“Nire ametsa beti izan da hiztegigintzatik bizitzea; nirvanan nago orain”

“Nire ametsa beti izan da hiztegigintzatik bizitzea; nirvanan nago orain”

Aitziber Arzallus

Traje beixa soinean, kapela marroia buruan, irribarrea ezpainetan eta ehunka paper besapean dituela azaldu da hitzordura Mikel Morris Pagoeta (Denver, Colorado, AEB, 1957). Esku artean duen “erokeriaren” parte txiki bat da ehunka paper horiena. Orain arte sekula inork egin duen euskara-ingeles / ingeles-euskara hiztegi handiena eta osoena prestatzen ari da. Aurten ingeles eskolak emateari utzita, aurrerantzean hiztegiari eskaintzeko denbora gehiago izango duela dio, eta, ondo bidean, hiruzpalau urtean bukatua izango duela.

Mikel edo Michael?

Jatorriz, Michael Eduard; nortasun agirian, Mikel Edorta; akademian, Michael; bestela, Mikel; eta Zarautzen, Morris.

Ama euskalduna zenuen?

Ez.

Eta nolatan da Pagoeta zure bigarren abizena?

Munduan zehar, abizen bat bakarrik dute espainiarrak ez diren askok. Niri, espainiar herritartasuna lortzeko, bigarren abizena edukitzea inposatu zidaten. Pagest zen nire amaren abizena, baina ez nuen Pagest jarri nahi, eta, horri bueltaka nenbilela, Pagoeta jartzea bururatu zitzaidan. Kostatu zitzaidan ofizial egitea, baina, lortu nuen: Mikel Edorta Morris Pagoeta naizela dio nire nortasun agiriak.

Umetan leku askotan bizi izandakoa zara: AEBetan Coloradon, Oklahoman eta Mississippin; Angolan ere bai… Zergatik horrenbeste lekualdatze?

Aitaren lanagatik. Ez dakit zergatik, baina bi urtetik behin bizilekua aldatzen genuen.

Nola bizi izaten zenituen lekualdatze haiek?

Oso gaizki. 7 urte nituela, Oklahomara bizitzera joan ginen, eta oso gaizki hartu nuen. Pixka bat ohitu nintzenean, Angolara gindoazela esan zidaten. Han ohitu nintzenean, berriz gauza bera, Mississippira gindoazela; hura izan zen lekurik okerrena. Azkenean, Coloradora itzuli ginen, baina beste leku batera. Izugarrizko nahastea nuen ordurako.

Euskal Herrira zeure erabakiz etorri zinen. Zergatik?

Euskaragatik etorri nintzen. Banekien euskaldunak bazirela. Noizbait egunkarian euskal-frantsesei buruzko zerbait irakurria nintzen, eta behin erabat txundituta utzi ninduen ikusi nuen film batek. Euskaldunak eta indiarrak ageri ziren film hartan, elkarren kontra borrokan. Mendira joatean, sekulako irrintziak egiten zituzten euskaldunek, harriz harri salto egiten zuten, eta, gainera, indiar guztiak akabatu zituzten. Aho zabalik gelditu nintzen, eta pentsatu nuen noizbait ezagutu behar nituela euskaldun haiek. Gero, high school-en, kubatarra nuen espainierako irakaslea, baina asko gustatzen zitzaion Iruñea. Urtero talde bat ekartzen zuen Iruñera, eta haren bitartez lortu nuen etortzea.

Noiz eta non entzun zenuen lehen aldiz euskara?

Lekunberrin. Hizkuntza arraro bat hitz egiten zutela ohartu nintzen, eta espainieraz esaten zituzten biraoak bakarrik ulertzen nituela. Orduan konturatu nintzen haiek hitz egiten zutena euskara izango zela. Francoren azken urtea izango zen, 1974a.

Hizkuntza hura ikasi behar zenuela erabaki zenuen.

Bai. Liburutegi batean erosi nuen liburu bat: Cómo aprender vasco fácilmente. Harekin saiatu nintzen Coloradora itzuli nintzenean, baina ezinezkoa zen. Gerora, unibertsitate ikasketak bukatuta, berriro etortzea erabaki nuen. Beasainen jarri nintzen bizitzen, eta Alkartasuna lizeoko irakasle gelan egoten uzten zidaten. Bati eta besteari galdetuz, asko aurreratu nuen han, eta baserri batean morroi ere egon nintzen.

Garai hartan arraroa izango zen Euskal Herriarekin inolako loturarik ez zuen bat horrelako grinarekin euskaraz ikasten jardutea, ezta?

Egundokoak entzun behar izan ditut askotan: CIAkoa nintzela uste zuten batzuek Beasainen bizi nintzenean.

Garai hartan hasi zinen lehen euskara-ingeles / ingeles-euskara hiztegia egiten. Nolatan?

Konturatu nintzelako ez zegoela zuzenean ingelesetik euskararako eta euskaratik ingeleserako hiztegirik. “Egin zeuk” esan zidaten, eta horretan hasi nintzen. Paperean hitzak idazten hasi nintzen, gero eta gehiago eta gero eta zailagoak, eta gaur arte.

Zergatik erabaki zenuen Euskal Herrian gelditzea?

Hiztegiagatik, hasitako lana bukatu nahi nuelako. Pena ematen zidan ordura arte egindako lana zakarrontzira botatzeak, eta bukatu arte geratzea erabaki nuen. Azkenean, hemeretzi urte behar izan nituen hiztegia bukatzeko, eta ordurako banituen hemen geratzeko beste arrazoi batzuk, hemengo bikotekidea topatu bainuen.

Zergatik aukeratu zenuen Zarautz?

