“Heriotzak harrapa nazala bizitzen eta bizi izanda”

“Heriotzak harrapa nazala bizitzen eta bizi izanda”

Asier Imaz

Marokotik bueltan, margolari konpromisoak bete, eta tailerrera. Arantxa Orbegozo Txitxi-ren (Tolosa, 1962) lantokian ideiak etengabeko mugimenduan dabiltza. Elkarrizketa berak hasi du, Roberto Jauregi, Roberto Canicas tolosarraz hizketan.

Ez nuen ezagutu.

Aita baten moduan maite nuen. Inork zaindu ez nauen bezala zaindu ninduen. Orain naizena, zentzu askotan, gizon horri zor diot. Esfortzurik egin gabe esfortzua egiten irakatsi zidan. Robertorekin dena dibertigarria zen; ondo pasatzea.

Hala eta guztiz ere, Espainiako txapeldun izan zinen pisu eta xabalina jaurtiketan.

Ni Espainiako txapeldun izatea hark lortu zuen; niri ez zitzaidan batere kostatu. Nik bidaiatu egin nahi nuen, eta, orduan, marka egiten zutenek bakarrik bidaiatzen zuten. Nahi gabe, Espainiako marka ere egin nuen.

Noiz ezagutu zenuen Roberto Canicas?

12 urterekin hasi nintzen harekin. Atletismoan. Haren eragina margotzean ere nabaritu dut.

Nola egiten duzu lotura hori?

Roberto beti argazki kamera batekin ibiltzen zen. Garai hartan, edonork ez zuen erabiltzen; 3.200 pezeta-edo [19 euro inguru] kostatzen zen errebelatzea. ‘Hiltzen zarenean, kamera hori niretzat’, esaten nion. Kameraren zulotxotik begiratzen irakatsi zidan. Hortik, beharrezkoa bakarrik ikusten duzu. So egiten irakatsi zidan, sentitzen, gorputzak koadroan sartzen, kolore eta argiekin jolasten… dena Robertok erakutsi zidan. Asko maite nuen gizon hura.

Nolako haurra izan zinen?

Ezagutu dudan bihurriena, Fe nire lagunarekin batera. Inoiz ez zait pasatu inorekin, baina, harekin, 40 metrotara hizketaldi bat edukitzeko gai nintzen, begiradarekin bakarrik.

Zigorrik gogorrena?

Geldirik egotea. Ezin nintzen geldirik egon. Nire burua eta gorputza ez zihoazen bat. Amak horrela zigortzen ninduen: ‘Hor geldirik, orratz handia hara joan arte eta txikia hona etorri arte’. Ezin nuen horrekin. ‘Ama, zergatik ez nauzu jotzen, eta kito?’, esaten nion. Nahiago nuen belarrondoko bat, istante bat zena, geldirik egon baino. 12 urterekin amak medikuarengana eraman ninduen: ‘Zer egingo dut neska honekin? Ez da geldirik egoten’. ‘Ba, egin dezala kirola, ea nekatzen den’, medikuaren erantzuna. Atletismoan hasi nintzen, eta horrela ezagutu nuen Roberto. Hark irakatsi zidan nire gorputza kontrolatzen, eta, geroztik, erabat kontrolatzen dut.

Txitxi ezizena garai hartakoa al da?

Konturatu naiz izenarekin arazo bat daukadala: ez dakit nire izena zein den. Arantzazu jaio nintzen, baina, hilabete barru, Arantxi deitzen ninduten. Gero, nire ahizpak txi-txi-txi esaten zidan, eta Txitxi izenarekin geratu nintzen. 22 urterekin-edo, izena aldatzeko aukera zegoela esan zidaten, eta, Arantzazu kendu, eta Arantxa jarri nuen, edo Miren Arantxa; orduan dena horrela zen. Denek, ordea, Txitxi deitzen ninduten, eta txitxi Mirandatik behera eta Hego Amerikan txotxo da. 50 urterekin konturatu nintzen ridikulo galantak egina izango nintzela atletismo garaian, denei Txitxi nintzela esaten nienean.

Tolosako zein aldetakoa zara?

