“Gaur egun hemen eta ‘online’ bizi gara, eta ez hemen eta orain”

“Gaur egun hemen eta ‘online’ bizi gara, eta ez hemen eta orain”

Rebeka Calvo

Urtean zazpi bat aldiz bidaiatzen du Agurtzane Belauntzarenek (Berrobi, 1979). Beti izan du bidaiatzeko grina, baina ogibide ere badu orain. Bidaiatzea kontsumo mota bat dela dio, eta, horrek zalantzak sortzen badizkio ere, oraingoz zoriontsu da bidaiatuz eta eguneroko gauza txikiekin gozatuz.

Azken urteotan bidaia gidari ari zara lanean, eta taldeei lekuak erakustetik harago joan nahi izaten duzu. Horretan baliagarri izango zaizkizu zure kabuz egindako bidaiak, ezta?

Nora joan behar dugun esaten digute bidaia agentzian, eta lehenago joaten gara hara; ibilbidea, ohiturak eta abar ikasi eta guztia prestatzen dugu taldearekin joan aurretik. Toki batera askotan joanez gero, lehen bidaian ez da askorik kontrolatzen, baina ikasiz joaten gara gerora, eta asko laguntzen dit horrek. Herrialdeetako esentzia hori erakustea ere bada gure filosofia. Bertako jatetxeetara joaten gara; leku horietan lagunak baditugu, haien etxera joaten gara… Jendearengana hurbiltzen saiatzen gara. Bidaiak tokiak dira, bai, baina bertako jendea ere bai. Jendearengana gerturatzen saiatzen gara.

Esaterako, anaiarekin joan nintzen Marokora, gure kabuz egin genuen bidaia, eta familia berbere bat ezagutu genuen han. Handik hiru urtera, lan kontuengatik itzuli nintzen hara; familia horren etxera joan ginen, eta taldeko hamasei lagunak eraman nituen tea hartzera. Etxe arrunta zen, hala bizi dira haiek… Bidaia bukatzean beti galdetzen diet ea zer gustatu zaien gehien, eta horrelako esperientziak nabarmentzen dituzte gehienetan. Machu Picchu ikus dezakegu, baina hango jendearekin bizi izandakoa eramaten dugu etxera. Eskoletara ere joaten gara; Afrikan, batez ere. Ospitaleetara ere joan izan gara. Bizipenak ematen ere saiatzen gara.

Asko bidaiatu duzu…

Lehen, bidaiatu egiten nuen, eta, orain, lan egiten dut. Bidaiatzea eta neure kabuz gauzak egitea erabaki nuen. Kazetaria ere banaizenez, bidaia horiek baliatzen nituen argazkiak atera eta erreportajeak egiteko. Gustukoago dut erreportaje sozialak idaztea. Askotan bidaiatu izan dut neure kabuz, bakarrik, eta hori oso lagungarria da gidari lanerako, taldean egiten ez diren gauza asko egiten baitira bakarrik bidaiatzean. Garrantzitsua da jendearekin moldatzeko abilezia edukitzea ere. Hamasei laguneko talde bat gidatzeko garrantzitsua da hori, eta uste dut hori ere hartu zutela kontuan agentziako elkarrizketa egin nuenean. Bilbora joan nintzen elkarrizketa egitera, eta elkarrizketa normal bat eduki genuen. Lehen zirrara hori kontuan hartzen dutela uste dut; eskertu egiten dute naturaltasun hori. 2013an hasi nintzen, eta hortxe jarraitzen dut.

Bidaiatzen jarraitzen duzu, hortaz, baina beste modu batera.

Zazpi bat bidaia egiten ditut urtean, eta asko da hori. Oso bidaia biziak izaten dira, ia 24 orduz egoten gara taldearekin. Hemen nagoenetan ez dut izaten gogorik mugitzeko. Lasai egon nahi izaten dut.

Argazkilari lanak ere egiten zenituen gidari lanetan hasi aurreko erreportajeetan. Erabat baztertu duzu lan hori?

