Ramon Lopez de Mantaras: “Giza adimena duten makinak lortzetik oso-oso urrun gaude”

Ramon Lopez de Mantaras: “Giza adimena duten makinak lortzetik oso-oso urrun gaude”

Eider Goenaga Lizaso

Ramon Lopez de Mardarasek (Sans Vicenç de Castellet, Herrialde Katalanak, 1952) Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan ikasi zuen ingeniaritza elektronikoa, 1970eko hamarkadan, eta aste honetan itzuli da, hitzaldi bat ematera. Espainiako Adimen Artifizialeko Ikerketa Institutuko zuzendaria da, eta gaiari buruz hitz egitera gonbidatu zuen herenegun Mondragon Unibertsitateak.

Lehenik eta behin, zer da adimen artifiziala?

Ez dago definizio bakar bat. Adimen artifiziala informatikaren parte da, eta ordenagailuen programazioarekin du lotura, batez ere. Makina batek adimena beharrezkoa den gauzak egin ditzan lortzea da gure helburua: xakean jokatu, gaixotasunak diagnostikatu… Finean, jokabide adimenduna makinen bidez erreproduzitzea da adimen artifiziala.

Adimen artifizialarekin lotzen dira robotak, baina adimen artifiziala ez da mugatzen robotetara, ezta?

Ez, robotika baino askoz zabalagoa da adimen artifiziala; eta, bestalde, robotikak ere ez du beti adimen artifiziala erabiltzen. Bi arlo ezberdin dira, baina askotan gurutzatzen dira.

Robot xurgatzaileak, adibidez, badu adimen artifiziala?

Bai, badu. Xurgagailuaren algoritmoek bermatzen dute robotak pasatu gabeko txokorik ez uztea, eskaileretan behera ez joatea… Duela hamabost bat urte, algoritmo horiek ikertzen zituzten adimen artifizialeko ikertzaileek; ez xurgagailuak egiteko helburuarekin, baizik eta mugimendua zuten robotak segurtasunez, erori gabe eta edonon ibil zitezen. Oso teknologia oinarrizkoa dirudi egun, adimen artifizialean asko aurreratu delako.

Gaur egun zein da adimen artifizialaren errealitatea?

Puztuta dago jende askok duen irudia. Azken urteetan asko aurreratu den arren, ez dago jendeak uste bezain aurreratua. Adimen artifizialaren errealitatea zein den azaltzea da, hain zuzen, hitzaldiaren helburua. Eta jendeak uste duenaren kontra, giza adimena duten makinak lortzetik oso-oso urrun gaude. Adimen artifizialak, oraingoz, zerikusi gutxi du giza adimenarekin; hori behin eta berriro azpimarratu dut hitzaldian.

Adimen artifizialak lan merkatuan duen eragina aztertu duzu hitzaldian.

Argi dago adimen artifiziala garatzen den neurrian aldatu egingo dela lan merkatua. Makinek gizakia ordezkatzea ez da berria, eta hori areagotuz joango da. Horrek esan nahi du langile kualifikatuak beharko direla adimen artifizialaren eta robotikaren munduan aritzeko. Lanpostu batzuk desagertuko dira, eta berriak sortu; aurreratu ezin dena da ea oreka horri nola eutsiko zaion.

“Teknologiak ez du gizakia ordezkatzen: haren osagarri da; bakoitza bere aldetik baino hobea da bien batuketa…”.

Nirea da esaldia; maiz erabiltzen dut. Konpetentzia osagarriak ditugu pertsonek eta makinek: makinak ez du izaten errealitate berri batera egokitzeko gaitasunik, ezta enpatia behar den kasuetara egokitzekorik ere; aitzitik, guk ez daukagu makina batek datuak abiadura izugarrian aztertzeko duen gaitasun hori. Adibide argi bat jarriko dizut: onkologiaren alorrean badaude irudi bat aztertu eta diagnostikoa eman dezaketen makinak, baina, noski, gero medikuak ere aztertu behar du irudi hori: adibidez, mamografia baten kasuan azterketa makinak soilik egiten badu, diagnosiaren errorea %4-5 ingurukoa da, eta berdina gertatzen da medikuak bakarrik egiten badu; bien batuketak, berriz, %0,5era jaisten du errorea, bakoitzak gauza ezberdinei erreparatzen dielako eta akats ezberdinak egiten dituelako.

Pribatutasunaren galera ere adimen artifizialarekin lotzen duzu.

Bai. Arazoa ez da berria, baina adimen artifizialak are gehiago galarazten du pribatutasuna. Adimen artifizialean oinarrituta daude Facebook, Google eta abarrek erabiltzen dituzten algoritmoak, eta gai dira erabiltzailearen profil oso zehatza egiteko.

Zinemak eta literaturak zenbateko kaltea egin diote adimen artifizialaren irudiari?

Irudi okerra ematen dute adimen artifizialaz eta robotika adimendunaz, eta kalterako da hori. Halakoetan, gaiztoaren rolean agertzen dira robota eta adimen artifiziala, gizakiaren kontra altxatzen dira, eta badago hori sinisten duen jendea. Nik uste dut zentzu kritikoa duen edonork badakiela hori ez dela egia, baina beti gelditzen da zerbait, eta badu eragina iritzi publikoan.

Zure beste esaldi bat da ondorengoa: “Makinak ez dira gaiztoak, teknologia ez da gaiztoa; gaiztoak gizakiak dira”.

Noski, arriskua ez dute makinek eragiten, teknologia horrekin egiten den erabilera okerrak baizik. Gizakiak programatzen ditu makinak, eta, beldurra, izatekotan, makinaren programatzaileari izan behar zaio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.