“Ez genuen espero erreferendumeko emaitza; aurkakoa zioten inkestek”

“Ez genuen espero erreferendumeko emaitza; aurkakoa zioten inkestek”

Beñat Alberdi

Umetatik izarrak izan ditu pasio Emmanuel-Florent Perronnetek (Noumea, Kaledonia Berria, 1979), eta, kontuak zer diren, gaurkotasunak Perronnet bera bihurtu du izar. Australia ondoan, 280.000 biztanle inguru ditu Kaledonia Berriak, eta gaur egun Oñatin bizi da azaroaren 4an bertako erreferendumean bozkatzeko aukera izan zuen herritar bat. Fisika ikasketak egin zituen Kaledonia Berrian bertan eta Frantzian, eta astrofisika alorreko masterra Bordelen (Okzitania). Matematika irakaslea da egun, Bilbon.

Ikasketak Kaledonia Berrian hasi bai, baina Frantzian amaitu zenituen. Ohikoa al da ikasketak amaitzeko hain urrunetik metropolira lekualdatzea?

Euskal Herrian ikasleak hiriburuetara joaten dira ikastera; Bilbora, Gasteizera edo ikasi nahi duen hori ikasteko aukera dagoen tokira. Gure Gasteiz da Frantzia.

Zure kasuan ere Kaledonia Berrian baino aukera hobea zeneukan Frantzian?

Ikasketak Australian egitea aztertu nuen hasieran. Dena den, beka bat behar izaten da hara ikastera joateko, eta nik ez nuen lortu. Kaledonia Berrian ekin nien Fisika eta Matematika ikasketei. Gure herrialdean izarrak ikusten dira zerura begiratuz gero, baita Esne Bidea ere, baina jendeak ez du begiratzen zerura. Han ez zegoen astrofisika ikasketarik, eta estralurtar bat bezala hartzen ninduten. Horregatik bukatu nuen, berriz ere, Frantzian.

Oso anitza da Kaledonia Berriko demografia. %40 inguru dira melanesiar indigenak edo kanakak, eta %30 inguru europar jatorrikoak edo caldocheak. Horrez gain, badaude polinesiar jatorrikoak zein vietnamdarrak. Kanaka edo caldoche jatorrikoa da zure sendia?

Ez bata, ez bestea. Melanesiarra izan beharra dago kanaka izateko eta ez daukat melanesiar itxura handirik. Duela berrehun urte etorri zirenen ondorengoak dira, berriz, caldocheak. Parisko Komuna aldarrikatu zutenean atxilotu zituzten 1.800, eta kolonietara bidali zituzten gero. Bertan gelditu ziren batzuk eta haiek izan ziren lehenengo zuriak. Han daude euren seme-alabak eta bilobak. Gutxi gorabehera, horiek dira caldocheak. Kaledonia Berria euren herria dela pentsatzen dute, noski.

Nolako ekosistema dago Kaledonia Berrian? Zuek bazeneukaten harremanik kanakekin?

Eskolan, normalean, nahasian egoten ginen etnia guztiak. Kanakekin, indonesiarrekin, vietnamdarrekin eta frantziarrekin egon nintzen ni. Elkarrekin egoten ginen eskolan, baina bakoitza bere ingurura itzultzen zen klaseak bukatutakoan.

Norbere komunitatera?

Bai. Oso bizimodu ezberdina dute kanakek. Euren kulturan edo pentsamenduan ez dira pertsonak, komunitatearen parte dira. Kanakentzat ez dago jabetza eskubiderik; tribuarena da guztia. Zure etxea ez da zurea, tribuarena da. Etxe bat dago zuretzat, baina ez da zurea. Tribukoa bada, edozein pertsona sar daiteke zure etxean.

Hainbat komunitatek osatzen duten herri gisa ulertu behar da, beraz, Kaledonia Berria?

Bai. Kanakek euren bizimodua daukate; Frantzian bezala bizi dira frantziarrak. Eta caldocheak ere badaude; lur jabeak dira, gehienbat. Baserriak dauzkate horiek, behiak-eta. Haiek kudeatzen dute jabetza eta haientzat lan egiten dute bertakoek. Oso garestia da Kaledonia Berrian Frantzian bezala bizitzea: ardoa garestia da, gaztarik ez dago, nahi duzun haragirik ere ez, gasolina oso garestia da… Kaledonia Berrian bertako bizimodua eginez gero, berriz, oso merkea izan daiteke: noizean behin arrantzara joan, ehiza pixka bat egin, kokondoaren azpian minutu bat igaro…

Bere identitatea dauka komunitate bakoitzak?