Erreportajeak-eta egiten nituen 2013ra arteko bidaietan, eta egia da helburu batekin ateratzen nituela argazkiak. Istorioak bilatzen nituen; batzuetan ateratzen ziren, eta beste batzuetan ez. Kamerarekin joan, eta argazkiak bilatzen nituen. Argazkilaria da nire bikotekidea ere, eta horrek, gerora, erraztu egin zidan lana. Bidaia egin aurretik, istorioak kontatzeko zer argazki behar nituen pentsatzen nuen, eta bidaia horretara bideratzea eskatzen zidan horrek. Baina azkenaldian bestelakoak izaten dira nire bidaiak. Orain, hartzekotan, lanerako hartzen dut hegazkina; Euskal Herrian ibiltzen naiz bidaian, eta, gehienez ere, Espainian. Ez dut pentsatzen erreportajeetan. Baditut istorioak, baina irudirik ez.

Egia da nire taldeko hamasei kideak argazkiak ateratzen hasten direla eta nik atzera egiten dudala. Pazientzia behar da argazkiak ateratzeko, eta beste lan batzuetan ari naiz orain; ez daukat denborarik, edo ez daukat pazientziarik horretan aritzeko. Egin nezake, baina beste momentu batean nago. Erromantiko hutsa da freelance moduan egindako lan hori; lan mordoa egiten da, gustuko lana, baina txikia da horren ordaina. Pentsatzen hasiko bagina zenbateko kostua daukaten joan-etorriek, egonaldiak eta abar, ez genituzke egingo. Baina ikaragarrizko poza sentitzen da; hori hala da. Behin taldeko bidaiari batek esan zidan erromantikoek ez dutela sekula burtsan dirua jarriko, eta egia da hori. Baina kazetaritzak asko du hortik; diruagatik baino gehiago, maitasunagatik egiten ditugu halako lanak. Bizitza honetan dena ez da dirua.

Zer istorio kontatu nahi izan dituzu?

Bizitza istorioak edo istorio sozialak bilatzen genituen. Filipinetan izan ginenean, esaterako, Manilatik gertu geundela, hilerri batean izan ginen; han jendea bizi zela ikusi genuen, eta hori kontatu genuen guk. Istorio bitxia zen, eta hori bilatu izan dut nik; gure errealitatetik urruntzen diren errealitateak kontatzea dut gustuko. Indonesian, arrantzale batzuekin elkartu ginen arrantza masiboak egiten dien kaltea erakusteko; Iranen, mendizale eta eskalatzaileak diren emakumeen istorioa kontatu nuen… Mila istorio daude munduan barrena, eta horrelako batzuetara gerturatzeko aukera izan dut.

Errealitate desberdinetara gerturatu nahi izan duzula esan duzu, baina hain desberdina al da, ba, Mozambikeko egunerokoa eta hemengoa?

Ez. Alde horretatik, harrituta geratzen naiz jendearen aurreiritziekin. Antzeko lehentasunak dauzkate munduko beste puntan ere: bizimodu duina nahi dute denek, lana, seme-alabak dituztenek horiek zaindu… Gizakion beharrak berberak dira leku guztietan. Komunitatean bizi dira leku batean eta bestean, eta, beraz, badaude aldeak, baina berberak dira funtsezko lehentasunak. Testuingurua aldatzen da; gobernuak, politikariak… Iran, Irak, Kurdistan… Beti pentsatzen dugu hangoak terroristak direla, eta horrekin haserretzen naiz ni, guk bezalaxe bizimodu duina eduki nahi baitute haiek ere, besterik ez.

Egia da, hala ere, Afrikan, esaterako, sekulako balioa duela familiak. Han, hezur-haragizkoak dira sare sozialak, eta oso gertukoak dira; hemen, galtzen ari gara hori. Gainontzean, berberak dira gure beharrak eta besteenak. Gizakiak berdin amesten du toki batean zein bestean. Baina eurozentristak gara izatez, eta beti iruditzen zaigu besteenak ez duela balio, gurea dela normala. Besteen larruan sartzeko aukera eman dit bidaiatzeak, eta umilagoa izaten lagundu dit, pentsamendu umilagoak izaten. Horretan saiatzen naiz, behintzat.

Turismoa aipatu, eta zer etortzen zaizu burura?

