Ez da ezbehar kimiko larri bat

Danel Agirre

ETBk prime time-rako gorde ohi dituen formatu horietako baten sinopsia dirudi: Alemaniako familiari astebetez Euskal Herria erakustea tokatu zait. Jende horrek planak garaiz egitearena oso serio hartzen duenez, duela bi urtez geroztik zehaztuta neukan bidaiaren data, eta teniseko aulkiko epailearen sindrome moduan izendatu dudanaren aurka immunizatzeko erabili nuen tarte hori. Ezkerrean, etxekoak; eskuinean, gonbidatuak; eta, tartean, ni: lepoari jiraka eman ditut orduak, sake-errestoak erraztu nahian. Hizkuntza komunik ez zegoenean, itzultzaile lanetan aritu naiz. Batzuen edo besteen kontakizunak ulertzeko erreferentziak falta zirenean, kultur bitartekari ere bai.

Zoragarri atera da guztia. Bataila handiak irabazteari uko egin diogun garaiotan, apenas geratzen den maitasunez hospitalitatea oparitzea baino ekintza iraultzaileagorik. Anfitrioiarentzat mauka biribila suertatu ohi da, gainera. Bisitarien esker ona neguko salda beroaren modukoa da, barrenak epeltzen ditu. Eta, horrez gain, gure bazterrei aurreiritzik gabe apopiloek botatako begiradak benetan izan zaizkit baliotsuak jaioterriaz dudan ezaguera eskasaz jabetzeko.

Baionan, Donostian, Bilbon edo Guardian, berdin dio lekuak. Harresi jakin bat noizkoa eta norengandik defendatzekoa ote den, etorbide zabalen baten izena nondik datorren, edo nonahi dagoen lore eder hori zein den galdetu, eta politikarien moduko erantzun generikoak eman dizkiet, denbora pixka bat irabazteko. Ahaide alemaniarrak pixka bat despistatutakoan sakelakoa atera, eta erantzunak ezkutuan kontsultatu ahal izan ditudan arte. Hilabete osorako telefonoaren datuak egun gutxian agortu ditut nire ezjakintasuna kamuflatu nahian. Hasieratik nire estrategia traketsaz ohartu diren susmoa ere badut, baina ez dute txintik esan, edukazioz.

Euskal Herria berdin samar zaidalako plantak egin ohi ditut sarri, bai tabernako barran eta baita zutabe honetan ere. Hain azaletik ezagututa ez diot errespetu gehiegi ere azaltzen, bistakoa da. Baina bazterren batek liluratu dituela esandakoan sentitu dudan harrotasun txikiak gezurtatu dit nire axolagabetasun hori, hein batean bada ere. Tristea ere bada akaso. Baina haiek egonaldiaz horrenbeste gozatu izanak, luzaro gutxietsi izan dudan hori guztia estimatzen lagunduko dit aurrerantzean.

Txoratzen joan dira. Baina Alemaniako familia txunditu, harri eta zur utzi, zinez haluzinatu, benetan flipatu duena, ezustean esperimentatutako zerbait izan da: Hernaniko paper-fabrikaren kiratsa. Hego-haizea ibili da aste osoz, eta autoz bigarren saihesbidetik pasatu garen bakoitzean, bailarako usain autoktonoak dantzan ipini gaitu, txirularen musika entzunda esnatzen den sugearen moduan. Lehen aldian izutu egin zitzaizkidan atzerriko senitartekoak, ezbehar kimiko serio bat izan zitekeelakoan. Larritu beharrik ez zutela argitu nien nik, lantegi bakar baten hats korporatiboa baino ez zela guztia. Erantzunak ez zituen lasaitu: nola onartuko dute ba milaka lagunek paper-fabrika batek haien bizitza izorratzerik, galdekatu zidaten. Jende estoikoa dela azaldu nien orduan, bere zorigaiztoa modu diskretuan daramana; kostaldekooi, behintzat, ez zaigu ailegatu ere egiten kexatzen direnik. Argibideek ez zuten asebete Alemaniako familia. Haiek despistatuarena egindakoan nik sakelakoa atera, eta Hernaniko hondamendi ekologikoaren benetako egia noiz kontsultatuko zain geratu ziren, nik uste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.