Kanakek bai. Besteek ere badute, baina ez dute azaleratzen. Urte berri txinatarra ospatzen dute asiarrek, baina gero ez dute besterik egiten. Euren artean bizi dira frantziarrak edo aberatsak, baina ez pentsatu hemengoaren gisakoa denik hango bizimodua. Jendea ez da elkartzen plazan; han ez dago plazarik. Jendea hondartzan elkartzen da edateko zein windsurfa egiteko.

Sentimendu hedatua al da frantziar sentitzea?

1998ra arte uste dut jendea ez zela frantziar sentitzen. Futboleko Munduko Kopa iritsi zen gero, eta Christian Karembeuk jokatu zuen Frantziarekin; Kaledonia Berrikoa da. Orduan hedatu zen frantziar sentimendua.

Nikela da Kaledonia Berriaren diru iturri nagusia eta lurralde gatazkaren muina. Ekonomikoki ezberdintasunak sortzen al ditu horrek hiriburuaren eta bere inguruaren, eta iparraldeko irlen artean?

Bai. Adibide gisa, normalean ipar hemisferioa garatuago egoten da hego hemisferioa baino. Baina alderantzizkoa gertatzen da Kaledonia Berrian, garatuago dago hegoaldea. Hiru probintzia daude: irla nagusian bertan, hego eta ipar probintziak, eta, horrez gain, uharteen probintzia. Meategi asko dago hegoaldean, baina baita iparraldean ere. Zuri gehiago bizi da hegoaldean, eta han dago nikelaren lantegi handiena. Gehiago garatu zuten zati hori.

Zertan nabaritzen da gehien garapen ekonomikoaren aldea?

Uharteko probintzian zuririk ez da bizi ia, nahiz eta badiren caldocheak eta frantsesak. Euren artean bizi dira horiek, kokoaren merkatuarekin asko. Xaboia egiten dute, adibidez. Iparraldeko probintzian, berriz, tribuak bizi dira gehienbat, eta autonomia daukate gehienek. Meategiak eta nekazaritza turismoko zerbitzuak daude, azkenik.

Komunitate horiek nahi al dute garapena?

Aspaldian ez naiz izan han eta ipar probintzia eta uharte probintzia ez ditut oso ondo ezagutzen. Frantziak, ordea, gauza berbera egiten du beti arazorik ez izateko: etnia bati ematen dio boterea eta ez du begiratu ere egiten zer gertatzen den. Ondo eta gaizki zer dagoen esatera azaltzen da batzuetan, baina Frantziak, normalean, ez du gehiegi kontrolatzen.

Nikelaren estrategia deitu izan zaio dirua banatzeko planari. Horrek ekarri du nolabaiteko aldaketarik?

Erabat aldatu da mentalitatea. Lehen, nekazaritzatik eta arrantzatik bizi zen jendea, bere kabuz. Orain, berriz, Internetekin bizi dira asko, eta, adibide gisa, ardoa behar dute. Diru gehiago behar da behar berriekin. Hegoaldeko probintzian igartzen da hori gehiago. Bestalde, Kaledonia Berriak nikela ezin du lortu bere kabuz bakarrik; Txina, Australia edo Kanada behar ditu, horretan adituak diren herrialdeak. Horregatik sartu dira multinazionalak.

1982an, Eloi Machoro lider independentistak aizkora batekin hautsi zuen hauteskundeetako boto kutxa bat, eta ekintza horrek Frantzian ezagun bihurtu zuen Kaledonia. Hurrengo urtean jendarme batek hil zuen Machoro, eta tentsioa areagotu egin zen. Gogoratzen duzu ekintza hura?

Lau urte nituen nik, eta ez daukat oroitzapen handirik. Ipar probintziara oporretara joaten ginela bakarrik, eta, bat-batean, ezin ginela joan hara. Herrian gelditu behar izaten genuen, bizi ginen inguruan. Ezin zen joan urrutira.

1988an, 27 jendarme bahitu zituzten Ouvea irlako kobazulo batean, Presidentetza hauteskundeen aurretik. Militarrak sartu eta 25 pertsona hil ziren han, hemeretzi independentista tartean.

Hauteskunde haietan berriz aurkeztu zen François Mitterrand presidentea eta Jacques Chirac zegoen beste aldean. Ouvea uhartean zeuden zuri bakarrak izango ziren jendarmeak. Ekintza gauzatzea erabaki zuten kexatzeko. Independentistek presioa egin nahi zuten Frantzian euren egoera azaltzeko eta estatu bat lortzeko.

Negoziazioei ekin zieten ondoren. 1988an Matignongo Akordioan zehazten da independentziari buruzko galdeketa egingo dela, eta 1998an iritsi zen lehenengo erreferenduma. Nola bizi izan zenuten momentu hura?

