Urpean gordetako historia

Urpean gordetako historia

Aitziber Arzallus

Duela bi hilabete pasatxo, irailaren 1ean, Borja Inza urpekariak forma hemisferikoa duen zilarrezko lingote bat aukitu zuen Getariako badiaren hondoan. Realeko urpeko jardueren ataleko kideak ustekabean egin zuen aurkikuntza, itsasertzetik ehun bat metrora eta zazpi metroko sakoneran, beste hainbatetan bezala urpean argazkiak ateratzen ari zela. Zortzi kilo ditu lingoteak, eta XVI. edo XVII. mendekoa dela ebatzi dute ikertzaileek, jatorri amerikarra duela eta kontrabandoan ekarritakoa dela.

Aurkikuntza “pozgarria” da Xabier Alberdi Donostiako Untzi Museoko historialariaren hitzetan, “ustekabean” gertatu dena. “Baina espero nuen egunen batean horrelakoren bat gertatzea”. Orain artean, euskal kostaldean ez zen azaldu izan zilarrezko lingoterik. “Andaluzian [Espainia] eta beste hainbat lekutan, Amerikarekin merkataritza eta itsas harreman estua izan zuten lurraldeetan, ohikoak dira horrelako aurkikuntzak, itsasontziak eta haien zamak galdu zirelako, eta denborarekin haiek agertuz joan direlako”. Espero zuen euskal kostaldean ere noizbat horrelako zerbait aurkitzea, “kontuan izanik euskaldunek nolako garrantzia izan zuten zilarraren inportazioan”.

Alberdik azaldu duenez, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, urrea eta zilarra zeuden munduko finantza sistemaren oinarrian. Hori zen benetako dirua, benetako dibisa, eta urrea eta zilarra bakarrik onartzen ziren nazioarteko harreman ekonomikoetan. “Eta zein zen munduko zilarraren jatorri nagusia? Espainiako inperioa. Espainiak Ameriketan eraiki zuen inperio hartan lokalizatu zituzten bi zilar gune nagusiak: bata, Boliviako Potosi inguruan dagoen El Cerro Rico mendian; eta, bestea, Mexikoko iparraldean, San Luis de Potosi eta Zacatecas inguruan. Bi gune horiek osatzen zuten munduko dibisen oinarriaren jatorria. Bi gune horietatik ateratzen zuten zilarra zen munduko ekonomiaren oinarria; hori zuen helduleku ekonomia sistema osoak, eta espainiarren esku zegoen, haiek ekartzen zuten hona”.

Alberdiren esanetan, euskaldunek leku garrantzitsua zuten finantza sistemaren egitura horretan. “Batetik, Ameriketan bertan euskal administratzaileen esku zegoen zilarraren kontrolaren zati handi bat. Aberastasunaren jatorria kontrolatzen zuten eta baita meatzeak ere. Hain zuzen, Getariako leinu bat, basurtotarrena, izan zen San Luis de Potosiko konkistatzaileetako bat, eta haiek ziren hango meatzeen jabeak. Hau da, getariar batzuek zilar meatzeak zituzten Zacatecasen. Hortik atera kontuak”. Bestetik, azaldu du Euskal Herrian eginak zirela zilar hori ekartzeko erabiltzen ziren galeoien %80 edo %90.

Bi modu zeuden zilarra finantza sisteman sartzeko: legezkoa eta legez kanpokoa. “Zerga bat ordaindu beharra zegoen legalki sartzeko; bosten bat, hain zuzen. Eta zerga hori ordaintzen zenean, marka bat jartzen zitzaien lingoteei, zigilu bat; honek ez dauka”. Baina ziurtatu du zerga hori ordaindu gabe ere ateratzen zela zilarra. “Historialarien kalkulu kontserbadoreenen arabera, legalki ateratzen zen zilarra adina edo gehiago ateratzen zuten legez kanpo. Ziur asko, bete beharreko tramite bat izango zen legalki sartzen zen zilar kopurua, eta estalki horren azpian aterako zen zilarrik gehien, kontrabando bidez”.

Bi ezaugarri aintzat hartuta, Alberdik baieztatu du kontrabandokoa dela Getarian topatutako lingotea: “Batetik, hiru hatz marka modukoak dauzkalako, metalaren kalitatea edo legea neurtzeko egindakoak; eta, bestetik, ez daukalako errege biltegietako zigilurik”. Beraz, haren hitzetan, argi dago legez kanpo ekarri zutela. “Gainera, jakina da zilarraren negozioan sartuta zeuden leinu guztiek arazoak zituztela justiziarekin, legez egiten zituztelako gauzak, baina baita legez kanpo ere. Modu horretan ibiltzen zen familia asko zegoen Getarian: basurtotarrak, erkiziatarrak, etxabe-asutarrak, mirubiatarrak…”.

Oraingoa ez da Getariako badian egindako lehen aurkikuntza. XVI. mendeko itsasontzi flandestar baten aztarnak topatu zituzten 1987an, orain Inzak zilarrezko lingotea topatu duen lekutik hirurehun bat metrora. Aranzadiko ikertzaileek arakatu eta aztertu zuten Iturritxikiko eremu hori, Ana Maria Benito historialari eta ikertzailearen gidaritzapean, eta ia 4.000 objektu lehorretaratu zituzten: kobrezko lingoteak, galdarak, titareak eta orratzak, ezpatak, armadurak, latoizko eskuburdinak… Ikertzaileek uste dute 1520 eta 1524 artean hondoratu zela ontzi hura, portugaldarrek gidatzen zutela eta Anberesetik Gineako golkora zihoala, esklaboak erostera.

Itsas batailen lekuko

1938ko abuztuaren 22an ere sekulako itsas bataila baten lekuko izan zen Getariako badia. 30 urteko gerran, Richelieu kardinalaren tropek setiatu zuten Hondarribia, eta hara laguntzera zihoazenei indarrez eraso zieten frantziarrek. Itsasontzi guztiak hondoratu eta mila lagunetik gora hil ziren ordukoan. Ontzi haien arrastoak aurkitu izan dituzte Getariako uretan, besteren artean.

Egin dituzten aurkikuntzak dira horiek guztiak, baina egin gabeko asko dago oraindik. Izan ere, Izaro Quevedo Aranzadiko ikertzaileari iaz baimena eman zioten lingotea topatutako lekutik hurbil dauden arrasto berezi batzuk aztertzeko. Adituen arabera, bertako geruza naturalen gainean prestatutako egiturak izan daitezke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.