Nerea Altxu: “Ziklo bat amaituko da Zarautzen, eredu bat, baina ez Kilometroak”

Nerea Altxu: “Ziklo bat amaituko da Zarautzen, eredu bat, baina ez Kilometroak”

Unai Zubeldia

1977an eman zuen lehen pausoa Kilometroak jaiak, Beasainen eta Lazkaon, eta, 41 urte geroago, aro baten amaiera irudikatuko dute hurrengo urtean, Zarautzen, Salbatore Mitxelena ikastolaren eskutik. Maiatzean ekin zioten lanari, eta, lehen lantaldeak osatuta, gaur aurkeztuko dituzte logotipoa eta leloa, 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegian. Urte eta erdiko lanketan geldialdi txiki bat besterik ez da izango hori. Nerea Altxu 2019ko Kilometroak jaiaren koordinatzaileak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1980) adierazi duenez, hirugarren urtez “ardura handiarekin, baina ilusioz gainezka” heldu dio Zarautzek Kilometroen antolaketa lanari.

Kilometroak 2019 Zarautzen. Oraindik urruti dago urria, baina dagoeneko hasita egongo zarete prestaketa lanekin, ezta?

Hasita gaude, bai. Maiatzean jarri genuen martxan prozesua, eta 2019ko Kilometroak jaiaren komunikazio ildoa zehaztea izan zen lehen urratsa. Horretarako, ezinbestekoa zen ikastolaren parte diren alde guztiekin biltzea, eta, hain zuzen ere, lanketa horretatik atera dira logotipoa eta leloa. Ekain aldera, guraso, ikasle eta langileen artean bozketa egin genuen hogei proposamenen baino gehiagoren artean lelo bat aukeratzeko, eta berberaren alde egin zuten guztiek. Logotipoari dagokionez, berriz, beste lantalde bat aritu da lanean, aukeratutako leloa oinarri hartuta.

Beldur edo errespetu pixka bat sentitzen al da Kilometroen gisako erronka bati heltzean?

Zalantzarik gabe. Uste dut urtebete geroago Kilometroak jaia antolatzea tokatzen zaien guztiek izaten dutela sentimendu hori. Handia da erronka, baina ilusioz gainezka gaude.

Aldaketa prozesu batean murgilduta dago Kilometroak jaia, eta orain arteko egiturarekin egingo den azkena izango da 2019koa. Fase bat behar bezala amaitzeko ardura gehigarririk sentitzen al duzue?

Tira… Antolatzaileek urtero izaten dute ardura handia, baina egia da orain arteko ereduaren azken urtea izateak areagotu egiten duela ardura hori. Ohorea ere bada, ordea, antolatzaile lanetan aritzea. Zarautzek hirugarren aldiz antolatuko ditu Kilometroak; 1987an antolatu zuen jaia lehen aldiz, eta 2004an bigarrenez, Oriorekin elkarlanean. Ea 2019an ziklo hori behar bezala borobiltzen asmatzen dugun.

Argi utzi beharko da, hala ere, Kilometroak jaia ez dela amaituko, ezta?

2019an Kilometroak jaia bukatu egingo dela entzun dut leku batean baino gehiagotan; Zarauzkoa izango dela azkena. Baina hori ez da hala. Kilometroak jaia ez da amaituko Zarautzen; ziklo bat amaituko da, eredu bat, baina ez Kilometroak jaia. Eredu berri horren inguruko lanketa handia egin du Ikastolen Elkarteak, eta eraldaketa fasean gaude orain, aldaketa puntuan. Proiektua ez da hemen amaituko, ordea.

Horrelako ekitaldi bat prestatzeko, baliagarria izango da iraganeko esperientzia, ezta?

Guztiz baliagarria da. 2004an antolatzaile eta koordinatzaile lanetan aritu zirenekin elkartu gara, eta 1987ko talde eragilearekin ere harremanetan jarri gara. Nabari da herrian oso oroitzapen ona daukala jendeak; irribarrea ateratzen zaie denei; helduenei, batez ere. 1987ko memoria, kaseteak, kantu liburuak, 2004ko ipuin bildumak, argazkiak… Material asko eman digute, eta ikastolako langileek eurek ere kontatu digute euren esperientzia. Oso gauza politak ari gara aurkitzen.

Hainbat lantalde sortzen ari zarete, eta, horien artean, feminismoaren batzorde gisa izendatu duzue orain arteko parekidetasun batzordea. Zergatik?

Parekidetasun batzordeak ibilbide txikia dauka Kilometroen antolakuntzan. 2015ean batzorde modu berezian txertatu zen, Usurbilen; kasualitatez, Usurbilen bertan ari nintzen lanean orduan, eta prozesuan parte hartu ahal izan nuen. Urte hartan sortu zen parekidetasunaren lantaldea, baina gure ukitua eman nahi izan diogu guk; uste genuen gauza bakoitzari bere izena emateko garaia zela. Gauza jakina da feminismoak, oraindik ere, erresistentzia handia daukala gizartean, eta hori gainditu eta feminismotik jarduteko aukera polita geneukala ikusi genuen. Ilusioa sortu du lantalde horrek; kontzeptua irakurtzeak berak poza eragin die guraso eta langile askori.

Feminismoaren lantaldeaz gain, beste hainbat ere osatzen ari zarete orain, ezta? Nahi duenak zabalik izango ditu ateak, noski…

Bai, bai. Urtero bezala, lehentasunezko lantaldeak jarri genituen martxan lehenengo; arroparen, komunikazioaren eta ekonomiaren lantaldeak, esaterako. Eta orain ari gara gainontzeko guztiak martxan jartzen: txosnen batzordea, zirkuituarena, prebentzioarena, erronkarena… Herritar guztiek zabalik dauzkate ateak; ikastolako langile, guraso, ikasle ohi… Guzti-guztiek. Lantalde bakoitzak herritar kopuru jakin bat behar du urtean, eta, gutxi gorabehera, 1.500 boluntario beharko ditugu egunean bertan Kilometroak jaia behar bezala antolatzeko. Giza baliabideak izeneko batzorde bat sortu dugu hori guztia kudeatzeko, eta ongi etorria izango da laguntza guztia.

Arraun eta amets da Salbatore Mitxelena ikastolaren leloa. Hasi zarete arraunean, baina zein amets dauzkazue 2019ko Kilometroak jairako? Zerekin geratuko zinatekete gustura?

Kilometroak jaiak ikastolaren komunitatea osatzen dugun kide guztion arteko harremana sendotzeko balio izatea gustatuko litzaidake, eta ikastolaren eta herriaren arteko harremana indartzea. Etorkizunean, berriz, atzera begiratu, eta 2019ko Kilometroak irribarre handi batekin gogoratzea gustatuko litzaidake; ea herrian gure marka uzten dugun. Sarri, esan izan da ikastolak, askotan, eskean ibili izan direla, eta uste dugu herriari zerbait eskaintzeko aukera polita daukagula.

Urtebeteren faltan, zein mezu helaraziko zenieke herritarrei?

Prozesu honetan euren parte hartzea ezinbestekoa izango dela esan nahiko nieke herritarrei. Gonbidatuta daude lantaldeetan eta urte guztian antolatuko ditugun ekintzetan parte hartzera, eta baita aurkezpen ekitaldira ere, noski. Prozesua askoz koloretsuagoa eta aberasgarriagoa izango da elkarren ondoan egonda.

Leave a Reply

Your email address will not be published.