Transmisioari hegorik ebaki gabe

Transmisioari hegorik ebaki gabe

Unai Zubeldia

Sormena eta transmisioa dira Azpeitiko Kultur Mahaiaren bi ardatzak”. Eta, bi muturrak elkarrengana bilduta, Mikel Laboak egindako ekarpena eta haren irudia baliatu nahi izan dituzte zubi lan hori egiteko. “Ez da omenaldi soila izango”, zehaztu du Aitor Bengoetxeak, Laboaldia ekinaldiko antolatzaileak. “Ez da negar egiteko ziklo bat. Laboaren lan egiteko modua eta ikusmoldea hartu, jaso, eta sortzeko ariketa egin nahi dugu hamar egunotan”. Abenduaren 1ean hamar urte beteko dira Mikel Laboa hil zela, eta, udalaren laguntzarekin, Laboari buruzko ziklo bat antolatzea erabaki dute Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak. “Euskal kulturaren erreferentzia nabarmena da Mikel Laboa, hurrengo belaunaldiei transmititu beharreko balio horiek guztiak bere barnean biltzen dituen artista”.

Azpeitiko Kultur Mahaiak sormen gune bat eskainiko du 2019tik aurrera, eta prozesu hori baliatu dute musikariari keinu txiki bat egiteko. “Laboa ez dugu aztertu nahi kantagintzatik edo musikagintzatik bakarrik; eragin nabarmena izan zuen hainbat diziplinatan, eta Laboaren unibertso poetiko guztia bildu nahi dugu Laboaldian”. Herriko eragileekin lanean hasita, “erabateko sormen prozesua” bizi izan dute azken hilabeteotan. “Zortzi ekimen eskainiko ditugu hamar egunotan”. Hasi herenegun Azpeitiko udal aretoan inauguratu zuten erakusketarekin —EHUko Mikel Laboa katedrarekin kontrastatu zuten ideia lehen pausoak ematen hasi aurretik—, eta amaitu abenduaren 1eko Laboa hamaika ahotsetara kontzertuarekin.

Hitzaldiak, murala, bisita…

Horiek izango dira Laboaldiaren bi muturrak, baina musikariaren arlo teorikoa eta praktikoa landuko dituzte tartean. “Hitzaldi trinkoren bat badago egitarauan”, azaldu du Bengoetxeak. “Azaroaren 27an Ana Gandarak egingo duena, adibidez”. Laboaren kateak: iragana eta oraina, zilbor-heste hitzaldia emango du Gandarak, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. “Letrei dagokienez, berriz, Laboaren begiak liburuxka plazaratu du Alaitz Aizpurua herritarrak”. Mikel Laboak lotura berezia izan zuen Jose Luis Zumeta Usurbilgo margolariarekin. Eta Usurbilera, Zumetaren estudiora txangoa egingo dute gaur zortzi, “Laboaren iruditeri hori ezagutzeko”.

Horrez gain, mural bat ere margotuko dute herrian, “bere irudia urte askoan presente edukitzeko helburuarekin”. Ibon Rodriguezen eskutik, berriz, Laboaren belarria solasaldia eta entzunaldia ere izango da, azaroaren 20an, Azpeitiko gaztetxean. “Laboak bere musika unibertsoa nola osatu zuen ikustea da helburua. Laboa bera zuzenean entzun gabe, haren erreferentziak eta eraginak zein izan ziren eta musikariak zein arrasto utzi duen ikasi ahal izango dugu”.

Indarra sormen prozesuan jarrita, mimoz lantzen ari dira abenduaren 1eko Laboa hamaika ahotsetara kontzertua. “Herriko eta eskualdeko berrogei bat musikarik parte hartuko dute ekitaldi berezi horretan, eta Laboaren hogei bat abesti moldatuko ditugu. Rapa, bossa nova, bertsoak… denetik izango dugu, eta oso gau berezia izango da”.

2013an, kezka bati tiraka ekin zioten Azpeitian sormen eta transmisio lanari. “Beti oso presente eduki izan dugu nondik gatozen eta geure balioak zein diren, eta polita izan da adin desberdineko jendea elkarlanean ikustea”. Bengoetxearen hitzetan, Laboa ez da hain aspaldikoa. “Baina mundua doan abiaduran, azkarregi ahazten ditugu gauzak. Guretzat oso beharrezkoa da transmisio lan hori egitea, eta horregatik saiatuko gara omenaldi soil batetik harago sustraiak sortzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.