Egunari bizia emateko guneak

Egunari bizia emateko guneak

Aitziber Arzallus

Irunen, Errenterian, Donostian, Ibarran, Ordizian, Azpeitian, Arrasaten, Eibarren, Legazpin eta orain, Zarautzen ere badute Garagunea, adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako eguneko zentroa. Uztailean zabaldu zuten, baina joan den astean egin zuten inaugurazio jaia. Han izan ziren zentroko erabiltzaileak, haiei arreta eskaintzeaz arduratzen diren langileak, erabiltzaileen gurasoak, Goyeneche Fundazioko ordezkariak, Gureak taldekoak, Zarauzko Udalekoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak… Guztiak “pozik” daude gune berria irekita.

“Hitzak berak esaten duen bezala, garatzeko gune bat da Garagunea”, Maite Juaristi arduradunaren esanetan. Bost ardatz ditu proiektuak: bertaratzen diren pertsonen independentzia; integrazio sozial eta komunitarioa; autonomia; osasuna eta segurtasuna; eta harremanak. Herriaren erdigunean dago Zarauzko gunea, Zuberoa kaleko 6. zenbakian, eta elkargune gisa funtzionatzen duela adierazi du Juaristik. “Hemen elkartzen gara goizetan, eta hainbat ekintza egiten ditugu; ekintza horiek gizarteratzea da gure helburua. Zarautzen parte izan nahi dugu, hor egon nahi dugu une garrantzitsuetan, eta bide horretan goaz; Zarautz inklusiboago bat lortzeko bidea ari gara egiten, elkarteekin, udalarekin eta herritar guztiekin elkarlanean”.

11 urte igaro dira Azpeitiko Garagunea martxan jarri zutenetik, eta hango hamabi erabiltzaileak aspalditik dira herriko egunerokoaren parte. Jose Santa Ines zuzendariaren hitzetan, bi zati ditu erabiltzen duten metodologiak: erabiltzaileen garapen pertsonala bultzatzea da ekintza batzuen helburua; beste batzuena, berriz, komunitatearen parte aktibo izatea. Goizean elkartu, eta eguneroko lanak eta jarduerak egiten dituzte lehenik. “Egunero aritzen dira sukaldean; beraz, egunero irteten dira erosketak egitera, batzuetan azokara eta besteetan dendetara. Batzuk, begiraleen laguntzarekin; besteak, euren kabuz, autonomoagoak direlako”. Gogoko dituzten ekintzak egiten dituzte gero. “Igerilekura joaten dira, liburutegira ere bai, eta herriko farmazia batzuetara joaten dira astean hiru aldiz, han sortu duten zaborra birziklatzera”.

Baina Santa Inesek nabarmendu du herriko beste eragileekin elkarlanean aritzea gustatzen zaiela gehien Garaguneko erabiltzaileei. “Duela bost urtetik, adibidez, Gabonetako apaingarriak egiten dituzte Bertan herriko merkatarien elkartea osatzen duten 111 saltokietan jartzeko. Urte osoko lana eskatzen die horrek. Materiala berrerabiliz egiten dituzte apaingarri horiek; beraz, materialak inguratzeaz arduratzen dira batzuk, apaingarriak diseinatzeaz besteak…”. Garaguneko kideek harreman estua dute San Martin zaharren egoitzako erabiltzaileekin ere. “Urtean zortzi edo bederatzi aldiz elkartzen dira mahai jokuetan ibiltzeko eta beste hainbat ekintza egiteko”. Eta herriko ikastetxeekin ere aritzen dira. “Iraurgira joaten hasi ziren hasieran; iaz, Karmelo Etxegaraira; eta laster Ikasberrira ere joatea espero dute. Lehen Hezkuntzako haurrekin eskulanak egiten aritzen dira edo haiei ipuinak kontatzen dizkiete”. Horrez gain, herriko jaien antolakuntzan ere parte hartzen dutela azaldu du Santa Inesek. “Saninazioetako umeen egunerako izen-ematean laguntzen aritu ziren eta Xanjuandegiko jaietako kartelak pegatzen ere bai”.

Zarauzko Garaguneko erabiltzaile baten ama da Ana Mari. Haren hitzetan, “pribilegiatuak” dira Gipuzkoan. “Ahulguneekin eta indarguneekin, baina bidea oso irekita eduki izan dugu duela 50 urtetik: patronatuaren eskolak, Atzegi, Gureak taldearen tailerrak, Txolarte, pisuak…”. Gabeziak ere bazirela azaldu du: “Garagune bezalako zentroen beharra zegoen. Izan ere, zahartu egin gara gurasoak, eta baita garai bateko haurrak ere. Horregatik, arnasguneak dira horrelako zentroak”. Zarautzen Garagune bat irekiko zutela jakin zutenean “poz handia” hartu zuen Ana Marik: “Zoriontsu etortzen da gure alaba”.

Ana Marik uste du sekulako ekarpena dela egunerokoan ohikoak diren jarduerak gurasoekin egin beharrean Garaguneko kideekin egitea. “Nagusiak gara gu, helduak, eta gure alabarentzat ez da gauza bera gurekin kalera irtetea eta paseatzea edo ekintza hori bera Garaguneko kideekin egitea. Helduekin irteten bada, integratuta egon daiteke nolabait, baina bere berezko mundua ez da gurekin ibiltzea; askoz irekiagoa da bere benetako mundua. Herritarrek ezagutu egiten dute alaba, eta berak ere ezagutu egiten ditu herritarrak”.

280 metro koadro Bergaran

Aurten Zarautzen eta datorren urtean Bergaran. Hilabete gutxiren buruan, hamar erabiltzailerentzat lekua izango duen Garagunea zabalduko dute Mintegi kaleko 5. zenbakian. Iragan uztailean hasi zituzten gunea atontzeko lanak eta, ondo bidean, urtearen hasieran jarriko dute martxan. 280 metro koadro izango ditu zentroak eta hiru lagunek lan egingo dute. Gainontzeko Garaguneen modu berean, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik Bergarakoa ere.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Goyeneche Fundazioa dira Garaguneen sustatzaileak. Irabazi asmorik gabeko erakundea da Goyeneche Fundazioa, 1950ean sortua; hainbat programaren bidez eguneko laguntza ematen die adimen urritasuna duten herritarrei. Gaur egun, 260 gipuzkoarri ematen die arreta, 50 profesionalen laguntzarekin eta Gipuzkoako Gizarte Politikako departamenduaren babesa dauka egitasmoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.