Elkarlana indartzeko olatua

Elkarlana indartzeko olatua

Unai Zubeldia

Zubiak eraikitzen ari dira olatu artean. Taulari helduta joaten dira merkatura, itsasoari begira antolatzen dituzte kontzertuak, itsasoko urak zipriztindutako proiekzioak eskaintzen dituzte lehorrean… “Kulturak eta kirolak bat egiten dute Federarte Euskal Surf Kultura zirkuituan”, zehaztu du Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko presidente eta Euskal Herriko Surf Federazioko presidenteordeak. “Duela bi urte krisi sakona izan zuen federazioak, eta surflarien arteko harremanak lantzen ari gara orain. Krisiek, beren txarrean, aldaketarako aukera eskaintzen dutela esaten dute beti, eta hala gertatzen ari zaigu guri ere”.

Sortu berri duten txapelketen eredu berriarekin surfak “erabateko iraultza” izan duela azpimarratu du Saezek. “Dagoeneko, surfa baino zerbait gehiago da gure jarduna; balio batzuk zabaltzen saiatzen ari gara”. Eta, hain zuzen ere, balio horiek kontuan hartuta antolatuko dute bihar Federarte Euskal Surf Kultura zirkuituko bosgarren eta azken txapelketa, Zumaian. Surfeko eta bodyboardeko Euskal Herriko Txapelketarekin ekingo diote egunari, 08:30ean, baina Algorrirako irteera, Emakumea Surflari egitasmoa, surf inklusiboa, surflarien proiekzioak, kontzertuak eta DJen emanaldiak ere izango dituzte, goizaldeko ordu txikiak arte.

Behar bati tiraka, iaz hasi zen gorpuzten egitura berria. Iazko Gipuzkoako Txapelketan lehen aldiz sariak banatzera joan zen Saez. “Eta txapelketa ez, hileta ematen zuen hark. Karpa txiki bat, ia txalorik ez, jendea oso triste… Zerbait egin beharra geneukala ikusi genuen”. Esan eta egin. Gipuzkoako Surf Federazioaren ekimenez plan estrategikoa garatuta, eraberritu egin zuten Zarauzko Surf Txapelketa. “Eta orduan erabaki genuen kirolak eta kulturak eskutik helduta joan beharra zeukatela”. Oso emaitza ona lortu zuten estreinako urtean, eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako surf federazioek elkarlana indartzea erabaki zuten jarraian, egitura berri hori proba bakarrera mugatu beharrean, zirkuituko proba garrantzitsu guztietara zabaltzeko. “Alde horretatik, Katapulta Tour Gipuzkoarekin ere sinatu genuen elkarlan hitzarmena, sortu berria genuen proiektua sendotu ahal izateko”. Katapulta Tour Gipuzkoak musika taldeak uzten dizkio federazioari, jaialdi egunetan parte har dezaten. “Horrez gain, federatuta daudenen artean artistak detektatzen saiatzen gara, haiek ere emanaldietan parte har dezaten”.

Antolatzaileak “oso pozik” daude egitasmoa sendotzen ari dela ikusita. Pixkanaka-pixkanaka bidea eginez, gaur egun bost txapelketa dauzka Federarte Euskal Surf Kultura zirkuituak: apirilean, Zarauzkoa; uztailean, Gipuzkoako Txapelketa, Donostian; abuztuan, Deban; joan den urriaren 6an, Orion; eta azkena, bihar, Zumaian. “Alde horretatik, euren inplikazioagatik eskerrak eman beharrean gaude herri bakoitzeko surf eskolei eta tokian tokiko udalei; asko ari zaizkigu laguntzen”.

Surf inklusiboa, gertutik

Kirola eta kultura uztartuta, ekarpen berezia egiten ari da zirkuitua, baina pauso bat harago joaten saiatzen dira txapelketa bakoitzean. “Besteak beste, ingurumena zaintzea ere bada gure nortasunaren parte”. Eta, urrutira joan gabe, bihar irteera bat egingo dute Algorrira, hango errealitatea ezagutzeko —ez da beharrezkoa aurrez izena ematea—. “Horrez gain, berdintasuna ere lantzen dugu zirkuituan, Emakumeak Surflari egitasmoarekin”. Eta baita kirol inklusiboa ere, Gipuzkoako eta Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioekin sinatuta daukaten hitzarmenari esker. “Ekintza horiek ez dira izaten ezintasunen bat daukatenentzat bakarrik; herritar guztiekin lantzen dugu kirol egokitua”.

Zumaiako surflarien proiekzioa eta sari banaketa amaituta, musikaren txanda iritsiko da iluntzean. Deus Ez eta Rural Zombies taldeen emanaldiak izango dira lehenengo, 22:30ean hasita, eta Goiko, Huegun eta Uranga DJen txanda iritsiko da gero. “Herria dinamizatzen dugu kontzertu horiei esker”. “Gogotik” lan egin behar izaten duten arren, Saezek argi dauka iaz martxan jarri zuten bidea sendotzea dela etorkizuneko erronka. “Betidanik, ghetto baten gisakoa izan da surfaren kultura, eta hori hautsi nahi dugu pixkanaka”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.