11 egunen ondorenari begira

11 egunen ondorenari begira

Eider Goenaga Lizaso

1. Euskaraldian parte hartuko duzu? Eta belarriprest ala ahobizi izango zara? Zergatik?

2. Hamaika egun hauetan, zertan egingo duzu aldaketa?

3. Euskararen erabileran zein aurrerapauso ematea espero duzu ariketa honekin?

Hasi da Euskaraldia, eta hurrengo 11 egunetan, Euskararen Nazioarteko Egunera bitartean, hain zuzen, euskararen aldeko ariketa praktikoa gauzatuko dute milaka herritarrek. Ahobizi izango dira batzuk: txapa janztearekin batera, lehen hitza beti euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute, eta euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz egitekoa. Beste asko belarriprest izango dira: txaparen bidez euskara ulertzen dutela adierazi eta eurekin euskaraz hitz egiteko eskatzen dute.

Jarraian agertzen diren hamabi lagunek Euskaraldian parte hartuko dute, eta parte hartzeko arrazoiak azaldu dituzte. Abenduaren 4tik aurrera ariketa honek izan beharko lituzkeen ondorioez ere hitz egin dute.

NEKANE BALLUERKA

EHUko errektorea

“Espero dut gizartea jabetuko dela euskara erabiltzeak daukan garrantziaz”
1

Bai, Euskaraldian parte hartuko dut. Ahobizi izango naiz, euskaraz bizitzea nire berezko izaera delako eta euskal gizartean euskararekiko atxikimendua eta erabilera ugaritu daitezen lagundu nahi nukeelako.

2

Euskaraz moldatzen ote den ez dakidan pertsona batengana hurbiltzean, gazteleraz hitz egin ordez, euskaraz hitz egingo diot. Hori da egingo dudan aldaketa nagusia.

3

Jende askok parte hartzen badu, espero dut gizartea jabetuko dela euskara erabiltzeak daukan garrantziaz. Dena den, kanpaina bakartu bat ez da nahikoa ohitura aldaketak gerta daitezen; horregatik, lanean jarraitu beharko dugu erakunde bakoitzean, eta elkarlanean euskararen erabilera ezagutzaren parekoa izan dadin.

XABIER USABIAGA

ETBko aurkezlea

“Beste batzuen akuilu izaten saiatuko naiz”
1

Bai, parte hartuko dut. Herrian [Asteasu] halako dinamika bat sortu da, eta bertan ari naiz ni lanean. Ahobizi izango naiz.

2

Nik ez daukat inolako ahaleginik egin beharrik; egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez %99 euskaraz bizi naiz ni. Agian, lanean gertatzen zait baten batek euskaraz ez jakitea eta haiengana jotzen dudanean gazteleraz egitea. Baina, 11 egun hauetan, eta batez ere haiek akuilatze aldera, agian ohikoa baino hitz gehiago egingo dizkiet euskaraz. Agian, hori da nik egingo dudan pausotxoa: beste batzuen akuilu izaten saiatuko naiz. Nik urte osoan daukat oso presente euskararen kontua.

3

Jendeak egin den ahaleginaren pareko erantzuna ematea espero dut. Ez dakitenen artean lotsak eta konplexuak kentzeko balio izatea espero dut; baina, batez ere, eragina euskal hiztunen artean izatea nahi dut, eta guk ere ohiturak aldatzea. Izan ere, askotan guk ere izaten ditugu konplexu batzuk; zenbait eremu ez hain euskaldunetan lehenbiziko hitza erderetan egiteko ohitura badugu, eta hori guztia aldatzea abiapuntu ona izan daiteke euskarak beharrezkoa duen bultzadarako.

IRENE LARRAZA

Etxepare institutuko zuzendaria

“Oso errotuak ditugun ohitura batzuk aldatzen laguntzea espero dut”
1

Noski! Ahobizi izango naiz.

2

Parean dagoenak euskaraz ez dakiela uste dudanean ere euskara erabiliko dut, eta, besteak ez badaki edo gutxi badaki, euskarara hurbiltzeko bidea egiten lagunduko diot, ahal dudan erarik jatorrenean.

3

Espero dut oso errotuak ditugun ohitura batzuk aldatzen laguntzea ahobizi zein belarriprest izaera dugunon aldetik. Baita euskara erabiltzearen garrantziaz gehiago jabetzea ere.

JON MAYA SEIN

Kukai dantza konpainiako zuzendaria

“Erabilera ohiturak benetan kezkagarri sentitzen ditut”
1

Bai, parte hartuko dut, ahobizi gisa. Euskararen erabilera ohiturak benetan kezkagarriak sentitzen ditut, eta mugarri bat ezartzeko helburua duen egitasmo oro babesteko jarreraz ekiten diot Euskaraldiari; Euskaraldiaren izpiritua urte osora zabaltzeko helburuarekin.

