Atotxatik Anoetarako zubia

Atotxatik Anoetarako zubia

Asier Imaz

Anoeta futbol zelaiko lanak 2019ko uda amaieran bukatzea espero dute Realeko arduradunek, eta 2019-2020ko denboraldirako iragarri dute inaugurazio ekitaldia. 25.000 ikuslerentzako lekua dago egun, eta 42.000 eserleku egongo dira berrikuntza lanak amaitzen dituztenean.

1993ko abuztuaren 13an inauguratu zuten Anoeta estadio berria, Realaren eta Real Madrilen arteko partidarekin. Txuri-urdinek, ordura arte, Atotxan jokatu zituzten etxeko partidak. Realak eta Euskadiko selekzioak 1993ko ekainaren 22an jokatu zuten azken partida futbol zelai txikian. Bi partida horietan, Joaquin Urio Velazquez izan zen epailea; hau da, zelai zaharraren azken egunean eta berriaren lehenengoan. Gertaera hura “harro” gogoratzen du Donostian jaio eta Tolosan bizi den Espainiako Lehen Mailako epaile ohiak. “Erabateko aldaketa” nabaritu zuela dio, eta “ohorea” izan zela.

Historiara beste hainbat arrazoirengatik ere pasatu zen Anoetako lehen partida hura. Besteak beste, epailea, lehen aldiz, beltzez jantzita zelairatu beharrean, koloretako jantziarekin azaldu zen. “Gipuzkoako epaile eskolan euren jantzia erosi behar izaten zuten gazteek, eta niri ez zitzaidan gustatzen hori”. Astore enpresako nagusiaren semeekin eta El Diario Vasco egunkariko arduradun batekin oso harreman ona zeukan garai hartan. “Eta eurei esan nien ea zer edo zer egin zitekeen. 300 jantzi lortu genituen. Ez ziren beltzak, baina oso politak ziren, eta Anoetako lehen partida hartan estreinatzea erabaki nuen”, gogoratu du epaileak.

Iritzi guztiak ez ziren izan, ordea, koloreak bezain politak. Espainiako Federazioko ordezkariak ere joan ziren partida ikustera, eta horiei ez zitzaien gustatu aldaketa. Epaile ohiak hala kontatu du gertatutakoa: “Jendeari, oro har, gustatu zitzaion arropa aldaketaren kontua, baina federazioko ordezkariak etorri zitzaizkidan partidaren ondoren trago bat hartzen ari nintzela, ea baimena nori eskatu nion galdezka”. Argi erantzun zien: “‘Inori ez’. Ez zitzaien asko gustatu, eta gurutze bat jarri zidaten; denbora dezentean mantendu zuten gero”.

Bitxia da kontua, baina, epaile lanerako, kolore beltza gehiago gustatzen zaio beltzaren monopolioari amaiera eman zion epaileari. “Uste dut beltza dela epailearen kolorea; horixe da politena”. Oroitzapen gazi-gozo haiekin batera, lehen partidako baloia ere eraman zuen etxera epaileak.

Urio Velazquez 1947an jaio zen Gipuzkoako hiriburuan, eta Tolosara ezkondu zen, 25 urterekin. Epaile lanetan hasi aurretik Realeko jokalaria izan zela gogoratu du: “Orduan, hondartzatik hartzen zituen jokalariak Realak, eta Donostiako Amaikak Bat elkartean jokatzen nuen nik, aurrelari postuan. Orduan, ez zegoen haur, kadete eta horrelako mailarik. Gazte mailan hasten zen Realeko ibilbidea, eta han egin nituen bi urte. Lurralde mailako beste hainbat taldetan aritu nintzen ondoren”.

Auzoko txapelketa batean, ordea, Martutenen —3 urte zeuzkala joan ziren hara bizitzera—, epailea ez zen agertu zelaira, eta Urio Velazquezi esan zioten lan hori egiteko. “Garrantzitsua zen Martuteneko txapelketa hori, epaile profesionalak eramaten baitzituzten. Egun hartan, ordea, nik bete nuen hutsunea”. Nahiko ondo egin izango zuen epaile lana, “handik aurrera beti ni aritu bainintzen epaile gisa”, azaldu du. “Hori bai: auzokoa nintzenez, kobratu gabe”. Espainiako Bigarren Mailako Donostiako epaile batek ikusi, eta epaile eskolara joateko gomendioa eman zion berehala.

Hugo Sanchez eta Stoitxkov

Pausoa eman, eta Urio Velazquezek 30 urte igaro zituen epaile lanetan; maila guztiak igarota, hamabost urtez aritu zen Lehen Mailan; horietatik bost, nazioarte mailan. Adibide gisa, Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko partida gehien arbitratu duen epailea da donostiarra. Bere ibilbideko partidarik garrantzitsuena, berriz, Hondurasen eta El Salvadorren artekoa izan zela azaldu du: “Joaneko partidan armada sartu zen zelaian, izan ziren gertakariengatik. Pentsa, beraz, itzuliko partidan nolako giroa zegoen”. Hegazkin batean sartu eta partida hura zuzentzera bidali zuten. “Eta izugarria izan zen. Txartel bakar bat ere atera gabe amaitu nuen partida. Ondoren, Hondurastik eskaintza egin zidaten bertako federaziora irakasle gisa joateko”. Eskaintza “oso oparoa” zela onartu du. “Baina argi erantzun nien: inondik inora ere ez”. Urio Velazquezi ez zioten alferrik deitzen Maisua.

Milaka bitxikeria eta historia badituela adierazi du epaileak. “Liburu bat idazteko adina bai!”. Eta amaiezinak dira jokalariekin izandako pasadizoak ere. Bi izen aipatu ditu beste guztien gainetik: Hugo Sanchez eta Hristo Stoitxkov. “Jazarpen mania niola esaten zuen Sanchezek. Ez zegoen horrelako ezer, baina egia da hirutik bitan kaleratzen nuela. Stoitxkov, berriz, ez zen isiltzen. Lagun mina nuen Jose Mari Bakero, eta beti berbera esaten nion: ‘Bost minutu baino lehen isiltzen ez baduzu, kaleratu egingo dut'”.

Munduko Kopako azken fasean parte hartu ez izana, arantza hori dauka epaileak. “Baina gutxi iristen dira Lehen Mailara, eta pentsa zenbat iristen diren Munduko Kopara”. Pena bat ere badauka: “Gaur egun, Lehen Mailan, ez dagoela Gipuzkoako epaile bakar bat ere”. Pasioz bizi izandako ibilbidea amaituta, zelaietatik urrun ikusten du futbola, telebistaz. Atotxari agur eta Anoetari kaixo esan ondoren, batek daki Anoeta berriak zer-nolako harrera egingo dion Maisua-ri.

Leave a Reply

Your email address will not be published.