‘Martutene protokoloa’

Danel Agirre

Duela lauzpabost urte saskibaloiaz idaztea eskatu zidatenean, jesus batean erantzun nuen baietz, BERRIAko kirol sailekoei eskaintzari buruz damutzeko betarik ez ematearren. Tratua itxi orduko, barrenak irauli zitzaizkidan, ordea. Jarduera oso espezifiko bat astero xehatzen duen zutabegileari nik eskatzen dizkiodan ezaugarrietatik (zorroztasuna, autoritatea, asmamena) bat beraren jabe nintzenik ez nuen uste —eta ez dut uste— inola ere, eta berandu baino lehen nire gaitasunik eza nabarmen geratuko zenarekin obsesionatu nintzen. Nire estuan, putzutik irteteko modu bakarra bururatu zitzaidan: kirol analistarik jantzienak topatu, eta haien estilo eta baliabideak kopiatzen saiatzea.

Prospekzioaren uneren batean, Alemaniako futbolari buruzko blog batekin topo egin nuen El País egunkarian: Fernando Aranburu idazlearen Balón teutón (ni ez nintzen luzitu Saski Da! izenarekin, baina Balón teutón ere… pufa). Sarrera guztiak irakurri nituen, eta segituan erabaki nuen bilduma hura erreferentzia moduan hartzea. Inola ere egin nahi ez nuenaren erreferentzia moduan, hain zuzen ere. Egun batzuk lehenago prentsan agertutakoen berridazketa nagiaren itxura guztia zuten haren testuek, eta, batez ere, ez zen antzematen Aranburuk denboraldi osoan Bundesligaren minutu bakar bat ikusi ote zuen. Benetako hortzetako mina, ordea, Viaje con Clara por Alemania lanetik ezagun nuen bere idazkerak eragin zidan: hanpatua, justifikaziorik gabeko hitz joko kaskarrez josia, eta, nire begietara, guztiz jasanezina.

Bi urtera argitaratu zuen Patria, eta norbaitek gure zeraren inguruko kontaketa literario ofizial, bakar eta betirakoa izango dela erabaki zuen, HBOren moldaketa eta guzti. Memoriaren partida galtzera goazenak ez ninduen pipertu, jokaleku politiko horretan zereginik ez dugula aspaldi barneratu nuelako, kiroltasunez. Trama alferrontziak, kartoizko protagonistak, elkarrizketa sinestezinak eta hizkuntzaren erabilera ezin artifizialagoa darabiltzan liburu gizen askoaren irakurketa ehunka mila laguni inposatzea, hori bai, ankerkeria iruditu zitzaidan.

Lanzaroteko lagun batek bazkaltzera gonbidatu ninduen asteburuan. Patria oparitu diotela kontatu zidan pozarren, eta mesanotxean zintzilik duen nobela bat errematatutakoan helduko ziola. Ez zen antzeko zerbait entzuten nuen lehenbiziko aldia, eta Martutene protokoloa aktibatzea tokatu zitzaidan. Niri kasurik egin ez, eta Aranbururi aurreiritzirik gabe ekiteko eskatu nion, arren, baina nahi bazuen, Saizarbitoria izeneko baten liburua eta nire ustez gure zerari buruzko benetako eleberri taxuzkoa dena ere oparituko niola agindu nion. Baiezkoa eman zidan, eta zerrendan apuntatu nuen: Gabonetan etxetik Berlinera itzulitakoan, Martutene-ren bospasei ale kargatu behar ditut maletan, gaztelania eta ingelesezkoak, protokoloa aktibatu dudanetan emandako hitza betetzeko.

Euskal Herrian Saizarbitoria estimutan dugun galdetu zidan ondoren Lanzaroteko lagunak. Muturra okertu, eta egia aitortu nion, ezetz, Martutene inor gutxik irakurri duela. Imanol Epelde nire jainko txikiaren superbotereek ekiditen ez badute, gaineratu nion, bi belaunaldiren bueltan euskal kultura irentsiko du espainiarrak, korrokada ozen batekin. Eta are etsigarriago, ez zaigu gustu onaren kontsolamendurik geratuko sikiera. Saizarbitoria ez dute Chirbes, Berlanga edo Paco de Luciaren gisakoek ahantzaraziko gurean, amaitu nuen dramatiko samar, Aranburu, Jorge Javier Vazquez, Taburete eta haien oinordekoek baizik.