2

Egoera orokorraren eta ohituren inertziaren kontzientzia handiagoa izango dut, agian. Nire ohiko jardunean ez dut aldaketarik izango, jarrera horiek barneratuta sentitzen ditut.

3

Euskaradun izan eta euskara hiztun ez diren horien guztiengan aldaketa bat eragitea gustatuko litzaidake, baina egunez eguneko lan baten emaitza izan behar du horrek. Euskaradunak ez direnen aldetik, gustatuko litzaidake zerbaiten falta duten sentipena nabaritzea, eta hortik aurrera euskararekiko konplizitate bat erakustea.

JASONE OSORO

Idazlea

“Oso ariketa ona izango da ohitura falta dutenentzat”
1

Bai, parte hartuko dut. Ahobizi izango naiz, eta, egia esan, ez nuen birritan pentsatu; neure burua berba emateko aurrea hartzen ikusten nuen egitasmo honetan.

2

Ni euskaraz bizi naiz, eta horrek esan nahi du beti edo ia beti euskaraz esaten dudala lehen hitza. Halere, Euskaraldiari esker, ziur naiz ahobizi eta belarriprest direnen artean sorpresa bat baino gehiago hartu eta euskaraz aritzeko orain arteko taldea handituko dudala.

3

Oso ariketa ona izango da ohitura falta dutenentzat edo euskaraz aritzeko segurtasun falta dutenentzat. Euskaraldiak arrakasta izango du, ez irauten duen egunetan milaka pertsonak parte hartzen badute, baizik eta horietako askok eta askok amaitzen denean ere ahobizi eta belarriprest izaten jarraitzen badute.

MARKEL IRIZAR

Trek taldeko txirrindularia

“Gaztelerarako joerak, arduratu baino gehiago, min ematen dit”
1

Bai, ahobizi izango naiz. Ni oñatiarra naiz, baina Arrasaten bizi naiz, eta gaztelerarako joera handia dago Arrasaten. Gaztelerarako joera horrek, arduratu baino gehiago, min ematen dit. Gure gurasoek lan handia egin zuten, eta asko sufritu zuten frankismo garaian euskarari eusteko, eta gu apur bat lasaitu egin garela dirudi. Agian ez gara gai izan euskarari eusteak duen garrantzia transmititzeko. Gure aletxoa jartzeko modu bat izango da Euskaraldia.

2

Nik ezer gutxi aldatu beharko dut nire jardunean. Egia da badaukadala jende bat inguruan, euskaraz ozta-ozta egiten duena, eta erdarara jotzen duena, baina esango nuke nik euskaraz egiten dudala euskaraz dakiten denekin edo %99rekin. Beraz, ez dut uste asko aldatuko direnik nire ohiturak.

3

Nik uste dut, zoritxarrez, kontzientzia falta dela. Anje Duhaldek badu euskarari buruzko kanta bat “maita nazazu gutxiago, eta goza nazazu gehiago”, eta ni ados nago horrekin. Jende asko dago euskalduna dela esan eta ikurrina eta lauburua daramatzana, eta gero jo eta su gazteleraz aritzen dena. Beraz, apur bat hori da egin behar duguna: gutxiago esan, euskarari buruz gutxiago hitz egin, eta gehiago hitz egin euskaraz. Eta espero dut Euskaraldiak balio izatea norabide horretan pausoak emateko. Nik jendea iratzartzeko dei baten moduan ikusten dut Euskaraldia, ingelesez wake up call esaten dena, eta nik uste dut horretan lagunduko duela prozesu honek guztiak.

RAMON AGIRRE

Aktorea

“Aspalditxo honetan jada praktikatzen dut ‘ahobizi’ izatearena”
1

Ahobizi izango naiz Euskaraldian. Denok dakigunez, euskararen egoera eta euskararen presentzia gizartean ez da denok nahiko genukeena, edo ez, behintzat, nik nahi nukeena, eta orduan horri laguntzeko egiten den edozein egitasmotan parte hartzen dut, ahal baldin badut. Eta, hau bezala, jolas moduan baldin bada, are hobeto.

2

Nik esango nuke aspalditxo honetan jada praktikatzen dudala ahobizi izatearena, neure kabuz. Nik, beraz, ez dut uste ezberdintasun handirik sentituko dudanik.

3

Euskaraldiak ematen duena da, agian, konpromiso sendoagoa izatea. Eta kasu honetan txapa batekin identifikatu ahal izango ditugu belarriprest-ak, eta ikusiko dugu nola jokatzen duen jendeak. Jolas bat bezala izango da, baina interesgarria izango da ikustea jendeak zer egiten duen.

