Eskultoreen aldarrikapena

Eskultoreen aldarrikapena

Imanol Garcia Landa

Aldarrikapen kutsua hartu du Tolosako Aranburu jauregian jarri duten erakusketak, eta izenean bertan islatu dute hori: Gaurko eta hemengo eskultoreak. Gaur egun Euskal Herrian eskultoreak badirela erakutsi nahi dute erakusketarekin. Abenduaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Azken Muga proiektuak hirugarren urtea bete du aurten, eta horixe izan da erakusketaren iturburua. “Natur ingurune batean artea erakusteko eta artistei babesa emateko borondatearekin jaio da proiektua”, azaldu du Guillermo Olmo eskultoreak, Azken Muga proiektuaren eta Gaurko eta hemengo eskultoreak erakusketaren bultzatzaileak. Hainbat egitasmo garatu ditu Azken Mugak, eta horietako baten emaitza da erakusketa. Izan ere, eskultoreek topaketa bat egin zuten udan, eta han hasi zen gorpuzten erakusketaren ideia.

Olmoz gain, Gotzon Huegun eskultorea aritu da Aranburu jauregiko erakusketa koordinatzen. “Elkartzeko beharra sentitu genuen; geure kabuz ibili gara lanean orain arte. Ibilbide luzea daukagu denok, baina Euskal Herrian denok elkarrekin aurkezteko beharra geneukala ikusten genuen”, adierazi du Huegunek. Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea… 1960ko eta 1970eko hamarkadan lanean aritu ziren eskultore garrantzitsu asko dagoeneko hilda daudela eta horiek hutsunea utzi zutela gaineratu du Huegunek. “Belaunaldi bereko eskultoreak elkartu gara, nolabaiteko presentzia izateko eta orain artekoari jarraipena emateko. Belaunaldi berekoak izatea, eskultore ofizioa izatea eta aitortutako ibilbidea edukitzea, horiek ziren baldintza bakarrak”.

Olmok gogoratu du eskuekin lantzen ziren eskulturak zirela 1960ko eta 1970eko hamarkadetakoak, eta “material tradizionalak” erabiltzen zirela; hau da, harria, burdina eta egurra. “Beste espresio molde batzuk azaldu ziren 1980ko hamarkadatik aurrera; ordenagailua lan erreminta gisa erabiltzen hasi ziren, instalazioak aldatu egin ziren, performanceak egiten hasi ziren, bideo lanak…”. Eskultoreen lana “dibertsifikatu” egin zela azpimarratu du Olmok. “Eta gaur egun erreminta teknologikoekin lan egiten da asko; pixkanaka alboratu egin zen ordura arteko eskultura formalaren ikuspegia”. Ia 40 urte igaro ondoren, hainbat eskultorek, oraindik, eskultura formala egiten jarraitzen dutela gaineratu du eskultoreak. “Betirako leku jakin batean gera daitekeen eskultura. Eskultura mota horrek gaur egun ere bere lekua duela aldarrikatu nahi dugu guk”.

Euskal Herriko eskulturek 60ko eta 70eko urteetan garrantzi handia izan zutela azpimarratu du eskultoreak, eta orduko gizarte aldaketen oinarrietako bat izan zela. “Garai hartan eskultoreena zen bisita txartela, baina gaur egun sukaldariek eta zenbait kirolarik egiten dute lan hori. Kultur arloan eta gizartean bertan pisua galduz joan da eskultura. Eskultore gutxi ezagutzen ditu jendeak”. Ondorioz, aldarrikapena ere bada erakusketa: “Hemen gaudela esan nahi dugu”.

Askotariko obrak ikus daitezke Aranburu jauregian. “Bakoitzak bere estetika eta lengoaia erabil zezan nahi izan dugu. Zentzu horretan, ez dugu jarri baldintzarik”, azaldu du Huegunek. “Badaude irudiak lantzen dituzten eskultoreak, abstrakzioak edo lan kontzeptualak egiten dituztenak ere bai… Bere hizkuntza erabiltzen du bakoitzak”. Askotariko materiala erabili dute artistek: harria, burdina, altzairua, egurra, material birziklagarria… Horrez gain, tamaina guztietako obrak daude ikusgai; besteak beste, Aranburu jauregiaren kanpoaldean jarri duten bost metroko eskultura.

Bere azken lanak aurkeztu ditu Huegunek berak: “Hizkuntza berri batzuk sortzea da asmoa. Nolabait esatearren, alde batera utzi ditut eskulturak; erakunderen batek eskatzen badizkit bakarrik egiten ditut lan horiek, enkarguz”. Huegunek beste bide bat aukeratu du orain. “Eta lan berri horiek erakustea erabaki dut”. Hiru mural jarri ditu, 2×2 metrokoa horietako bat, handia. Basoan zehar izeneko sail bat egiten ari da, eta basoan ikusten dituen irudiak erakusten ditu bere artelanen bidez, likenen irudiak eta enbor zartatuak, batik bat.

Olmok, hiru pieza

Olmok, berriz, egiten duen lanaren lagin bat eraman du erakusketara. “Hiru pieza jarri ditut, nire lengoaia pertsonalarekin”. Egurrezko pieza bat, batetik; mural edo pareta modukoa da hori. Burdinazko eta altzairu herdoilgaitzezko obra bat, bestetik. “Barne begirada izena du, eta barrura begirako obra bat da”. Zentzurik gabe izena du hirugarren piezak, eta Corten izeneko altzairuarekin eta harriarekin egina dago. “Materialak nahasteko joera izaten dut beti”.

Etorkizunean erakusketa beste herrialde batzuetara eramateko asmoa dute eskultoreek. “Ez dakigu beste batzuek guregana etorriko diren, orain daudenetako batzuk ez diren egongo… Esperimentala da orain egiten ari garen prozesua”. Erakusketaren beste helburuetako bat eskultore gehiago animatzea eta beste talde batzuk sortzea dela gaineratu du Huegunek. “Azken finean, eskulturak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan gizartean izan zuen harremana berritu nahi dugu egitasmo honekin. Euskal nortasuna baliatuta, gizartearekin lotu nahi dugu artea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.