Ordizia txiki guztiak plaza berean bilduta

Ordizia txiki guztiak plaza berean bilduta

Unai Zubeldia

Beldur gara ez ote garen ari biztanle paraleloak sortzen”. Ainara Ormaetxea Harto Ordiziako Udaleko Migrazio eta Aniztasun teknikariak azaldu duenez, gaur egun hirurogei herrialde baino gehiagotako biztanleak bizi dira herrian. “Eta %15,8 da atzerritarren kopurua”. Datu horretatik kanpo daude Espainian jaiotakoak. “Horietako askok urte mordoa daramate gure herrian, baina beren artean elkartzen dira normalean, bertakoekin harreman askorik sortu gabe”. Ormaetxearen hitzetan, “erabat ulergarria” da atzerritar horiek euren nortasuna mantendu nahi izatea. “Azken finean, gauza berbera egiten baitugu guk ere. Baina Ordiziaren barruan hainbat Ordizia daudela jabetu gara”.

Eta, hain zuzen ere, Ordizia txiki horiek guztiak elkarrengana bilduta, “gune atsegin eta lasai bat” sortu nahiko lukete bihar, Kolore Truk merkatu sozialarekin. Herrian aurretik ere egin izan dute kulturen arteko topaketarik, “beharrezkoa delako jatorri ezberdineko ordiziarrek modu informalean elkar ezagutzeko espazioak sortzea”. Hausnarketarako guneak izaten dira horiek gehienetan. “Zurrumurruen kontrako kanpainak, beste lurraldeetan jaiotako pertsonen inguruko aurreiritziak apurtzeko solasaldi, tailer eta hitzaldiak… Horrelakoak antolatu izan ditugu gurean”.

Baina beste pauso bat eman nahi dute Kolore Truk merkatu sozialarekin. “Sortu zeneko 750. urteurrena ospatzen ari da Ordizia, eta azokak, betidanik, garrantzi berezia izan du herrian. Kultur eta merkataritza guneak izaten dira azokak, eta izaera hori eman nahi izan diogu Kolore Truk egitasmoari”. Antolatzaileek ez zuten gelditu nahi, ordea, azoka hutsean. “Herrian badauzkagu talde feministak, nekazariak, ekonomia ikuspegia edo migrazioa lantzen dutenak… Eta gai horiek guztiak plazan protagonista izan zitezen nahi genuen”.

Egun osoko festa izango da. Plaza Nagusia, udaletxeko arkupea, pilotalekua eta D’elikatuz zentroa euren eginda, “sinergiak” sortu nahiko lituzkete herrialde desberdinetako herritarren artean. “Ez dadila izan egun bakarreko kontua. Zerbaiten hasiera izan dadin nahiko genuke”. Izan ere, Ormaetxearen hitzetan, horrelako ekitaldi askotan “nahiko azalean” gelditzen dira bertakoen eta bertakoak ez direnen arteko harremanak. “Eta horregatik bihurtu nahi dugu plaza protagonista”. Alde horretatik, hainbat herrialdek postua izango dute Plaza Nagusian. “Haien lurraldeetara gerturatzen saiatuko gara: elikadura, artisautza, bizimodua… Euren eguneroko arlo guztiak kontuan hartuta. Lurralde horietan murgildu nahi dugu, giro lasai eta atsegina sortuta”.

Goierriko eragileen lana

Lurraldetasunari merkatu sozialaren ikuspegia txertatuta, Goierriko hainbat eragileren lana ere azaleratuko dute bihar: Goiener, Fiare, Izarkom, Farapi, Dar-Dar, Behieko, Basherri… Goizez eta arratsaldez, solasaldiak egingo dituzte elkarte horietako ordezkariekin. Bazkari giroa ere ez da izaten hizketarako eta harremanetarako tokirik kaskarrena, eta, munduko arrozen prestaketa amaituta, herri bazkaria ere egingo dute pilotalekuan, 14:30ean; txartelak salgai daude oraindik, hiru euroan —16 urte artekoek, euro bat—. Kafe-dinamika tailerretan, 16:00etatik 17:30era, hainbat gai landuko dituzte; eta Marina Herlop eta Maddi Nogueraren kontzertuak izango dira, 20:00etan hasita, D’elikatuzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.