ALBA MENENDEZ

Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina

“Uste dut euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzen lagunduko duela ariketa honek”
1

Bai, ahobizi gisa parte hartuko dut Euskaraldian. Oso ariketa ona iruditzen zait; nire kasuan, balioko dit konturatzeko zenbat alditan egin ahalko nukeen euskaraz, baina, ohituragatik, edo ez dakidalako parean dagoenak euskaraz dakien edo ez, erdarara jotzen dudan.

2

Ezezagunekin eta, gehienbat, denda edo tabernaren batera sartzean, aurreneko hitza beti euskaraz egingo dut. Eta taldean, nahiz eta erdaldunak eta atzerritarrak badauden, euskaraz dakigunon artean, behintzat, euskaraz egitea izango da nire helburua.

3

Gehienbat ohiturak aldatzea espero dut. Nahiz beste pertsonak euskaraz dakiela jakin, inguruagatik edo ohituragatik erdarara jotzen dugu, eta uste dut ariketa honek ohitura hori aldatzen eta euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzen lagunduko duela. Eta, halaber, lagunduko du, beste pertsonak erdaraz erantzun arren, ulertzen ez duela esan arte komunikatzeko modua euskara izan dadin.

JOSE LUIS REBORDINOS

Zinemaldiko zuzendaria

“Arreta berezia jarriko diet euskaraz hitz egiten didatenei”
1

Bai, parte hartuko dut. Belarriprest izango naiz. Nire euskara mailak euskara ia normaltasun osoz ulertzea ahalbidetzen dit, eta elkarrizketa errazak mantentzeko gaitasuna ere badut, baina nire ideiak ondo azaltzeko unean zailtasunak ditut.

2

Belarriprest gisa identifikatuko nauen txapa jantziko dut, eta arreta berezia jarriko diet euskaraz hitz egiten didatenei.

3

Nik espero dudana da euskara ikasteko denbora ateratzen jarraitzea, eta gutxinaka-gutxinaka gero eta erraztasun handiagoarekin hitz egiteko gaitasuna izatea.

NEKANE ARZALLUS

Gipuzkoa Basketeko presidentea

“Uste dut arrastoa utziko duela 11 eguneko ahaleginak”
1

Bai, ahobizi gisa. Bi rolak iruditzen zaizkit izugarri garrantzitsuak, baina, nire hizkuntza ohiturak aldatzeko eta nire inguruan dauden inertziak apurtzeko, paper aktiboa hartzeko erabakia hartu dut, eta horregatik izango naiz ahobizi.

2

Saiatuko naiz ezezagun guztiekin lehen hitza euskaraz egiten; baina, batez ere, nire inguruko hainbat euskaldunekin gaztelaniaz aritzeko daukadan ohitura aldatu nahi dut, eta hori izango da nire erronka nagusia.

3

Uste dut arrastoa utziko duela 11 egunetan egingo dugun ahalegin horrek. Hala espero dut, behintzat. 11 egun ditugu ohiturak aldatzen hasteko, eta 12.etik aurrera horri eutsi behar diogu.

JOKIN APERRIBAI

Realeko presidentea

“Uste dut lagunduko didala euskararekin aurrerapausoak ematen”
1

Belarriprest izango naiz. Duela pare bat aste eman nuen izena. Nire euskara maila ez da nahiko nukeen bezain ona, eta hobetu egin nahiko nuke.

2

Pertsona desberdinekin hitz egin eta ikasten saiatuko naiz. Nire esku dagoen guztia egingo dut, nahiz eta euskaraz gutxi jakin. Ostiralean Mintzodromora joateko asmoa daukat.

3

Euskaraz hitz egiteko zailtasunak dauzkat, eta aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dut. Uste dut aurrerapauso horiek ematen lagunduko didala Euskaraldiak”.

JOKIN ALTUNA

Pilotaria

“11 egunetan saiatuko naiz nire ahalegina pilota esparrura eramaten”
1

Ahobizi izango naiz, ikusten dudalako denok dugula euskararen erabileran aurrerapauso bat emateko aukera.

2

Enpresan gertatzen zaigu hamar bat lagun egotea, horietatik gehienak euskaldunak izatea, beste pare bat ulertzeko gai izatea eta besteren batek ez ulertzea, eta horren erosotasunagatik denok gazteleraz aritzea. Nik uste dut denok jarri behar dugula zerbait gure aldetik, eta 11 egun horietan saiatuko naiz nire ahalegina pilota esparrura eramaten.

3

Kontzientzia areagotzeko balio du. Denok hobetu nahi dugu euskararen egoera, eta euskaldunak izan baina gure artean gazteleraz egiten dugunok pauso garrantzitsua eman behar dugu. Eta espero dut 11 egunotatik aurrera ere bere emaitzak ematea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.