Iruñekoa da emaztea, baina nik ez nuen han bizi nahi. Hitzarmen bat proposatu nion: esan nion ez ginela AEBetan biziko, baina ezta Iruñean ere, Gipuzkoan bizi nahi nuela. Berak baietz, baina ez zuela herri txiki batean bizi nahi, eta ezta Donostian ere. Donostian lortu nuen lanpostua, eta bi aukera genituen handik gertu samar bizitzeko: Hondarribia eta Zarautz. Biak politak, baina Zarautz askoz euskaldunagoa. Horregatik aukeratu genuen Zarautz.

1988an Morris Academy ingeles eskola zabaldu zenuen Zarautzen. Nolatan?

Behartuta. Nire ametsa beti izan da hiztegigintzatik bizitzea; nirvanan nago orain. Baina diru laguntza txiki bat besterik ez nuen orduan, nire emazteak ez zuen lanik egiten etxetik kanpo, eta hiru seme-alaba genituen. Hezkuntzan sartzen saiatu nintzen, baina ez zidaten utzi, Espainiako tituluak behar nituelako, eta eskola ireki behar izan nuen, azkenean. Zarautzen ireki nuen aurrenekoa, eta, gerora, Azpeitian beste bat. Baina saldu egin nuen Azpeitikoa, gauza gehiegi nituelako, eta ez naizelako enpresaburu horietakoa; oso ameslaria naiz ni.

Ingelesa ikasteko akademiak gehiago ere izango ziren. Zer gauza berri eskaini zenuen zuk?

Ingelesa euskararen bitartez irakasten hasi nintzen ni. Garai hartan espainieraren bitartez irakasten zen beti, Azpeitian ere bai. Hango eskoletan esan zidaten nire metodoa ez zitzaiela askorik interesatzen, ikasleek espainiera ondo ez zekitenez, ingelesa ikasteak mesede egiten zielako espainiera ikasteko. Nik uste dudana da bi hizkuntza baldin badakizkizu biak erabili behar direla beste bat ikasteko, biak direla baliagarriak, zeren ingelesak, batzuetan, euskararen antz handiagoa baitu espainierarena baino.

Aurten 30 urte dira Morris Academy sortu zenuela, eta indartsu dirau eskolak. Zarauzko ikastegia handitu berri duzue, eta iaz beste bat zabaldu zenuten Hernanin.

Alabaren kontuak dira horiek. Orain hura da Morris Academyren arduraduna; gaztea da, energiaz beteta dago, eta makina bat da. Oso ondo daki ingelesez, euskaraz eta espainieraz, teknologian aditua den bikotekidea du, amerikarra eta gerora hemen bizi nahi duena, eta ideia pila bat dauzkate biek. Oso talde ona osatzen dute bien artean.

Eskolak emateari utzi diozu aurten. Zertan pasatzen duzu eguna orain?

Nahikoa zeregin daukat orain ere. Hiztegia egiten pasatzen ditut eguneko ordurik gehienak, golfean jokatzen hasi naiz berriro, pianoa ikasten ere bai, eta gustuko dut bizikletan ibiltzea eta korrika egitea. Bidaiatzeko ere denbora gehiago izango dut orain; nire pasioa da.

Hiztegiengatik ezagutuko zaituzte askok, zureak baitira euskara-ingeles / ingeles-euskara Morris hiztegiak. Zenbat hiztegi dituzu kalean?

Morris Student, Morris Student Plus, Morris Pocket eta Morris Magnum. Azken hori bukatu zenean, ez berritzea erabaki nuen, esku artean daukadana izango baita hurrengoa. Orain arteko handiena izango da: hitz bat euskaraz eta ingelesez nola idazten den azalduko da bertan, zer esan nahi duen, eta baita jatorrizko hizkuntzan nola idazten den ere.

Noizko bukatzea espero duzu?

Orain erretiroa hartuta, hiruzpalau urte barru bukatua izatea da nire asmoa. Ez dakit paperean argitaratuko dugun edo Interneten jarriko dugun. Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin beharra daukat laguntzeko prest dagoen ala ez jakiteko, baina egin egingo dut, haren laguntzarekin edo laguntzarik gabe.

Euskara-ingeles eta ingeles-euskara esparruan ez daude hiztegi gehiegi ere. Gutxi batzuen esku izan duzue monopolioa.

Bai, baina espainierazko hiztegiak dira nire lehiakiderik handienak: Oxford eta Collins, hain zuzen. Haietara jotzeko ohitura handia du jendeak, nahiz eta euskaldun peto-petoak izan eta 128 abizen euskaldun izan.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Pila bat. Youtuben kanal bat egin nahi nuke bidaietako bideoekin, leku bakoitzeko historia eta istorioak kontatuz, baina ikusiko dugu, oso kaotikoa bainaiz. Nire asmoen artean dago euskara-txinera hiztegia egitea ere. Diseinatuta daukat proiektu hori.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?

Zer da hizkuntza bat jakitea? Ondo samar, edozein gauzataz hitz egiteko moduan eta barre egiteko moduan, zortzi edo bederatzi: euskara, ingelesa, espainiera, portugesa, katalana, italiera, alemana, frantsesa eta afrikaansa. Txinera ikasten ari naiz orain.

Zenbat denboran ikasten duzu hizkuntza bat?

Neure metodoa dut, eta hiru bat hilabetean ikas nezake hizkuntza bat; oporretan joan eta moldatzeko moduan bai, behintzat.

Zein da etorkizuneko hizkuntza?

Ingelesarekin erraz molda zaitezke munduan barrena, baina, zalantzarik gabe, txinera da etorkizuneko hizkuntza. Berrogei urte barru Txinan egongo da munduko diruaren erdia; ingelesez salduko dute haiek, baina txineraz erosiko. Hor dago txineraren boterea; han dago etorkizuna.

Leave a Reply

Your email address will not be published.