Euskalgintza, esportaziorako

Erik Gartzia Egaña

Euskaldunak, hizkuntza gutxitu baten komunitateko kide moduan, parekideekiko sinpatia gisako bat senti dezake askotan. Hitzak erabat ezberdinak izan arren, sentsazio bera eduki dezake hizkuntza galtzeko arriskuaren aurrean, diglosia kasuetan edo beste hainbat errealitatetan.

Sentipen horiek ekintza bihurtu zituzten Garabide kultur elkarteko kideek, eta hizkuntza lankidetzarako gobernuz kanpoko erakunde gisa sortu ziren. Elkarlanaren oinarrian alde biek eman eta jaso egiten dutenez, Garabideko kideek euskalgintzaren esperientzia eskaini diete gainontzeko hizkuntza gutxituen komunitateei. Azken hamarkadetan Euskal Herrian egindako lana ezagutzera ematea da erronka. Garabideko kidea da Mikel Mendizabal, eta baita EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kidea eta Easo institutu politeknikoko irakaslea ere.

Mendizabalek azaldu duenez, kooperatiben mundutik sortu zen Garabide, haien filosofia txertatzeko asmoa baitzuten. Zehazki, hizkuntzaren lankidetzara bideratu zuten euren jarduna. “Gorabeherak izan dira euskalgintzan, baina, gutxienez, badira 60 urte ibilbideari ekin zionetik. Gure eskarmentua parteka dezakegu munduko beste hizkuntza gutxituetako komunitateekin”.

2011tik, ikastaro bat eskaintzen dute bi urtean behin: Hizkuntza Gutxituak Biziberritzeko Aditu Ikastaroa. Laugarren aldia da aurtengoa, eta irailetik abendura hamabi hizkuntza komunitatetako 21 lagun etorriko dira Euskal Herrira. “Garabidek urte askoan mantendu du lankidetza hainbat herri indigenarekin. Harremana daukagu indigenekin, eta, ikastaroaren berri ematen diegunean, haiek izendatzen dute Euskal Herrira etorriko den pertsona”.

Aretxabaletako Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ematen dituzte aurrez aurreko ikastaroak. Mojen komentu zahar bat atondu dute herrian, eta han hartzen dute ostatu parte hartzaileek. Ikastaroetarako Aretxabaletan elkartzen badira ere, Euskal Herri osoan barrena egiten dituzte txangoak, euskalgintzaren eguneroko lana ezagutzeko. Hainbat adibide jarri ditu Mendizabalek: ikastolak, Euskaltzaindia, euskarazko komunikabideak, Bilboko Kafe Antzokia, Ipar Euskal Herria… “Lanketa teorikoa egiten dute, batetik, eta baita lekuko bertako ezagutza ere”.

Hainbeste hizkuntza komunitate elkartuta, Babelgo dorre txiki baten antza hartzen du Aretxabaletako komentuak. Baina, Mendizabalek adierazi duenez, gaztelera ulertzea eskatzen diete ikastaroan parte hartuko duten guztiei. Ez da baldintza bakarra: “Erakunde indigenekin harremanetan jartzen gara, eta pertsona bat edo bi aukeratzeko eskatzen diegu. Euren hizkuntzan idazten eta hitz egiten jakitea da beste baldintzetako bat, eta aktibistak izatea”. Hego Amerikatik etorritakoak izaten dira nagusi, baina badira amazigen edo kurduen komunitateko ordezkariak ere. Mondragon Unibertsitatearen graduondokoa lortzen dute bertaratzen direnek, baina titulua bera baino garrantzitsuagoa izaten da Euskal Herrian izaten duten esperientzia.

Zabaltzeko konpromisoa

Titulua besapean hartuta, ondoren jarraipena egiten dietela ziurtatu du Mendizabalek. “Hemen ikusten dutena euren komunitatean zabaltzeko asmoa izaten dute. Konpromiso hori izaten dute normalean”. Ikastaroaren amaierako proiektua aurkeztu behar izaten dute, eta euren komunitatean aplikatu beharrekoa azaltzen dute bertan. “Normalean, aplikatzen dute. Hori bai, bere ibilbidea egiten du bakoitzak, eta beti ezin izaten da gauzatu aurrez uste zen guztia”.

Hala ere, dena ez da mugatzen ikasketara. Bertaratutakoek esportatu egiten dute beren esperientzia. Urrutira joan gabe, atzo arratsean Oiartzunen hitzaldi bat eman zuen Sergio Marinao maputxeen komunitateko kideak, Mai da Bai (eta ez dago ezetzik) dokumentalaren emanaldiaren ondoren. Aurretik ere egona zen Oiartzunen, eta, etorri berritan, Arritxulo aterpetxean igaro zuten asteburua. Oiartzuarra izanik, Mendizabalek egiten ditu gidari lanak: “Haiek gure inguru hau nolakoa den jabetzea da helburua, eta kosmobisioa nolakoa izan daitekeen ikustea”. Hizkuntza lantzetik harago, beste zerbait eskaini nahi izaten diete bertaratutakoei, egunerokotik ihes egiteko. Probetxuzkoa izaten ari da harremana: “Gure sustraiak eta kultura non dauden jabetu daitezen nahi dugu. Teoria arloan horrek lagundu egingo diela uste dugu. Lanean hasita gure kulturaren oinarria eta jatorria zeintzuk diren ulertzen badute, errazago barneratuko dute dena”.