Milioika urte atzera begira

Milioika urte atzera begira

Imanol Saiz

Nolakoa zen Euskal Herria orain dela bi milioi urte? Nolako garapena izan dute naturak berak eta bertan bizi izan direnek? Eta, nora doa egungo gizakia eta Lurra planeta? Galdera horiei —eta askoz gehiagori ere bai— erantzun diote Irungo Oiasso Erromatar Museoan, hilaren 9an ateak zabaldu zituen Aldaketa klimatikoa historian zehar erakusketarekin. Euskal kostaldearen historiari buruzko informazio zehatza ematen dute bertan, eta irudi eta arrasto ugari biltzeaz gain, natura zaintzearen aldeko apustua egin nahi izan dute.

Laburbilduz, historian izan diren klima aldaketak landu dituzte erakusketa osatzeko. Museoko zientzia arduradun Elena Torregaraik kontatu duenez, izotz aro ugari jasan ditu Lurrak, eta nola ez, Euskal Herriak ere pairatu ditu aldi geologiko horien guztien ondorioak. “Klima aldaketak betidanik egon izan direla erakutsi nahi dugu erakusketan, eta gaur egun ere badaudela”. Hala, azken hiru aldi geologikoen berri eman nahi izan dute, Pleistozeno hasieratik —orain dela 2,58 milioi urtetik—, gaur egunera arte. Erakusketarako, Bizkaiko Arkeologi Museoaren laguntza jaso dute Oiassokoek.

Euskal Herri zuri-zuria. Museoko zientzia arduradunak horrela irudikatzen du Euskal Herria Pleistozeno hasieratik duela milioi bat urtera arte. Antolatzaileen arabera, duela 9.000 urte inguru amaitu zen azken glaziazioa. Ordura arte, bertako klima oso hotza izan zela kontatu du Torregaraik, eta horren adierazgarri dira museoak bildu dituen orain dela 15.000-20.000 urteko arrastoak. Elur-oreinak, errinozero iletsuak, artzak… Eta pinguinoak! Azken urteotan, Euskal Herrian historikoki erabat ezohikoak izan diren animalia askoren arrastoak aurkitu dituzte zientzialariek. Horien guztien hezurrak gertutik ikusteko aukera eskaintzen ari dira Oiasso museoan.

Euskal Herria Pleistozeno garaian nolakoa zen irudikatzeko adibide argia eman du museoko arduradunak: zientzialarien arabera, pinguinoak Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetara iristen ziren garai hartan, bertan bizi ziren asko, eta gaur egun dagoen tokitik 11 kilometro iparraldera zegoen euskal kostaldea. Baina tenperaturak gora egin zuen ondorengo urteetan, eta, horren ondorioz, erabateko itxuraldaketa jasan zuen paisaiak.

Holozenoan izan zen klima aldaketa nabarmen hori, Pleistozeno ondorengo aro geologian. Torregarairen hitzetan, gizakiak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen tenperaturaren gorakadarekin batera, eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren gorakada nabarmena bizi izan zuten Holozeno garaian. Museoko arduradunaren arabera, azken glaziazioa amaitu ostean, klima leunduta sortu eta hedatu egin ziren basoak, eta itsas mailak ere gora egin zuen. Hala, orduko bizimodua azaltzeaz gain, garai hartako arrastoak ere ikus daitezke erakusketan. Ehizarako tresneria, lanabesak, haziak… eta baita gizakien hezurrak ere. Klima aldaketari buruzko mostran xehetasun bakar bat ere ez dute utzi landu gabe.

Natura zaindu

Klima aldaketak ziklikoak izan diren arren, gaur egungo egoera erabat ezberdina dela azaldu du zientzia arduradunak. “Lehen, gizakia moldatzen zen klima aldaketara, baina orain gizakiok ekoizten ditugu aldaketa horiek guztiak”. Egungo bizitza estiloak eragindako klima aldaketak ikusirik, natura zaintzearen aldeko mezua ere helarazi nahi izan dute. Lehen, gainera, gizakiak inguruan hainbesteko eragina izan aurretik, aro epel eta hotzen artean “aldizkatzea” izaten zela kontatu du Torregaraik. “Apurtu egin da aldizkatze hori, eta badirudi aro epel iraunkor batera goazela, aldi hotzik gabe”.

Adituen arabera, Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik, 1945etik, aro berri batean murgilduta dago gizakia, Antropozenoan, hain zuzen ere. Torregaraik azaldu duenez, horren erakusle dira Aizkorriko hondartzan —Getxon, Bizkaian— labe garaietatik etorritako industria hondakinekin osatutako geruzak, edota euskal kostaldeak gero eta gehiagotan jasaten dituen plastiko isurketaren ondorioak.

“Kontzientzia hartu behar dugu”, hasi du azalpena museoko arduradunak. “Testuingurua aldatzeko oso espezie eraginkorra baita gurea. Momentu honetan sekulako arazoa da plastikoa, itsasoari begira, batez ere. Hortaz, murrizteko eta beste modu batera kudeatzeko dei egiten dugu”. Erakusketa biribiltzeko eta mezu horrek bisitariengan benetako eragina izan dezan, plastikozko ondakinez osaturiko artelan modukoa ikus daiteke amaieran, etorkizun beltzaren isla, abisu modura.

Azken egunotan Oiassoko behe solairura joan direnek ezusteko polita jaso dutela onartu dute museoko langileek. Herritarrek hurrengo otsailaren 24ra arte izango dute erakusketa bisitatzeko aukera. Astearte, asteazken edo ostegunetan, 10:00etatik 14:00etara, eta ostiral eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, egongo da zabalik Oiasso museoa. Ez da sarrerarik ordaindu behar.

Leave a Reply

Your email address will not be published.