Hausnarketarako sortutakoa

Hausnarketarako sortutakoa

Unai Zubeldia

Azken urteotan musikaren alorra oso gogor astindu dute krisi ekonomikoak, erabaki politiko okerrek eta musika industriaren eta teknologia berrien eraldaketek”. Ernesto Toledo Amua Hondarribiko Musika eta Disko Festibalaren antolatzailearen hitzetan, ez da samurra gaur egungo egoera, “azken urteotan modu larrian murriztu baitituzte musikarekin zerikusia daukaten enpleguen kalitatea eta kantitatea”.

Beste askok bezala, Hondarribiak ere ezin izan dio izkin egin errealitate horri. “Eta herrian espazio bat eskatu eta sortzeko beharretik gorpuztu da esku artean daukagun proiektua”. Musikaren sektoreko profesionalekin, musikariekin eurekin eta irratiko esatariekin elkarlanean, egungo errealitatearen bozgorailu izan nahiko luke festibalak. Erronka horri helduta, DJ emanaldiak, dokumentalak, mahai inguruak, filmak, irrati saioak eta tailerrak… hainbat diziplinatako eskaintza izango da gaur eta bihar, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean, auditoriumeko atondoan, Uxoa tabernan eta Psilocybenea aretoan.

Gaur 11:00etan inauguratuko dute Musika Diskoaren Feria, eta Alex Gasulla eta Jesus Bombin DJen emanaldiak izango dira jarraian. Baina jaialdiak ez du gelditu nahi musika emanaldi soilean; bi erronka nagusi zehaztu ditu Amuak: “Gaur egun sektorean dagoen behin-behinekotasun egoera hori film, dokumental eta eztabaiden bidez jakinaraztea, batetik; eta elkarrizketa, tailer, zuzeneko irrati saio, liburu aurkezpen eta zuzeneko musika emanaldiekin musikaren arlo desberdinak herritarrengana gerturatzea, bestetik”.

Doakoak izango dira auditoriumeko eta Uxoa tabernako emanaldi guztiak, eta bost euro ordaindu beharko dira Psilocybenea aretoko kontzertuez gozatu ahal izateko. Hiru emanaldi izango dira gune horretan, bihar, 22:00etan, 23:00etan eta 01:00ean. Makala DJak eta Jawata antiDJak elkarlanean eskainiko duten emanaldiak bukatuko du aurtengo jaialdia. Amaitu aurretik, ordea, bihar, 19:30ean, Black is Beltza filma emango dute Itsas Etxea auditoriumean, eta bertan izango da Fermin Muguruza zuzendaria eta musikaria bera ere. Goizez, Goazen 5.0 telesailaren lehenengo kapituluaren aurre-estreinaldia izango dute, 11:00etan, eta Joseina Etxeberria Gazteako eta Euskadi Irratiko aurkezleak musika eta irrati tailerra eskainiko du 12:00etan.

“Partaidetza bideak” ireki nahiko lituzke gaur-biharretan landuko duten jaialdiak. “Eta, alde horretatik, artista gazteenentzat entsegu lokalak lortzea da helburuetako bat”, zehaztu du Toledok, “musika taldeak sortu eta finka daitezen sustatzeko”. Azken urteotan, aldaketa handia izan du musikaren sektoreak. “Baina garai batean biniloek eta kaseteek, eta gaur egun CDek gainbehera handia jasan duten arren, gure ustez ezinbestekoa da balio erantsia daukaten euskarri horiek mantentzea. Gure emozioen eta oroimenaren parte dira”.

Txikienentzako eskaintza

Musikaren gaur egungo egoeraz hausnartzea eta herritarrek kontzientzia hartzea da jaialdiaren erronka nagusia, eta bide horretan keinu berezia egin nahi diete etxeko txikienei. “Askotan ahaztu egiten ditugun arren, 5 urtetik gorako haurrentzat tailer bereziak eskainiko ditugu, musikara hurbildu daitezen. Eta, nerabeentzat, DJ saio bat eta irrati saio bat ere antolatu ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.