“Laguntza inoiz ez da nahikoa”

“Laguntza inoiz ez da nahikoa”

Unai Zubeldia

Minbiziak ez dauka ez adinik, ez sexurik, eta ezta gizarte mailarik ere. Inor ez dago salbu”. Eta horregatik murgildu da Asgicer, Gipuzkoa Minbiziaren Aurka elkartea, minbiziaren aurkako borroka etengabean. Fernando Pesquera (Donostia, 1948) da elkarte sortu berriaren presidentea. Azken urteotako prebentzio lanarekin “harro” dagoen arren, “minbizi kasu berri asko” sortzen ari direla ohartarazi du. “Horregatik hasiko gara urtarriletik aurrera eskolekin elkarlanean. Oso garrantzitsua da neska-mutikoek ume-umetatik minbiziaren arriskuen inguruko informazioa jasotzea”.

Joan den urtarrilean, gatazka egoera baten ondorioz hasi zen mamitzen Asgicerren proiektua. AECC Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartean, Gipuzkoako presidente izan zen Pesquera hamabi urtez. “Baina desadostasun asko geneuzkan azkenerako”. Harremana gaiztotuta, dimisioa ematea erabaki zuten Pesquerak berak eta bere konfiantzazko lantalde osoak. Tarte batez atseden hartzea erabaki zuen donostiarrak. “Baina berehala jaso nuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren deia, Gipuzkoan minbiziaren aurka lan egingo zuen elkarte bat sortzeko proposamena eginez”.

“Ilusioz gainezka, baina beldur pixka batekin”, ekin zion elkarteak bideari, eta, “hutsetik hasita”, berrehun bat bazkide dauzkate gaur egun. “Ez goaz, agian, nik neuk nahiko nukeen erritmoan, baina nabarmen hazten ari gara. Etengabeko ahaleginak saria jasotzen du normalean”. Hamar kidek osatzen dute zuzendaritza batzordea, eta hiru mediku ikertzaile dauzkate tartean. “Guretzat ezinbesteko arloa baita ikerkuntza. Gipuzkoan eta Euskadin lan ona egiten da ikerkuntzan, baina inoiz ez da nahikoa”.

Psikologo bat ere badaukate Asgicerren, eguneroko beharrei aurre egiteko. “Donostia ospitalean lan egiten du, eta gure elkartean egoten da ostegunetan”. Asgicerrek elkarlan hitzarmen bat sinatuta dauka Donostia ospitalearekin. “Eta astero txosten bat bidaltzen digute zenbat gaixo artatzen ari diren eta zer tratamendu jasotzen ari diren azaltzeko”. Etorkizunean Onkologikoarekin ere lan hitzarmen bat sinatzeko erronka dauka elkarteak.

“Guk ez dugu sendatzen minbizia, baina gaixoari eta familiari bizi kalitatea hobetzen laguntzen diegu”. Pesquerak gogora ekarri du “berrehun minbizi desberdin” daudela gaur egun. “Eta horrek asko zailtzen du lana”. Desio bat dauka: “Egunen batean elkartea itxi eta etxera joateko aukera izatea. Minbiziari aurre egin diogula esan nahiko luke horrek”. Zoritxarrez, ordea, erronka hori ez da samurra izango. “Minbizi kasu batzuetan ikerketa asko egiten baita, baina beste asko aztertu ere ez baitira egiten, gutxiagori eragiten dielako”.

Asgicerreko presidenteak azaldu duenez, gaur egun ia 60.000 herritarrek daukate minbizia Gipuzkoan. Errealitate horren jakitun, Donostiako egoitza sendotzea da lehen erronka. “Eta, ondoren, pixkanaka saiatuko gara Irun, Tolosa, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Arrasate… herri horietara guztietara zabaltzen”.

Urte askoan erretzaile izandakoa da Asgicerreko presidentea. “Hiru tabako pakete erretzen nituen lehen, pentsa”. Duela hamalau urte utzi zion erretzeari, eta erretzaileek pauso hori eman dezaten datu argigarria eman du jarraian: “Birikako minbizia daukaten herritarren %90 erretzaileak dira. Oso argia da erretzearen eta gaixotasunaren arteko lotura”. Duela hamar-hamabost urte baino “askoz kontzientzia handiagoa” dago arlo horretan. “Baina jendeak asko erretzen du oraindik”.

Kasuen %10, hereditarioak

Prebentziorako bideetako bat besterik ez da erretzeari uztea, guztiari ezin baitzaio muga jarri. “Minbizi kasu guztien %10 hereditarioak dira. Ehunekoari begiratuta, ez du asko ematen, agian, baina kopuru handia da azkenerako. Bada, arlo hori ia-ia ikertu ere ez da egin oraindik”. Pesqueraren hitzetan, “gai delikatua” da osasunarena. “Eta, askotan, osasun arazoak izan arte ez dugu jakiten nola erreakzionatu”. Alde horretatik, Asgicerren ateak alderik alde zabalik daudela azpimarratu du elkarteko presidenteak. “Bai baitakigu laguntzarik txikiena ere oso lagungarria izaten dela askotan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.