Ordizia, bere aztarnen bila

Ordizia, bere aztarnen bila

Ariane Vierbücher

Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrena ospatzen ari diren honetan, abian da Ordizia herri gisa noiz sortu zen argitu dezakeen ikerketa. San Bartolome ermitan egon daiteke gakoa. Herrigunetik kanpo dago ermita, eta ezezaguna da bisitari askorentzat. Eta bertako askorentzat ere aparteko garrantzirik ez duen tokia bada ere, hortxe egon daitezke Ordiziaren lehenengo aztarnak.

Aditu batzuen arabera, orain dela 750 urte sortu zen Ordizia. Beste batzuen ustez, ordea, urte horretan bertan Alfontso X.a Jakitunak, Gaztelako erregeak, eskubide berezi bat baino ez zion eman herriari. Eskubide horri esker, hainbat abantaila eta foru eskuratu zituen Ordiziak edo garai hartako Villafrancak. Izan ere, Alfontso X.ak izena ere aldatu zion herriari. Lortutako eskubide horiez gain, erregeari ordaindu beharreko zergak bertan behera uzteko baimena eskuratu zuen hiribilduak. Baina bibliografiako datuek baieztatzen duten moduan, halakorik gertatu aurretik ere bazegoen kokagune bat San Bartolome ermitaren inguruan.

Gure Iragana taldeko David Cano eta Nerea Iraola historialariak aspalditik ari dira gaia aztertzen. Haiekin batera, beste hainbat aditu ere ari dira lanean, Josu Etxezarraga eta Ander Arrese historialari eta arkeologoak, kasurako. Guztiak taldean ari dira lanean, San Bartolome ermitaren azpian egon daitekeen guztia deskubritu nahian.

Izan ere, Ordiziaren sorrera bertan dagoela dio tradizioak, eta San Bartolome ermitaren aurretik, toki berean, oso eraikin garrantzitsua egon zela azaltzen dute hainbat dokumentu historikok. “San Bartolome ermitaren azpialdean egon daiteke garai bateko Ordiziako parrokia izan zitekeena”, azaldu du Iraolak berak. Hori bai, oraingoz ez dago horren inguruko datu argirik, eta, hain zuzen ere, duela bi aste hori guztia argitzeko hasi ziren indusketa lanak egiten. Dokumentuetako datuei segika, garai hartako Ordiziaren aztarnak bilatzea da helburua.

Georradarrarekin lanean

Etxezarragak argitu duenez, bi fasetan ari dira egiten lanak, eta hainbat eremu aztertuko dituzte. Lehenik eta behin, eraikinaren barnealdean eta kanpoaldean egin zituzten azterketa lanak, eta “georradar bidezko miaketa” egin zuten horretarako. Lurrazalaren azpian egon daitekeenaren irudi bat eskuratzeko aukera ematen du teknika horrek, “nahiz eta beti ez den izaten hain gardena eta argigarria”.

Bigarren fasean sartu dira orain, indusketa geologikoan. Georradarrak emandako lehen datuen arabera, “zerbait” badago ermitaren barrualdeko zorupean. “Zerbait” horri segika, hiru zulo zabaldu dituzte jada, eta oraindik goiz bada ere, “oso gauza interesgarriak” aurkitu dituztela aurreratu dute historialariek. Etxezarragak argitu duenez, “eraikin baten aztarnak izan daitezkeenak” aurkitu dituzte aldaretik urrutien dagoen gunean egin duten zuloan. Zulo oso sakona egin gabe agertu dira lehenengo aztarnak. Historialari eta arkeologoaren hitzetan, “aurretik zegoen eraikinaren paretetako bat” izan daiteke aurkitu berri dutena. “Eta aurrez egindako beste ikerketa bateko datuei erreparatuta, eraikinaren zabalera zenbatekoa zen argitzen lagunduko digu horrek, ziurrenik”.

“Kanpaiak egiteko labe baten aztarnak” ere aurkitu dituzte beste zulo batean, baina oraindik ez dakite gaur egungo San Bartolome ermitako kanpaia egiteko labea den edo aurreko eraikinaren kanpaia egiteko erabili ote zuten.

Material ugari bakarrik ez, giza hezurrak ere agertu dira indusketak egin dituzten gunean. “Burezurreko hainbat zati eta besoko hezurrak izan daitezkeenak aurkitu ditugu kanpaiak egiteko labetik gertu”, baieztatu du Etxezarragak. Ordiziarren arbasoenak izan daitezke aztarna horiek, eta ikerketa bideari jarraipena emango dio horrek. Biltzen ari diren guztiari zentzua aurkitu nahian, hainbat proba egingo dituzte orain. Hezurren kasuan, karbono 14 bidezko datazio proba egingo dute lehenengo. “Oso informazio interesgarria emango digu horrek; data zehatz bat emango digu proba horrek, eta Ordizia duela 750 urte edo lehenago sortu zen argitzen lagunduko digu”.

Herritarren artean, ikusmina

Ordiziarren artean ikusmina sortu dute San Bartolome ermitan egiten ari diren indusketa lanek. Ateak zabalik aritu dira lanean, herritarrek aukera izan zezaten bertara sartzeko, begira egoteko eta galderak egiteko. Eta, Iraolak jakinarazi duenez, badirudi erabaki horrek eragina izan duela, jende asko inguratu baita. Kanpoaldean ere hasiko dituzte indusketak laster, eta lan horiek ere bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.