Pentsatzea bera aukera bihurtuz

Pentsatzea bera aukera bihurtuz

Unai Zubeldia

Gizartea pentsatzearen balioa handitzen ari dela uste du Ekai Txapartegi filosofo eta EHUko irakasleak (Zarautz, 1976). “Gero eta gehiago jabetzen gara pentsatzearen beharraz. Orain arte ezezaguna zitzaigun abiaduran garatzen eta aldatzen ari da mundua; gero eta konplexuagoa bihurtzen ari da dena”. Eta, Txapartegiren ustez, aldaketa horretan pentsamenduak ematen dio balio erantsia gaur egungo eskulan kualifikatu eta ez teknikoari. “Errealitate horretan, filosofiarekiko jakin-mina areagotzen ari dela konturatu gara. Inoiz ez diogu uko egin pentsatzeari, baina bai, agian, filosofikoki pentsatzeari; espiritu kritikoari”. EHUren Gipuzkoako kanpo proiekziorako errektoreordetzak babestuta, behar horri tiraka antolatu zuten iaz, lehen aldiz, Pentsatu! jaialdia.

Txapartegik azaldu duenez, nazioartean dago Pentsatu! jaialdiaren funtsa. “Azken urteotan herri askotan garatu dituzte pentsatzeko aukera ematen duten jaialdiak, eta, Barcelona Pensa oinarri hartuta, Donostiaren neurrira ekartzea erabaki genuen guk”. Ingurura begiratuta, atzo izan zen Filosofiaren Nazioarteko Eguna, eta asteartean hasi zen Literaktum jaialdia —bertan sartu dute saioa.

Egitarau horren barruan, bihar egingo dute Filosofia zuzenean: mikro-eztabaidak saioa, Donostiako Tabakaleran, 19:00etan. Txapartegi bera aurkezle eta moderatzaile lanetan dela, gaur egungo zenbait gairi buruzko argudio kontrajarriak azalduko dituzte sei filosofok. Adierazpen askatasuna eta gorroto delituak aztertuko dituzte Maddi Nazabalek eta Agustin Arrietak; Filosofia, poesia eta mina Ainhoa Urienek eta Beñat Sarasolak; eta Optimismo y pesimismo tecnológico (baikortasun eta ezkortasun teknologikoa) Barbara Jimenezek eta Iñigo Galzakortak.

Goizean, Kaxildan

“Ordu erdiko hiru saio izango dira”, zehaztu du aurkezleak. “Egitura arin eta erakargarria baliatuta, etxeko giroan, jendea pentsatzen hastea da erronka”. Jan-edana lagungarri izango dute horretarako. “Azken batean, helburua ez baita jendeak filosofia ikastea, baizik filosofia praktikatzea eta eztabaidetan parte hartzea”. Bertaratutakoek filosofoen esanak entzungo dituzte lehen zatian. “Eta entzuleek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute gero. Elkarrizketa horiek mahai gainean jarraituko dute afaltzera joatean, hurrengo egunean… Ia-ia iraultzailea da espazio publiko batean herritarrak gai filosofiko baten inguruan hausnarrean jartzea”.

Saioa ez da mugatuko, gainera, arratsaldeko egitaraura. Goizean, 12:00etan, Kaxilda liburu dendan, ¿Quién hace la cultura? Injusticias epistémicas (Nork egiten du kultura? Injustizia epistemikoak) gaia landuko dute Danele Sarriugartek eta Fernando Broncanok. Ele bitan izango da saioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.