-ordaina zehaztu zuen Madrilgo auzitegiak. 20.000 euro puntu bakoitzeko.
2015. Grunenthalek aurkeztutako helegiteari erantzunez, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Madrilgo auzitegiaren ebazpena. Kalteak jaiotzetik ezagunak zirenez, adin nagusi bihurtu eta urtebeteko epea zuten farmazia enpresaren kontra egiteko.
2016. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2016ko uztailean berretsi zuen Gorenaren epaia. Estrasburgora jo zuen Avitek.
2017ko uztaila. Iazko uztailean Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak erabat itxi zuen talidomidak kaltetuek Grunenthal Pharmaren aldetik ezer jasotzeko bidea. Gorenak eta Konstituzionalak kaleratutako epaiak babestu, eta Estrasburgok ontzat jo zuen Espainiako auzibidean egindako ibilbidea.
2018ko maiatza. Espainiako aurrekontuetan 20 milioi euroko diru partida onartu zuen PPren gobernuak, kalte-ordainetarako.
2018ko ekaina. Espainiako Gobernua PSOEren esku gelditu ostean, talidomidaren diru partida jasotzen zuen puntuari zuzenketa jarri zion PPk, kalte-ordainak ia hamar aldiz biderkatzen zituena. Ekainaren 28an bozkatu zuten, eta aurrera atera zen PSOEren kontrako botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Diru partida hori garatuko duen dekretua onartzeko zain daude Aviteko kideak.