Alde Zaharrekoa. Plaza Berrian familiak okindegi bat zuen, eta aita hantxe aritzen zen; ama, etxean. Uste dut aitaren ekintzaile sena eta amaren lotsagabekeria, erdia eta erdia dauzkadala.

18 urterekin AEBetara joan zinen.

Gure izeba moja Estatu Batuetara joan zen, eta iloba guztiak urtebetez hara eramatea erabaki zuen. Denoi bizitza aldatu zigun erabaki horrek. 16 urterekin, uda pasatzera joan nintzen, eta 18rekin, urtebete pasatzera. Fe nirekin etorri zen, sei hilabeterako, baina askatasuna aurkitu, eta han geratu zen. Oraindik han bizi da.

Ikasketarik gabe, nondik hasi lan bila?

Hiru arau dauzkat: ez zait gustatzen inork agintzea; ni naiz nire denboraren jabe; eta diruak ez dit eragotziko egin nahi dudan hori egitea. Beraz, hiru arau horiei ikasketarik eza gehitzen badiozu, pentsa zer imajinatu behar izan dudan bizitza aurrera ateratzeko. Hori bai, lanean hasitakoan, buru-belarri aritzen naiz.

Orain, Maider Mendizabal pilotari anoetarrarekin zabiltza.

Maider ume bat zela ezagutu nuen, piragua ikastaroetan. Beti hankartean izaten nuen, mukia bezala itsatsita. Ikastaroa hasi baino bi ordu lehenago han izaten zen, eta, bukatu ondoren, beste bi ordutan han jarraitzen zuen. Tokatzen ez zitzaion egunetan ere guregana etortzen zen. Bera eta Ibarrako Olatz Bazterretxea, gero hil zena, nire maiteak ziren; nire umeak. Ondoren, nire lagun bilakatu ziren, eta Maider, nire bazkide. Olatz, berriz, hain jakintsua zen… ama jakintsu bilakatu zen. Eta gero… elkar besarkatuta ginela joan zitzaigun.

Dina Bilbaorekin ibiltzen zinen ikastaro horietan.

Ameriketako Estatu Batuetatik etorri nintzenean, Nairobitarrakoak aurkitu nituen: Josu Iztueta, Anjel Ortiz, Dina Bilbao eta horiek. Nire betiko kuadrilla izan da, nire bihotzeko lagunak. Munduan barrena elkarrekin ibili ginen, piraguarekin, bizikletan, eskiekin… Horiekin, 40 zero azpitik eta goitik egon naiz.

Hortik etorri zen piragua ikastaroen ideia?

Munduan barrena ibiltzeko, bizimodu hori eramateko, zer egin behar zen pentsatzen hasi ginen. Piragua ikastaroekin bi hilabetez lan egin, eta urtearen zati handi bat egiten genuen. Gero, Patxi Alkorta Panadero etorri zitzaigun, emakumeen lehen txirrindulari taldea osatu nahi zuela esanaz.

Orbea, hain zuzen ere.

Urte hauetan guztietan Orbeak asko lagundu digu. Baietz esan, eta txirrindulari egin ginen. Hasi orduko, masajista ikastaro pare bat egin nituen, Donostian. Kontua da niri bidaiatzea gustatzen zitzaidala, nekatzea baino gehiago. Horrela, Espainiako nesken selekzioko masajista bilakatu nintzen: ez nintzen nekatzen, kobratu egiten nuen, eta gehien bidaiatzen nuena nintzen. Beti nengoen hautatua.

Eta bien bitartean, Dina Bilbao ere ondoan zenuen.

Nire ilehoririk gogokoena zen, eta horrela deitzen nion: Mi rubia preferida. Hori zen gure bizimodua. ‘Zenbat lan egin behar den lanik ez egiteko’, hori zen Josuren esaldirik gogokoena. Aske izateko, beste era batera lan egin beharra genuen, buruari buelta asko emanez eta imajinazio handia jarriz. Baina, era berean, diziplina handia behar duzu, eta hori atletismoak erakutsi zidan.

Garai haietaz zerbait gehiago?

