Txotxongiloz inguratuta

Txotxongiloz inguratuta

Beñat Alberdi

Umetan ohikoa izaten da objektu animatu gabeekin jolastea, izan panpina, izan baloia. Gaztaroarekin ere lotzen dira txotxongiloak, animatzen dituena heldua izan arren. Bergaran, ordea, hamalaugarren aldiz, hautsi egin nahi dute muga hori. Helduentzako erakustaldi bat antolatu du Taun Taun Teatroa elkarteak. Urriaren 25, 26, 27 eta 28an, txotxongiloek hartuko dute Bergara.

Bitxia da antolatzaileek heldu eta txotxongilo hitzak esaldi berean sartzea, baina Taun Taun Teatroko kide Itsaso Azkaratek argi dauka oso bateragarriak direla: “Egun, ustez haurrentzako diren hamaika formatutan prestatzen dira helduentzako ikuskizunak; animazio filmak, esaterako”. Formatutik harago, arreta edukietan jarri beharra azpimarratu du Azkaratek. “Landuko diren gai asko ez dira haurrentzako modukoak. Okerra da pentsatzea txotxongiloak direlako ikuskizuna gaztetxoenentzat dela”. Hala ere, horrek ez du esan nahi adinez nagusi direnek bakarrik ikus ditzaketenik obra guztiak.

Ikuskizunaren formatuak berak sor diezazkieke aurreiritziak helduei, baina, antolatzaileen ustez, formatu horretan bertan dago jaialdiaren gakoa eta magia. “Ezustekoa ematen dute txotxongiloen ikuskizunek. ‘Zertan ari da?’ galdetzen diote ikusleek euren buruari. Halako jakin-min bat sortzen du”.

Txotxongiloek hamaika aukera eskaintzen dute ideiak azaltzeko, eta datorren astean aukera horiek guztiak baliatuko dituzte Bergaran. “Arte mota honek zerikusi zuzena dauka autorearen estiloarekin”, argitu du Taun Taun Teatroko kideak. “Bakoitzaren estiloaren arabera, erabat aldatuz da obra guztia. Ez da panpinak mugitzea soilik; hamaika modu daude mugimenduak egiteko”.

Antolatzaileek garrantzia eman diote orotariko lanak eskaintzeari, eta hala aritu dira orain artean. 1991n antolatu zuten ekitaldia lehen aldiz, eta, harrezkero, bi urtean behin prestatzen dute nazioarteko ekitaldia. Mundu osoko 140 artista edo konpainiak baino gehiagok parte hartu dute orain arte: Australia, Txina, Peru, Espainia, Alemania…

Aurten Brunette Bros Danimarkako konpainiari egokitu zaio jaialdia hastea. Ostegunean, 20:00etan hasita, Bergarako kaleak hartuko dituzte kalejiran; Arrizuriaga parkean amaituko da, eta ostiralean, larunbatean eta igandean bertan eskainiko dute The greatest & second smallest circus in te world ikuskizuna (Munduko zirkurik onena eta bigarren txikiena). Ez da ordaindu beharko ikuskizunarekin gozatzeko, baina 70 lagunentzat tokia egongo da. Ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago, sarrerak hartu beharko dira parkean bertan. Ostiralean, Boris & Ingrid lana eskainiko du 2theatre Ingalaterrako taldeak, eta Trabajos de interior (Barruko lanak) Pasaiako Behibi’s konpainiak.

Behin beroketa lanak eginda, Iñaki Mata antzuolarrak esnatuko du Bergara larunbatean, 12:30ean. Welcome! lana (Ongietorri!) eskainiko du herriko kaleetan barrena. Arratsaldez, berriz, 20:00etan, Seminarixoan, Alicia y las ciudades invisibles lana (Alicia eta hiri ikusezinak) eskainiko du Onirica Mecanica Espainiako konpainiak. “Garai berrietara egokitutako ikuskizuna da azken hori”, azaldu du Azkaratek. “Teknologia berriak baliatzen dituzte obra guztian”.

Ytuquepintas Kataluniako taldearen txanda izango da iluntzean, 23:00etan; Jojo obra aurkeztuko dute herriko plazan. “Borja Gonzalezek hondarrarekin egiten du lan, eta txundigarria da”, nabarmendu du Taun Tauneko kideak. Hondarrez betetako argi mahai bat du lanerako tresna, eta pantaila handi batean proiektatzen ditu irudiak. Roberto White argentinarrarekin amaituko da mostra, igandean, 20:00etan, Seminarixoan. Sueños 1 lana plazaratuko du. Antzerki fisikoarekin, clown lanarekin eta objektuen manipulazioarekin etxe bateko gertaerak kontatuko ditu.

Hamasei euroko bonua eskura daiteke Seminarixoko hiru ikuskizunak ikusteko; zortzi euro balio du saio bakoitzak. Hiru euro ordaindu beharko dira gaztetxeko emanaldietarako, eta doakoak izango dira gainontzekoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.