Mugitzen hasteko lehenengo bultzada

Mugitzen hasteko lehenengo bultzada

Aitziber Arzallus

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dio osasuntsu egoteko ezinbestekoa dela kirola egitea. Eta zenbat egin behar den ere zehaztu du: gutxienez astean bi ordu eta erdiz, jarduera moderatua bada, eta 75 minutuz, intentsitate handiagoz egiten bada. Eta hortik gora eginda ere, kalterik ez. Aldiz, gutxieneko horretara iristen ez direnei ohartarazi die osasun arazoak izateko arrisku handiagoa dutela; izan ere, frogatuta baitago jarduera fisikorik ezak asko handitzen duela hainbat gaixotasun eta desoreka kroniko garatzeko arriskua. Horietako batzuk dira: sindrome metabolikoa, hipertentsioa, bihotzekoa, gizentasuna, 2 motako diabetesa eta bularreko eta koloneko minbiziak.

Hala ere, oraindik asko dira bizimodu sedentarioa duten herritarrak; alegia, inolako jarduera fisikorik egiten ez dutenak, ezin dutelako edo nahi ez dutelako. Gipuzkoan, hamar herritarretik hiru dira inaktiboak, 200.000 lagun baino gehiago.

Arazo horri irtenbidea jarri nahian, duela urte batzuk elkarlanean hasi ziren Eusko Jaurlaritza, foru aldundia, udalak eta osasun eta hezkuntza arloko zenbait eragile, eta elkarlan horren emaitza da Mugiment, sedentarismoaren kontra borrokatzeko eta herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko proiektua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako egindako proiektua da Mugiment, eta hiru herrialdeetan aldi berean ari dira garatzen, tokian tokiko ezaugarrietara egokituta.

Doako aholkularitza

Kirola egiten hasi nahi duten herritarrei laguntzea da Mugiment egitasmoaren ardatzeko bat, eta, horretarako, doako orientazio zerbitzua sortu dute hainbat herritan. Azpeitian, adibidez, 2017ko azarotik ari dira lan horretan, Maider Aizpurua teknikariaren gidaritzapean. Aurrena, eragile sare bat osatu zuten ariketa fisiko gutxi egiten duen edo ariketa fisikoaren bidez onurak izan ditzakeen jendea detektatzeko. Herriko ikastetxeak, herriko erretiratuen elkartea, udaleko gizarte zerbitzuak, eguneko zentroa eta anbulatorioa dira eragile horiek. “Zerbitzuarekin onurak izango dituztela uste duten pertsonak detektatu eta bideratzen dituzte hona. Zita jartzen dugu, eta orientazioa eskaintzen diegu, jarduera fisikoa egiten hasteko”, azaldu du Aizpuruak. Norbere ekimenez zerbitzura jo duenik ere badela esan du, herritar guztiei irekita baitago. “Ez dira etortzen profil jakin batekoak; era guztietako herritarrak etortzen dira, adin guztietakoak, patologiaren bat dutenak eta baita patologiarik ez dutenak ere”.

Erabiltzailearekin elkarrizketa izaten du Aizpuruak haren egoera eta beharrak zeintzuk diren jakiteko, eta horien araberako plangintza bat osatzen du gero. Erabiltzaileei kirola egiten hasteko laguntza emateaz gain, haien bilakaeraren jarraipena ere egiten du. Horretarako, lehen bileratik hilabetera, bost hilabetera eta urtebetera berriz biltzen da haiekin, nola doazen ikusteko. “Oro har, asko kostatzen da ohiturak aldatzea, eta, horregatik, erabiltzaile batzuei gogorra egiten zaie, baina gehienek esandakoa egiten dute”.

Hasieran, igerilekuan eta ikastetxeetan eskaini zuten arreta. Baina izan duen arrakasta ikusita, Azpeitiko Udalak erabaki du aurrerantzean anbulatorioan ere eskaintzea. “Urteko lehen sei hilabeteetan 35-40 lagunek jaso dute zerbitzua, eta gero eta handiagoa da itxaron zerrenda; horregatik erabaki dugu zerbitzua hedatzea eta zabaltzea”, azaldu du Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotziak. Zerbitzuaren helburua herritarren osasunean eta ongizatean eragitea izanik, Osakidetzarekin hitz egin, eta haiek ere kirol-orientazio zerbitzuaren sarean sartzea hitzartu dute, azaldu duenez. “Hitzarmen hori tarteko, medikuek ere bideratuko dituzte herritarrak zerbitzura”.

Azpeitian ez ezik, Gipuzkoako beste zenbait herritan ere eskaintzen dute kirol-orientazio zerbitzua, hala nola Aretxabaletan, Beasainen, Bergaran, Donostian hiru lekutan, Eibarren, Elgoibarren, Hondarribian, Lezon, Oiartzunen, Pasaian eta Zarautzen. Eta aurki, leku gehiagotan ere bai: besteak beste, Deban, Zumaian eta Oñatin.

10.000 kirolari gehiago

Foru aldundiaren nahia da jarduera fisikorik egiten ez duten 200.000 herritarreko kopuru hori %5 murriztea —%7 emakumeen kasuan— eta 2019rako beste 10.000 gipuzkoar aktibatzea. “Gure helburua da jarduera fisikoa ongizate iturri unibertsal bihurtzea”, Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuaren hitzetan. “Horregatik, jarduerarik egiten ez duten gipuzkoarrentzat da programa hau; bereziki, kirola egiteko zailtasun handienak dituzten horientzat”. Hiru biztanleria talde nagusi definitu dituzte: 0-8 urte arteko haurrak, kontziliazio arazoak dituzten helduak, eta adinekoak. “Biztanleria talde horiek, orain arte, ez dute izan benetako espaziorik tokiko eta lurraldeko kirol zerbitzuen agendetan, eta, aurreikuspenen arabera, hobekuntza handiak izango dira arlo horretan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.