Askotan pentsatzen dut turismoaz. “Zer egiten dut hemen?”, pentsatzen dut, adibidez, Afrikan nagoenean. Batzuetan, lotsatu egiten naiz joaten naizen taldeekin ere, gure jarrera askotan ez delako egokiena. Nire ustez, gizaki gehiegi gara munduan, eta, azkenaldian, erdi mailako gero eta jende gehiago dago. Lehen ez genuen hainbeste bidaiatzen, eta orain kontsumo mota bat bihurtu da bidaiatzea; kontsumitzaileak gara, eta bidaiak kontsumitu egiten ditugu. Oporrak iritsi eta ez baduzu bidaiatzen, dirurik edo anbiziorik ez duzulako dela ematen du. Turismoaren inguruan zer pentsa ematen dit horrek.

Gainera, orain gu ari gara jasaten turismo hori; Tolosaldean, gutxiago, baina Donostian, nabarmen. Horrek gure bizimodua aldatuko duela iruditzen zait; prezioak aldatuko ditu, giza paisaia eta hizkuntzarena ere aldatuko ditu. Donostian, lehen, euskarak ez zuen toki askorik, eta orain are gutxiago, ingelesez jartzen baitituzte gauza asko. Prezioarekin nahasten dugu balioa. Donibane Garazin izan nintzen aurreko batean, eta euskal sangria iragartzen zutela ikusi nuen! Kirioak dantzan jartzen dizkidate horrelako gauzek.

Turistak eta bidaiariak bereizi behar dira, beraz.

Uste dut jada denok garela turistak. Turistak gara toki guztiak ezagutu nahian bidaiak korrika egiten baditugu, argazki guztiak atera nahi baditugu, bertakoekin egoteko eta elkarri begiratzeko denborarik hartzen ez badugu… Irudiaren bila goaz, hemen eta online bizi gara, eta ez hemen eta orain. Lehen, albuma behintzat egiten genuen, argazkiak errebelatu zain egoten ginen. Baina, orain, argazkia atera, partekatu… Abiaduran bizi gara, eta gizarte honetako parte naiz ni ere; beraz, ezin dut asko kritikatu, baina pentsarazi egiten dit. Gogoetak sortzen dizkit.

Zure taldeetako bidaiariek ere ba al dauzkate horrelako zalantzak?

Denetik dago. Batzuk enpatikoagoak izaten dira bertakoekin, eta beste batzuk, ez. Baina kontsumo mota bat bihurtu da bidaiatzea. Burges hutsak gara; munduaren bestaldean burgesak izatea, hori nahi izaten dugu. Munduaren beste aldera joan, eta ez dugu lurrean lo egin nahi izaten, erosotasuna nahi izaten dugu. Lehen, bidaiaren zati zen hain bidaia erosoak ez egitea; bidaia intentsoak nahi izaten genituen. Baina erosotasuna ere nahi izaten dugu gaur egun. Sekulako beroa egiten duenean joan nahi izaten dugu Marokora, eta igerilekua nahi izaten dugu desertuan gaudela. Aldaketak ekartzen ditu horrek. Marokon, desertuaren erdian, lehen ez zegoen igerilekurik, eta, ziurrenik, ezta hotelik ere. Orain, ordea, badaude; turistek eskatuta egin dituzte. Haien errealitatea aldatu dugu. Non dago turismo jasangarria? Ez dakit badagoen ere. Niri gogoeta sortzen dit horrek guztiak, baina, tira, ez dago ezer perfekturik.

Asko bidaiatzen duzu, baina herrian zure ekarpena egiten ere saiatzen zara: zinegotzia ere bazara.

Hor tartean egoten uzten didate. Bigarren legegintzaldia dut. Lehenengoan, gehiago egon nintzen hemen, baina orain lan gehiago egiten dut kanpoan. Lanerako jendea aurkitzea zaila denez, eta beti herrian egon ez arren, uzten didate zinegotzi lana mantentzen. Egia da beste batzuek lan gehiago egiten dutela ni ez nagoelako, eta eskertzekoa da. Etxean nagoenetan saiatzen naiz parte hartzen, laguntzen… Abuztuan, esaterako, Mozambiketik iritsi, etxean sartu, dutxatu, eta zuzenean sagardo probara joan nintzen lanera. Herri txikietan ez daukagu teknikaririk, eta guk egin behar izaten dugu lan guztia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.