Eta Oñati bada Eldorado?

Eta Oñati bada Eldorado?

Beñat Alberdi

Hainbat bertsio ditu Lope Agirre pertsonaia historikoak. Besteak beste, eztabaidagai dago haren jaioterria zein den: Oñati edo Aramaio. Askatzailea edo genozida izan zen ere ez dago argi. Alde horretatik, beste bertsio bat emango du bihar Oñatiko LPM taldeak. Konkistatzailearen gertaera historikoak oinarri hartuta, aldatu egingo diote testuingurua, eta Perutik herriko hauteskundeetara pasatuko da. Xehetasun horretatik harago, ordea, errealitateak badauka beste istorio bat atzean: film laburrak prestatzetik film luzeak egitera igaro den lagun talde batena, filma grabatzeko herritarrak mobilizatu dituen ekoizlearena.

Filmaren nondik norakoetan sakondu aurretik, produkzioaren sorrerarekin lotura zuzena duten bi aktore aurkeztea komeni da: Lope Agirre eta LPM ekoizlea. 1511 eta 1515 artean jaio zen Agirre. Ez dago erabat zehaztuta. Oñatiko Araotz auzoa jo izan da jaiolekutzat, baina Aramaiokoa dela aipatu dute ikerketa berriek. Agirre 1536 eta 1537 artean iritsi zen Perura, eta konkistatzaile lanetan jardun zuen han. Baina Eldorado kondairazko leku edo hiriaren bila zihoan espedizio baten buru izendatu zuten 1560an. Bestelako erabaki bat hartu zuen esploratzaile lanetan: Espainiako erreinutik bereiztea. 1561eko martxoaren 23an eskutitz bat bidali zion Felipe II.a Espainiako erregeari. Lurralde berriak konkistatu nahian zebilela, 1561eko urriaren 27an hil zuten.

Duela zazpi urte sortu zuten LPM taldea, Oñatiko Film Laburren Rallyan parte hartzeko erronkarekin. Makina bat lehiatan parte hartu du harrezkero, Oñatin, Eskoriatzan, Durangon eta Lekeition. Hamabost film labur ekoitzi dituzte. “Lagunartean ondo pasatzea izan da gure helburu nagusia, eta istorio dibertigarriak sortzea”, azaldu du Anjel Lera taldeko kideak. “Lanei ez diegu egin autozentsurarik, eta kontatzen dugun istorioari garrantzi handiagoa eman diogu alde teknikoari baino”.

Gidoiarekin, elkarlan bila

Lerak berak izan zuen ideia. “Aspalditik neukan Lope Agirreri buruzko lan bat egiteko asmoa; horri forma ematea bakarrik falta zitzaidan”, argitu du LPMko kideak. Gidoia idatzi eta taldekideei helarazi zien proposamena. Horrela sortu zen produkzio taldea, film laburretatik film luzeetara salto egingo zuen multzoa. Iraupena gorabehera, hala ere, nahiago dute filmez hitz egin.

Baina berdina al da film laburrak eta luzeak ekoiztea? LPMko kideentzat, ez. “Ikus-entzunezkoen munduan lanean dihardutenekin batu ginen”, azaldu du Andoni Galdos ekoizleak. “Lanak xehatzeko eskatu ziguten: zer lekutan grabatu behar genuen, zenbat pertsona behar genituen, janzkera…”. Lanen zerrenda osatu, eta elkarlan bila hasi ziren; hogei lagun inguruk parte hartu dute arlo teknikoan.

Aurreprodukzio lanean hasita, grabaziorako kontuak lotzen hasi ziren berehala, baina lan gehiago ere pilatu zitzaizkien: musika konposatzeko musikariak, storyboard-a marrazteko artistak, atrezzoaz arduratuko zirenak… Grabaketei ekin zieten ondoren, ekainean eta uztailean, bi asteburutan. 70 antzezlek parte hartu dute grabaketetan, eta oñatiarrak dira edo Oñatin bizi dira denak. Hamaseik hitz egingo dute, ordea; figuranteak dira gainerakoak. “Erraza izan zen aktoreak lotzea”, nabarmendu du Lerak. “Elkar ezagutzen dugu Film Laburren Rallyan parte hartu izan dugunok, eta aktore lanetan jardun dutenei aipatu genien”.

Goizean goiz hasi, eta iluntzera arte luzatu zituzten grabaketa lanak, eta erritmo hori ez da ohikoa antzezle profesionalak ez direnentzat. Giroa ezin hobea izan dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Aukera bikaina izan zen jende berria ezagutzeko ere”, zehaztu du Ane Pico Atrezzo eta Jantzien Taldeko kideak. Parte hartzaileentzat sukalde talde bat ere sortu zuten. Era berean, nabarmendu dute kalitate handiko film bat egin dutela kolaboratzaileei esker. “Kamerariek, argiztapenaz edo soinuaz arduratu direnek… guzti-guztiek lan ederra egin dute euren eremuan”, adierazi du Iñigo Palacios produkzio taldeko kideak. “Bikaina da emaitza”.

Postprodukzio lana falta zitzaien grabaketa lanak amaituta, eta kostata, baina lan hori ere bukatu dute. Bihar estreinatuko dute lana, Lope Agirre hil zuten egunean, Oñatiko gaztetxean. Ekoizpenean parte hartu dutenentzat izango da gehienbat. Etzi, ordea, bi saio ireki eskainiko dituzte Santa Ana antzokian, 17:00etan eta 18:30ean. Ez da ordaindu beharko, baina aretoan bertan eskuratu behar dira sarrerak, 16:00etatik aurrera.

LPMko kideak pozik daude egin duten bidearekin. “Pila bat ikasi dugu zinemagintzari buruz”, azaldu du Ander Ugarte Atrezzo eta Jantzien Taldeko kideak. “Ez dakit etorkizunean zer egingo dugun, baina irakasgai ederra izan da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.