Diru zorroan sartzen diren mendiak

Kerman Garralda Zubimendi

Herrialde bakoitzak bere identitate sinboloak eratzen ditu herritarren artean harrotasun puntu bat pizteko. Dirua eta paisaia partekatzen ez diren bi sinbolo direnez, baliabide egokiak dira herrialde baten nortasuna eraikitzeko. Hain egokiak, non batzuetan bat egiten duten. Euskal Mendizaletasunaren Museoak, Sabadellgo (Herrialde Katalanak) Mendi Informaziorako Zerbitzu Nagusiarekin batera, mendi enblematikoak dituzten billeteen bilduma ikusgai jarri du Mendi bete diru erakusketan, Ordiziako D’elikatuz gunean. Sala bakarreko erakusketa da, baina munduari bira emateko nahikoa.

Sei kontinenteetako 66 herrialdetako billeteak daude ikusgai. Bere herrialdeko paisaia adierazgarrienetako bat erakusten du bakoitzak, eta Antxon Iturriza euskal mendizaletasunaren historialariak irudiari sakontasuna ematen dio bere azalpenekin. “[Juan Sebastian] Elkanok hiru urte behar izan zituen munduari bira emateko; Jules Vernek, 80 egun; eta Mendi bete diru erakusketako bisitariak, 66 billete. Afganistanen hasi eta Zimbabwen amaituko dugu txangoa, eta punta batetik bestera jauzika ibiliko gara tartean”.

Afgania da Afganistango dirua, eta Darkot igarobidea dago irudikatuta 50 afganiko billeteetan. “Hindu Kux mendigunean dago Darkot lepoa, Xakaur mendia bezala. Euskal Herritarren lehen zazpi milakoa izan zen Xakaur, 1976an. Javier Garreta nafarrak gidatu zuen espedizio hura. Istripua izan zuten beherakoan, eta bertan hil zen Leandro Arbeloa mendizalea”, oroitu da Iturriza.

Billeteetan agertzeko, baina, mendiek ez daukate garaiera beldurgarririk izan beharrik. “Argentinan egon badaude mendi garaiagoak, baina gutxi dira Martial Mendiak bezain esanguratsuak [940 metro]. Ushuaia inguruan daude mendi horiek, Beagle kanalaren kostan, eta mundua bertan bukatzen zela esaten zuten garai batean”.

Antartikako dolarra

Antartika dago Hornos lurmuturraren bestaldean. “Ez galdetu ea bertan dirua ateratzeko kutxazainik badagoen edo ez, baina billeteak badituzte”, dio Iturrizak, txantxetan. Antartikako dolarrarekin ezin da ezer erosi, ez baitauka baliorik. Antartikako atzerriko truke bulegoak jaulkitako bilduma objektu bat da, eta Antartikako ikerketa zientifikoak ordaintzen dituzte kontinentearen inguruko gertakari historikoak, pinguinoak eta glaziarrak dituzten billeteak salduz.

Antipodetan daude Artikoko lurraldeak, baina diru kontuetan ez dira horren desberdinak. 2010etik, Artikoko lurraldeek ere baliorik gabeko euren diru propioa saltzen dute ikerketara bideratzeko. “Fridtjof Nansen agertzen da Artikoko billeteetan. Bakearen Nobel saria irabazi zuen; Ipar Polora heldu zen lehen pertsona izan zen, eta hark egin zuen Groenlandiako lehen zeharkaldia eskiekin. Handik ehun urtera, zeharkaldi berbera egin zuten Dina Bilbaok, Josu Iztuetak, Angel Ortizek, Txiki Plazak eta Nekane Urkiak, Groenlandia 88 izenpean”.

Dina Bilbao ez zen jaio geldi egoteko, eta mundu guztian ibili zen, hara eta hona. Iñigo Ross Iztueta euskal-antiguarrarekin batera, Karibe inguruko Santa Luzia uhartean bizi izan zen 1997an itsasoan desagertu aurreko urteetan. “Ekialdeko Karibeko Estatuak osatzen ditu Santa Luziak, beste hainbat herrialderekin batera. Gros Piton eta Petit Piton monolito bikiak ikus daitezke hango dolarretan”. Zorrotzak dirudite itsasotik ateratzen diren 700 metroko orratzek.

Jatorri bolkanikoko mendiak dira Piton bikiak, Etiopiako birr billeteetan agertzen den Ras Dashen mendia bezala. “Euskal Herritar batek igotako 4.000 metroko lehendabiziko mendia da. Anton Abadia hara igo zen XIX. mendearen erdialdera”. Galinier eta Ferret Frantziako esploratzaileek 1841ean egindako igoera da erregistratutako lehena, baina ikertzaileek uste dute lehenago ere igo zirela inguruko artzainak.

Iturrizak galdegin du ea nortzuk diren mendizaleak. “Mendizalea ez al da plazeragatik igotzen dena? Bada, beste arrazoi batzuengatik igo ziren Ras Dashenera”. Eta gaineratu du: “Paso del Cortes igarobidea ikusten da Mexikoko pesoetan. Hortik igotzen da Popocatepetl mendira. Betidanik esan izan da Hernan Cortesen soldaduak izan zirela gailurrera igo ziren lehendabizikoak. Baina mendizaleak ziren soldadu horiek?”.

Mendiaren gogortasuna

Kirgizistango Som billeteak ere ikus daitezke erakusketan, Khan Tengri mendia irudikatua dutela. “Mendi madarikatua da euskal mendizaleentzat”, azaldu du Iturrizak. “Hiru istriputan hiru euskal mendizale hil dira Khan Tengri mendian. Nahiz eta ez duen zortzi mila metroko langa gainditzen, mendi tekniko eta arriskutsua da. Gainera, oso iparraldean dago, eta eguraldia oso gogorra izan ohi da han”. 2001ean, berriz, Aritz Artieda, Javi Arkauz, Cesar Nieto, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza Pumori mendian hil ziren, elur jausi batek harrapatuta.