1988ko Matignongo Akordioetan onartu zuten hamar urteko epea emango ziotela Kaledonia Berriari garatzeko. Frantzian ikas zezaten urtero laurehun beka egoten ziren kaledoniarrentzat. Haiek kudeatu behar zuten herria. “Orain egin nahi duzue erreferenduma ala hamar urte barru?”, hori zen galdera 1998an. Eta atzeratzeak irabazi zuen. 2008an beste erreferendum bat egin zuten galdera berberarekin, eta gehienez 30 urte geroago egingo zutela gehitu zuten testuan. Horregatik egin dute aurten.

Gorriz markatutako eguna izango da 2018ko azaroaren 4a, ezta?

Baietz uste dut. Orain dela bi urte hasi nintzen noiz izango ote zen galdezka. Akordioan zehaztuta dago hiru aukera egongo zirela, eta, beraz, beste bi aukera izango dira oraindik.

Izan al duzu aukerarik bozkatzeko?

Bai. 1994a baino lehenago Kaledonia Berrian jaio izana, hori zen baldintza bakarra. Nire amak bozkatu zuen nire partez.

Zer iruditu zaizu bozkatzeko aukera izatea?

Interesgarria. Gure iritzia zein den galdetu digute gutxienez. Iritzi faltsua da, agian, baina iritzia emateko aukera izan dugu.

Giro berezia sortu al du erreferendumak?

Baietz uste dut. Frantzian aspalditik ez da egon horrelako erreferendumik. Korsikan ezin da; eta ezin da hitz egin Guadapalupen eta Martinikan ere. Charles de Gaullen garaitik, hau izan da lehenengoa.

Espero zenuten emaitza?

Ez. Ez genuen espero erreferendumeko emaitza, aurkakoa zioten inkestek. %56k lortu nahi zutela independentzia, hori zioten inkestek, eta kopurua 9-10 puntu jaitsi zen azkenean. Dena den, hauteskundeek erakutsi dute independentzia ez duela lortu nahi etnia jakin batek bakarrik. %39 dira kanakak, baina %43k esan dute Frantziarekin harremana hautsi nahi dutela. Kanakez gain, badaude gauza bera nahi duten beste etnia batzuk.

Etxeko balkoian jarri zenuen Kaledonia Berriko bandera. Zer dela eta?

Ikurrina asko ikusten ditut balkoietan, eta zergatik ez Kaledonia Berriko bandera? Beti hitz egiten da Eskoziaz eta Kataluniaz, baina beste kontu batzuk ere badaude munduan. Urrun dago Kaledonia Berria, baina ondoan Frantzia.

Nolatan zaude Euskal Herrian?

Grenoblen ere egin nituen ikasketak, eta udan Kaledonia Berrira itzultzen nintzen normalean. Baina Europa ezagutu nahi nuela erabaki nuen uda batean. Grenoblen gelditu nintzen eta han ezagutu nuen nire egungo emaztea. Frantsesa ikastera joan zen hara; nik irakatsi nion frantsesa eta hark niri euskara.

Nolatan ikasi duzu euskara?

Irakaslea naiz. Nola da posible ni matematikako irakaslea izatea eta nire seme-alabek lantzen duten matematika ez ulertzea? Bestalde, berrogei hizkuntza baino gehiago daude nire herrialdean eta bat bera ere ez dut ezagutzen. Pena da. Hemen badago aukera ikasteko.

Euskal komunitatea ezagutzeko aukera izan duzu euskararekin. Zer iruditu zaizu?

Guretzat ikaragarria izan zen lehen aldia. Taberna batera sartu eta ez genekien jateko zegoena zer zen ere. Guretzat edateko lekuak ziren tabernak! Haurrak ere sartu ziren, eta Kaledonia Berrian ezin da egin halakorik. Ezberdina da dena. Hemen jendea edozein eguraldirekin ateratzen da kalera, baina Kaledonia Berrian ez.

Itxiak izatearen fama dute euskaldunek…

Ba, ez dituzu ezagutu Kaledonia Berrikoak!

Erreferendumera itzulita, onartutako erreferendum bat lortu nahi dute Katalunian, baina Espainiak ez die uzten. Enpatia sentitzen al duzu katalanekin?

Bai. Gainera, oso gustukoa dut Katalunia. Pazifikoko gobernuak errepublika bananeroak direla esaten da, eta errepublika plataneroa da Espainia. Frankismoaren arrastoak hor dirau oraindik eta ez dago eginda memoria lanik.

Euskal Herrian martxan da Gure Esku Dago dinamika, erreferendum baten eskean. Erreferendumez inguratuta bizi zara!

2003an iritsi nintzen Euskal Herrira eta mahai gainean zegoen gaia, Ibarretxe planarekin. Hemen beldurrarekin-edo bizi da gaia. Saiatzen dira, baina errepresioa izaten da erantzuna beti.

Leave a Reply

Your email address will not be published.