Goizeroko nire momentu kutuna

Danel Agirre

Maite dut errutina. Ezusteko bisitek, desorduko mandatuek zeharo aztoratzen naute. Eta inoiz ez naiz zoriontsuago, egitura berdin-berdina duten lauzpabost egun kateatzea lortzen dudanean baino, bere erritual guztiekin. Goizekoekin naiz bereziki sentibera. Presatiren batek zapuzten dizkidanean, akabo: pilotu automatikoa ipini, eta hurrengo loaren zain geratzen den gorputz inerte bilakatzen naiz.

Ohetik jaikitzearekin kaleko arropa janzteko mania dut (norbaitek tinbrea joko duenaren ikaraz bizi, eta hekatonbea badator atea itxuroso samar zabaltzea gustatzen zait). Jarraian, ordu laurdena ematen dut sukaldeko aulki zuri batean eserita, isiltasun osoan banana bat janez, film eskandinaviar baterako modukoa den eszena geldoan. Zutitu, kafea prestatu, eta ordenagailura esertzen naiz. Urritik ekainerako tartean bagaude, goizaldeko NBAko partiden laburpenak irensten ditut orduan, bata bestearen atzetik. Goiz osoko nire une kutunerako prest uzten nau horrek. Hasperen egin, Googlen sartu, Tresnak eta Azken 24 orduak klikatu, Ernesto Gasco idatzi, eta Donostiako alkateordearen bezperako jokaldi onenen errepasoari ekiten diot, zinemako pantailan iragarkiak amaitu, eta aretoko argiak iluntzen dituzteneko zirrara berberarekin.

Ez nuke esango ohitura honek gascologo bihurtu nauenik. Bilaketa egiten dudan aldiro aiene batean itxaroten dut emaitzen zerrenda, datorrenaren inongo pistarik gabe. Guztiz aleatorioa da Gascoren emaria: ausart eta abenturazalea, zinegotzi errenazentista baten gaitasun poliedrikoen isla. Doktoretza baten dedikazioa exijitzen du bere jardunaren azterketak. Ez dago txantiloirik, ez dago errepikatzen den jokaerarik. Guztia da aurkikuntza, guztia misterio. Eskerrak ariketak deskantsatuta harrapatzen nauen behintzat, benetan da akigarria intelektualki.

Inork zapaldu gabeko larreetan dabil Gasco, eta horrek egiten du, nire begietara, hain erakargarri. Aspaldian, esaterako, hirigintzan genero nahiko berritzailea dena lantzen ari da: autoparodia. Kontxako baranda formadun Gabonetako argiztapena, Pintxoaren Institutua… Donostiari egindako omenaldi bitxiokin nora iritsi nahi duen ez dakit oraindik oso ondo, txangoak dibertitzen jarraituko nauenaz ziur naiz, ordea.

Hiriko ikur enblematikoak etxeetara sartzeak behar luke hurrengo erronka logikoa. Monumentu paregabeok merezi duten espazioarekin. Nik beti amestu izan dut, adibidez, Haizearen Orrazikoak bezalako zulo bat dutxan instalatu ahal izatearekin, itsas kolpeekin spa efektu goxo bat lortzeko. Miniaturazko Anoetako zertxa batzuei gainean kristalezko xafla bat ipini, eta egongelan ipintzeko mahai dotoreak sal litzake Turismo Bulegoak, arkitektura eta diseinu aldizkariak gainean ipinita dotore asko geratzen diren horietakoak. Proposamen baldarrak baino ez dira, noski. Nik baino askoz hobeto daki Gascok Donostia balioan ipintzen, eta bere hurrengo asmakarien zain geratuko naiz.

Hamarkada arraro samar doanaren sentsazioarekin nabil. Europa eta ongizate-estatua une batetik bestera desagertuko direnaren susmoa dago giroan, ziurgabetasun garaia da. Baina Ernesto Gasco 2023ra arte Donostiako alkateorde izango da berriz, ez du atzera bueltarik, datozen udal hauteskundeak tramitera ere ez dira iristen sikiera. Nik maite dut nire goizeroko errutina. Beste lau urtez ez diot fitsik aldatu beharko. Eta zorte pixka batekin eta esfortzu askorekin, gascologo deitu ahal izango diot noizbait neure buruari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>