Errezil sagarraren amabitxiak

Aitziber Arzallus

Boladan dago tokian tokiko eta garaian garaiko elikagaiak kontsumitzea; eta, zer esanik ez, boladan dago feminismoa. Badira, baina, urteetan balio horiek jorratu eta sustatu izan dituzten proiektuak, benetan gizarteari zenbaterainoko ekarpena egiten ari ziren ohartu ere egin gabe. Errezilgo Azoka da adibideetako bat, Errezil sagarraren bueltan duela 30 bat urte Errezilgo zazpi emakumek sortu zuten kooperatiba.

Errezil sagarrari aterabidea eman, eta, bidez batez, herrira bisitariak erakartzeko helburuarekin hasi ziren lanean. “Herriko baserritarrak inguruko azoketara joaten ziren sagarrak saltzera, eta jendea Errezilera sagar hori erostera etor zedin zergatik ez genuen zerbait egiten pentsatu genuen”, azaldu du Jone Irulegik, Errezilgo Azokako kideetako batek. Deialdi bat egin zuten udalaren laguntzarekin. “Eta bizpahiru bileraren ondoren, zazpi baserrik erabaki genuen proiektuan parte hartzea. Emakumeak ginen lanerako prest geunden guztiak”.

Hasieran, udalak lokala utzi zien Errezil sagarra eta harekin egindako produktuak saltzeko. “Bakoitzak geure etxean egiten genituen produktu horiek, eta hemen saltzen genituen gero”. Garaiko beste zenbait produktu ere saltzen zuten: intxaurrak, urrak, babarrunak…

Dendak hasieratik martxa ona hartu zuela gogoratu du Irulegik. “Nahiko ondo saltzen hasi ginen, eta animatu egin gintuen horrek. Diru laguntzak lortu, alboko lokala hartu, eta eraldaketa gela jarri genuen martxan. Harrezkero, hona ekartzen dugu lehengaia eta eraldaketa gelan egiten dugu dena; elaborazio guztiak eta etiketatzeak ere bai. Hortik ateratzen dira produktuak Errezilgo Azoka markarekin”. Etxean dutena erabiltzen dute aurrena; eta, nahikoa ez badute, inguruko baserrietakoa.

Produktu berriak merkaturatzeko bidea eman zien eraldaketa gelak. “Errezil sagarraz eta harekin egindako produktuez gain, herrian ekoizten diren beste fruitu batzuekin marmeladak egiten hasi ginen; udareekin eta aranekin, adibidez. Beste zenbait fruitu erosi egiten ditugu: marrubi garaian, marrubia; albarikoke garaian, albarikokea…”.

Astean zazpi egunez irekitzen dute denda —igandeetan, goizez—, eta, horrez gain, azoka batzuetara ere joaten dira. “Inguruko herrietan egiten dituzten azoka berezietara joaten gara, eta, ostiralero, Azpeitiko azokara. Zenbait dendatan ere saltzen dituzte gure produktuak: Tolosan, Beasainen, Ordizian, Azpeitian, Azkoitian, Donostian, Zestoan eta Zumaian, behintzat, eros daitezke”.

Emakumeen proiektua

Errezilgo Azoka betidanik izan da emakumeen proiektua. 30 urteotan elkartetik kide gehiago pasatu diren arren, gaur egun ondorengo bost emakumeek osatzen dute kooperatiba: Begoña Galarragak, Maria Jesus Galarragak, Jone Irulegik, Maria Luisa Aranburuk eta Belen Esnaolak.”Hasieratik gaude batzuk; beste batzuek, berriz, erretiroa hartu zuten, eta berriak sartu dira haien tokian, emakumeak denak”, zehaztu du Irulegik. “Ez da erabakitako zerbait izan, halaxe suertatu da”. Baina aitortu du horrek izaera berezia eman diola proiektuari. “Oso indartsu sentitu izan gara taldean, eta laguntasun handia eman digu. Gure lantokia da, bai, baina askoz gehiago da; elkarrekin egoteko eta gure gauzak besteekin partekatzeko gunea ere bada. Gaur egun, agian, ohikoak dira horrelako guneak, baina duela 30 urte, ez”.

Azaroaren 23tik abenduaren 2ra Errezil Sagarraren Astea ospatuko dute herrian. “Udalaren laguntzarekin, duela hogei urte baino gehiago hasi ginen antolatzen abenduko lehen igandean Errezil sagarraren azoka”. Ibarbia, Errezilgo Errezil Sagarra elkartea sortu zuten, ordea, duela lau urte, eta, harrezkero, azoka antolatu beharrean, astea antolatzen dute denen artean.

Gaur hasiko dira Errezil Sagarraren Asteko ekitaldiak, Josu Tellabidek baserrietako izen eta abizenen inguruan emango duen hitzaldiarekin; Borondegin izango da saioa, 21:00etan. Hilaren 28an, Xabi Izagirre Azpeitiko Elikaguneko sukaldariak hiru orduko ikastaroa emango du Erniope elkartean, 19:00etan. Hilaren 30ean, pintxo potea izango da herrian, sagarrez egindako pintxoekin. Aurtengo Errezil sagarraren asteko ekitaldirik bereziena, baina, abenduaren 1ekoa izango da, ziurrenik, Errezil Sagarraren Ibilbidea aurkeztu eta inauguratuko baitute egun horretan.

“Errezil sagarra indartzeko eta kanpoan ezagutarazteko sortu genuen Ibarbia Errezilgo Errezil Sagarra elkartea. Elkarteak hainbat azterketa egin ditu urte hauetan, eta liburu bat kaleratu ere bai. Baina gehiago sakondu nahi genuen Errezil sagarra ezagutarazteko ildo horretan, eta ibilbide bat prestatzea erabaki genuen, herrira zetozenek aukera izan zezaten paseo bat ematen zuten bitartean Errezil sagarra zer den jakiteko eta sagastiak bertatik bertara ikusteko”, azaldu du Irulegik.

Koldobika Jauregiren lanak

Errezil sagarraren ibilbidea prestatzea izan zen hurrengo lana. “Bi sagar egin ditu Koldobika Jauregi eskultoreak. Bata, herriaren sarreran jartzeko, eta, bestea, irteeran. Horrez gain, totem bat ere egin du, plazan jartzeko. Sagastietatik barrena, 3,5 kilometro ditu ibilbideak. Zazpi informazio panel daude ibilbidean, Errezilgo kulturaz, ohiturez, baserriez, mitologiaz, Errezil sagarraz, Hernioz… azalpenak emateko. Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-ren bertso bana dauka panel bakoitzak.

Abenduaren 2an biribilduko dute astea, Errezil Sagarraren Azokarekin. Sagarrez eta sagarkiez osaturiko postuak izango dira guztiak. Horrez gain, sagar muztioa nola egiten den ikusteko eta dastatzeko aukera ere izango da. Bestalde, gaztain erreak, artisauak eta sagar dultze lehiaketa ere izango dituzte Errezilen.