Gizarteratzeko ahalduntzen

Gizarteratzeko ahalduntzen

Ikerne Zarate

Gaixo edo egoera kalteberaren batean dauden pertsonak biltzen dituzten elkarteen errealitatea gizarteratzea du helburu Bideak Zabalduz proiektuak. Errealitatea gizarteratzea, pertsona horiek ahalduntzea eta guztiak komunitatearen parte sentiaraztea. Agisas Gipuzkoako Gizarte Integratzaile eta Animatzaile Soziokulturalen Elkarteak jarri zuen martxan proiektua, 2016an.

Elkarteko gizarte proiektuen koordinatzaile orokorra da Julen Ulanga Ganuza, eta, azaldu duenez, gizarte dinamizatzaile diren neurrian, komunitatean dinamizazio lana egitea da haien zereginetako bat: “Hainbat kolektiborekin lan egiten duten elkarteekin elkarlanean aritzeko aukera eman digu Bideak Zabalduz proiektuak, eta baita komunitatearen parte den aniztasun hori gizarteratzeko ere”.

Hainbat elkarterekin aritzen dira lanean. Aurten, esaterako, Agisas elkarteaz gain, Bizi Bide Gipuzkoako Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromearen Elkartearekin, Gielmar Gipuzkoako Elbarriak Martxan elkartearekin, eta Gipuzkoan bularreko minbizia izan duten emakumeak biltzen dituen Katxalin elkartearekin.

Ulangak nabarmendu du “hainbat fase” dituela Bideak Zabalduz proiektuak. Besteak beste, elkarteek film laburrak egiten dituzte beren egoera azaldu, dituzten beharrak gizarteratu eta komunitatearengana hurbiltzeko. Azken emaitza da hori, baina askoz sakonagoa da horra iritsi arteko bidea: “Film laburra ikusiko du jendeak, baina lanketa sakona dago atzean azken emaitza horretara heldu aurretik. Tailerretan parte hartzen dute proiektuetan aritzen diren guztiek”.

Autoestimua eta ahalduntzea lantzen dituzte tailer horietan. “Hiru hilabetez, horretan aritzen gara lanean Agisaseko kideok, ahalduntzean eragin eta autoestimua lantzeko”. Egileek eurek erabakitzen dute film laburren bidez zein mezu gizarteratu nahi duten: “Erabat askea da aukera hori. Elkarte bakoitzak erabakitzen du zer mezu bidali nahi duen eta zer erakutsi nahi duen. Aholkuak ematen dizkiegu guk”.

Joan den martxoan aurkeztu zituzten film laburrak Donostian, eta herriz herri zabaltzen ari dira orain. Helburu horri segika sortu zuten, iaz, Hedatuz proiektua, eta Errenteriara helduko da gaur; Tolosan eta Eibarren izan dira aurretik. Niessen kulturgunean egingo dute Agisas elkartearen ekitaldia, 19:00etan. Bi film labur emango ditu Bizi Bide elkarteak: Elkartearen erreportajea batetik, eta Vivir bajo sospecha bestetik. Gielmar elkarteak La igualdad eskainiko du; eta Katxalinek, Puertas abiertas aunque la vida no siempre sea de color de rosa. Proiektuan parte hartu duten elkarte guztien artean egindako Cosas de mayores film laburra ere jarriko dute. Gaur Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela baliatuta, Katxalin elkarteak iaz egin zuen lan bat ere emango dute Niessenen: Hablemos de cancer.

Elkarteko kideak eta boluntarioak dira film laburretako aktoreak, eta Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolaren laguntza izan dute. Euskarazko azpidatziak eta gorrentzako keinu hizkuntza txertatu dituzte edizioan, ahalik eta herritar gehienengana iristeko. Hainbat egoera gizarteratzeko balio dute filmek, baina balio artistikoa ere badutela nabarmendu du Agisas elkarteko kideak. Horren adibide da iaz Gilmar elkarteak egin zuen La barbería lana. Begiradak Nazioarteko Zinemaldi Amateurreko lehen saria irabazi zuen elbarritasunen bat duten kolektiboen atalean.

Filmak ikusteaz gain, bertako protagonisten bizipenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Niessen aretora doazenek. “Eguneroko zailtasunak, komunitateak kontuan eduki beharrekoak… Bideak Zabalduz proiektuak eurei zer eskaini dien ere kontatuko dute”, azaldu du Ulangak. “Motibazioz gainezka aritzen dira lanean, eta, esperientzia horri esker, aurrerapausoa ematen dute ahalduntzean”.

Emozio handiko eguna

Agisas elkarteak hausnarketarako bidea zabaldu nahi du proiektuarekin. “Filmak ikusiz eta protagonistei entzunez, jendea jabetu dadila gizarteko aniztasunaz eta kolektibo askoren beharrez. Finean, komunitateari dagokio hausnarketa hori egitea eta hobetu beharrekoetan eragitea; eta ez soilik gizarte eragileei eta profesionalei. Baliabideak erraztea eta arazoei aurre egitea ere badagokio komunitateari”.

Emozioen mundura jauzi egingo dute gaur; Ulangak ez dauka zalantzarik horretan. “Besteak beste, fibromialgia edo neke kronikoa duen pertsona batek lana aurkitzeko zer zailtasun dituen kontatuko du filmean, eta baita bide horretan zer jarrerarekin topo egiten duen ere”.

Garrantzitsua da errealitate horiek kontatzea, eta are garrantzitsuagoa entzuteko eta ikusteko prest dauden herritarrak pantailaren aurrean jartzea. Neurri bereko garrantzia dauka Agisas elkarteak pertsona horiek guztiak integratzeko eta komunitatearen parte izateko egiten duen lanak. “Herritar guztiei” egin die gonbita Agisas elkarteko kideak, eta baldintza bakarra jarri dute bertaratzeko: usaina duten kolonia, krema, lozio eta bestelakoak saihestea, bertaratuko diren hainbati kalte ez egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.