“Gaur egun, Behobian ateratzea ez da meritu gisa ikusten”

“Gaur egun, Behobian ateratzea ez da meritu gisa ikusten”

Eider Goenaga Lizaso

Asier Artolak (Lizartza, 1975) 27 aldiz parte hartu du Behobia-Donostia maratoi erdian, eta etzi irteeran izango da 28. aldiz parte hartzeko asmoz. 16 urte zituenetik ez du inoiz huts egin, eta aurten ere, min hartuta dagoen arren, ez dauka etxean geratzeko asmorik. Erritual baten moduan ikusten du Behobia eguna. Garaiz joaten da irteerara, “ordu eta erdi lehenago”. Gurasoek eramaten dute beti; baita Donostian jaso ere.

Noiz eta nolakoa izan zen zure lehen aldia Behobia-Donostia lasterketan?

16 urte nituen. Futbolean jokatzen nuen garai hartan, baina Lizartzan bazen korrika ibiltzen zen talde bat, eta haiek animatuta eman nuen izena. Ordutik gaur arte, inoiz ez dut hutsik egin. Niretzat sakratua da Behobia eguna; lagun baten ezkontzara joateari utzi nion Behobiaren bezperan zelako.

Eta 16 urte zenituenean esan balizute 28 aldiz jarraian parte hartuko zenuela?

Ez dakit. Egia da nik neure buruari ez niola jarri halako erronkarik, inoiz ez naiz izan urrutira begirako erronkak jarri zalea. Niretzat nire bizitzaren parte da kirola egitea: korrika, mendia, bizikleta… Baina epe motzerako erronkak jartzen dizkiot nire buruari. Hori bai, erronka bat jartzen badut, hasi eta buka, ez naiz etsitzekoa. Eta Behobiari dagokionean, urtero ateratzen jarraitu nahi dut; ahal dudan bitartean egingo dut, baita urte osoan nire burua horretarako bakarrik zaindu behar badut ere.

Beste lasterketek ez daukaten zer dauka Behobiak?

Oso berezia da lasterketa hau. Hasteko, etxetik gertu dago, eta erosoa da joateko. Bestetik, gustatzen zait zenbat jende ateratzen den, baina, batez ere, zenbat jende elkartzen den bide bazterretan. Bidean dagoen giro hori… Oso polita da. Txaloek eta animo oihuek eramaten zaituzte Donostiaraino. Festa handi bat da niretzat. Anaia, osaba eta hirurok atera izan gara urte askoan, eta mozorrotuta ere egin izan dugu korrika. Beraz, festa da, korrika egitea edo kirola egitea baino gehiago. Prestatu egin behar duzu ibilbidea ondo bukatzeko, hori bai, baina niretzat festa egun bat da, batez ere.

Baduzu ohiturarik beste lasterketetan parte hartzeko?

Bai, badut ohitura lasterketa herrikoietan ateratzeko; urtero ateratzen naiz, adibidez, San Silvestre proban. Baina egia da, batez ere, festa kutsuko lasterketetara jo izan dudala beti.

Ez zara, beraz, beti markari begira dagoen korrikalaria.

Ez; nire helburua ez da hori izaten. Lasterketa ondo bukatzea izaten da helburua, eta familiarekin bazkaltzera joateko plana ateratzen bada, primeran. Egun polita igarotzea izaten da nire asmoa. Lehengusua eta biok joan izan gara hondartzara, lasterketa ondoren bainua hartzera. Horrek ere egiten du berezi Behobia.

Orain, aurtengoa bukatu eta hurrengo urtean berriro ateratzea da nire erronka. Pixkanaka-pixkanaka ari naiz semea erakarri nahian; 16 urte egingo ditu, eta ea hurrengo urtean edo hurrengoan elkarrekin egiterik badugun. Alabarekin egitea ere gustatuko litzaidake, baina gaztetxoa da oraindik.

Nolako prestaketa egiten duzu lasterketa egunerako?

Nik egunero egiten dut kirola, eta Behobiarako ez dut egiten prestakuntza berezirik. Iruratik Asteasura joan eta etorri egiten badut, egin dut entrenamendua; nahikoa da.

Erraz egiten duzu, beraz, Behobiatik Donostiarako bidea?

Bai, nahiko erraz. Ezagutzen dut ibilbidea, nire gorputza ere bai, eta bost minutuko gorabeheran ibiliko naiz urte batetik bestera, baina tankeran ibiltzen naiz. Horrek ez du esan nahi sufritzen ez denik. Kirola egiteak beti eskatzen du sufritzea; kirola ez dut ulertzen sufrimendurik gabe.

28 urtean asko aldatuko zen lasterketa, ezta?

Izugarri. Parte hartzea hainbeste igo da urte hauetan… Nik ez dakidana da nola lortzen duten Behobia bezalako toki txiki batean hainbeste jende sartzea. Baina gero eta jende gehiagok parte hartzen du; pentsa, aurten, 30.000 lagunetik gora egongo gara irteeran. Ez dakit orduan zenbat aterako ginen, baina 5.000ra ere ez ginen iritsiko!

Gaur egun egiten diren mendi lasterketa, ultratrail eta halakoekin, badirudi Behobia-Donostia egiteak meritua galdu duela, ezta?

Bai, izan liteke. Gaur egun, ez da meritu gisa ikusten. Beti izan da lasterketa herrikoia, baina egia da beste profil bateko jendea ateratzen zela lehen, kirolariagoa nolabait esateko. Gaur egun, jende askorentzat maratoia prestatzeko modua izaten da Behobian parte hartzea.

Zuk inoiz egin duzu maratoirik?

Pentsatu izan dut, baina ez dut egin, eta urruti ikusten dut. Agian, animatuko naiz inoiz, baina oso-oso-oso mentalizatuta egon beharko nuke. Prestakuntza zorrotza egin behar da, uda partean hasi behar duzu entrenatzen… Eta ni ez naiz ondo moldatzen beroarekin korrika.

Nahiago duzu euria?

Bai, zalantzarik gabe. Niretzat euritan korrika egitea da dagoen gauzarik onena. Bakarren bati ez zaio gustatuko, baina niri izugarri gustatzen zait.

Begiratu al dituzu iragarpenak?

Bai, noski. Euri konturik ez du ematen izango dugunik, eta 13-18 gradu ingurukoa izango da tenperatura. Ez dezala berorik egin, behintzat; hori izaten da gehienen nahia. Panorama tristea ikusi izan da bero egunetan.

Aurten oparitu egin dizute dortsala, 28. parte hartzea duzula-eta.

Bai, e-mail bat iritsi zitzaidan 25. urtetik aurrera izen-ematea doakoa dela esanez, eta ahaztu egin zitzaiela niri abisatzea. Aurtengoa, behintzat, eman didate, eta…

Zu baino gehiago egindakoak ere badira, baina asko ez dira izango, ezta?

Batzuk badirela esango nuke. Iaz, adibidez, Andoni Aizpuruk 30. Behobia egin zuela entzun nuen, nahiz eta ez izan jarraian.

Izan ere, ez da meritu makala 28 urtez jarraian egitea eta lesiorik ez izatea, ezta?

27 urteotan sekula ez naiz atera lesionatuta; aurtengoa izango da lehen aldia. Baina atera, aterako naiz, eta ez dakit nola iritsiko naizen. Aurten begiratu dut lehen aldiz kontrola noiz ixten duten: 2.45. “Hor sartu beharra daukat, berdin dit nola” pentsatu nuen. Bukatzea da nire erronka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.