Barruko artistari bultzada

Barruko artistari bultzada

Beñat Alberdi

Egingo banu”, edo “ausartu izan banintz”, edo… Askok idazten dituzte halakoak. Askotan, lehen urratsak eragiten du beldurrik handiena, eta horrek eragozten du abiaraztea. Ziurrenik, artista frustratu asko egongo da gizartean. Frustratuak, buruan ideia bat izan arren ez zutelako aurrera egin. Eta, nork daki, akaso gustura asko hartuko ziren haien lanak. Bide horretan, lehen pauso hori erraztu nahi izan dute Txatxilipurdi elkarteak eta Ttak gazte taldeak, Arrasaten. Horrela sortu dute Ausortu sormen laborategien egitasmoa, 15 eta 19 urte arteko gazteentzat. Lau alor landuko dituzte: arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musika.

Gazteen aisialdi aukeretan eskaintza falta sumatu dute bi eragileek, kirol arlotik kanpoko eskaintza falta, noski. Ez dira asetzen behar guztiak. “15 eta 19 urte arteko adin tartea ere lantzen dugu guk”, azaldu du Amaia Etxabe Txatxilipurdiko kideak. “Eta horiei beste aukera bat eskaini nahi genien kirol arlotik kanpo”. Aisialdi hezitzailerako elkarte bat da Txatxilipurdi; haurren zein gazteen aisialdian lan egiten dute. Antzeko eremuetan lan egiten dute bi eragileek, eta horregatik sortu dute Ausortu, elkarlanean. Arrasate Euskaldundu Dezagun taldeko kide da Ttak, eta gazteentzako egitasmoak lantzen ditu.

Hamaika bide daude aurrera egiteko, baina bi elkarteek nahiago izan dute proiektua kultur arlora bideratu. “Hezkuntza arautuan irakasten ez diren arte diziplinetara jo dugu”, argitu du Etxabek. Lehen pausoak emateko gazteei baliabideak eskaintzea da egitasmoaren gakoa, artistak ez dira-eta ezerezetik sortzen. Kontua ez da ez dagoela inolako eskaintzarik, baizik dagoen hori talde oso espezializatuek eskaintzen dutela. Hala nabarmendu du Maria Oses Ttakeko kideak: “Arrasaten, esaterako, badago pintura taldea. Baina bertaratzen direnek argi dute pintura gustatzen zaiela eurei eta hori landu nahi dutela. Proba egiteko aukera eskaini nahi dugu guk”.

“Ausartu probatzera, eta sortu lan berriak”. Esaldi horrek laburbiltzen du Ausorturen oinarria. Landuko duten arte diziplina, akaso, ez da izango parte hartzaile guztien etorkizuneko ofizioa edo afizioa. Baina probatu ostean erabakitzea, hori da funtsa.

Lau alorri buruzko sormen laborategiak eskainiko dituzte: arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musika, eta diziplina bakoitzean lanean ari diren artistak lotuta dauzkate jada. Azken batean, haiek dakite gehien arte mota horri buruz. Goizez eta arratsaldez egiten dituzte saioak, eta elkarrekin bazkaltzen dute tartean. “Aukera asko sortzen du elkarrekin bazkaltzeak”, zehaztu du Etxabek. “Artista ezagutzeaz gain, diziplinari buruz hitz egiteko balio dezake”.

Ausortu martxan dago jada, baina laborategi bakarra eskaini dute orain arte. Arte plastikoekin eman zuten lehen pausoa joan den urriaren 20an, Helena Azkarragaurizar eta Joana Manzisidor artisten eskutik. “Esperimentatzeko erabili genuen tailerra”, azaldu du Azkarragaurizarrek. Hainbat material erabili eta moldatu zuten goizean, eta bakoitzak bere apurra gehitu zuen bildumara. Arratsaldean, goizeko lanak erabili zituzten beste obra bat sortzeko. “Tailerra bukatuta, ez zeukaten objekturik etxera eramateko. Artea sortzeko prozesua ezagutzea, hori zen helburua”.

Bigarren saioa, atzeratuta

Urrian 27an ziren egitekoak bigarren laborategia, argazkigintza eta ikus-entzunezkoak gai gisa hartuta, baina atzeratzea erabaki zuten. Oraindik zabalik dago izena emateko epea —ez dute zehaztu noiz egingo duten—. Ekaitz Filarmendik eta Itziar Bastarrikak gidatuko dute saioa, argazkigintza estenopeikoa ardatz hartuta. Parte hartzaile bakoitzak bere kamera sortuko du, eskuz, eta argazkiak aterako dituzte ondoren. Argazkiak errebelatzeko laborategia ere erabiliko dute. Emaitzak digitalizatu egingo dituzte ondoren, bestelako erabileraren bat eman ahal izateko.

Kepa Errasti aktoreak dinamizatuko du arte eszenikoen laborategia; azaroaren 10ean egingo dute saio hori. Errastik antzerkiaren mundura gerturatuko ditu parte hartzaileak, baina aktorearen eta sortzailearen begiradatik. Istorioak eta egoerak kontatzen saiatuko dira hainbat joko, inprobisazio lan eta ariketa eginez.

Azkenik, azaroaren 24an egingo dute musika arloko saioa, Izaro Andres musikaria gidari lanetan dela. Musika sormenaren abenturara bidaia tailerra emango du artista bizkaitarrak. Azken lau urteotako esperientzia baliatuta, taula atzeko errealitatera jauzi egingo du: zertarako sortu, nola sortu, nola komunikatu, nola babestu eta nola lan egin.

Probatzea da Ausorturen oinarria, eta, funtsean, horixe da egitasmoa bera ere: saiakera bat gehiago. “Badakigu zaila dela adin tarte horretara iristea”, onartu du Etxabek. Baina interesgune izango zirelakoan aukeratu zituzten lau diziplinak, gainontzekoak baztertu gabe, noski. “Parte hartzaileen iritziak entzunda jakingo dugu zer interesatzen zaien”. Ez dakite etorkizunean antzeko egitasmorik egingo duten edo ez, azken finean sortzaileek eurek aukeratuko baitute zer sortu nahi duten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.