Dinaren hitz batzuk. Aurrez, esan behar da, nahi gabe Dina Espainiako triatloilaririk onen bilakatu zela. Kobratu egiten zuen, gainera. Pixka bat gehiago entrenatuz eta piraguetako diruarekin, aurrera ateratzeko nahikoa zuela ikusi zuen. Ni helduei gimnasia erakusten hasi nintzen, euren herrietara joanda: Belauntza, Orendain… Mila ofizio izan ditut: ingeleseko irakasle, arrautza saltzaile, Ameriketan baso garbitzaile… Kale garbitzaile ere izan nintzen, Euskadiko lehen emakumea.

Itxaron, atzera egin pixka bat eta kontatu hori.

Tolosan, kale garbitzaile izan nintzen, 26 urterekin. Izugarriak entzun behar izan nituen. Zerkausian erratza kendu zidaten bitan.

Nork?

Emakume batek. ‘Ez duzu lotsarik!’, esan zidan. Emakumeak etxean garbitu behar omen zuen, eta ez kalean. Dezenteko liskarra sortu zen, eta jendea udaletxera ere joan zen kexatzera.

Noizko kontuez ari zara?

Duela ez askoko kontuak dira, 30 bat urte edo.

Nola hasi zen dena?

Sei lanpostu atera zituzten, eta probetan bigarren geratu nintzen, baina ez ninduten hartu. Udaletxean esan zidaten jendea kexatzera joan zitzaiela, ‘Nola hartuko duzue emakume bat gizonak langabezian daudenean!’, esanez. Horrenbeste haserretu nintzen, hurrengo deialdira aurkeztu eta lan hori lortzea erabaki nuen. Hurrengo proban, 90 aurkeztu ginen; ni nintzen neska bakarra, eta lehenengoa geratu nintzen. Proba fisikoak ziren, eta gu garai hartan atletak ginen. Oraingoan, hartu beste aukerarik ez zuten izan. Baina emakumeen aldagelarik ez zegoenez, sukaldean janzten nintzen. Gero, arduradunak zerrenda batean idazten zuen bakoitzak Tolosako zein gune garbitu behar zuen. Ni La chica moduan agertzen nintzen.

‘Lehen emakumea’ askotan aipatu duzu.

Garai hartan, ez ginen horretaz jabetzen. Gure lagun taldean ez zegoen horrelakorik, genero zatiketarik. 40 gradu zero azpitik edo goitik berdin dira zuretzat eta niretzat, baita olatuak, aldapak, gosea, beldurra eta nekea ere. Nairobitarrak begiak asko zabaldu zizkigun, mundua, ohiturak eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera emateaz gain.

Dinaren esaldia ahaztu zaigu.

Dina ondarroarra zen, eta dena euskaraz egiten zuen. Ni euskaldun berria naiz. Aitak bazekien, baina amak galdua zeukan. Ikastola, berriz, ni baino urtebete gazteagoa da. Kontua da, lanean fundamentuz noiz hasi behar genuen galdetzen zigutenean, Dinak beti ‘a los treintaixiete‘ erantzuten zuela. Edo ama noiz izan behar zuen esaten ziotenean, berak: ‘A los treintaixiete‘. Horrelako galdera guztiei berak erantzun bera ematen zien, eta gu ere gauza bera egiten hasi ginen. Azkenean, 36 urterekin joan zen. Konpromiso asko zituen, eta bera txori askea zen.

Familia eduki zenuenean, zure bizimodua asko aldatu al zen?

Erradikalki. Niri gauzak pasioz bizi izatea gustatzen zait, intentsitatez, eta, ama izatea erabaki nuenean, nire umeekin denbora guztian bikain pasatzea erabaki nuen. Egin dudan gauzarik onena da, eta ama izan naiz asteko zazpi egunez eta eguneko 24 orduz. Orain, pentsatzen dut 23 ordu izan balira ere ez zela gaizki egongo. Baina horretara jarri nintzen erabat, burugogor, eta beste ezer ez zitzaidan axola. Ordu arteko beste gauza guztien energia amatasunari eman nion.

Orduan hasi zinen margotzen?

Ez, pixka bat lehenago izan zen, 28 urterekin. Ni beti oso ausarta izan naiz, eta horrenbeste bidaia, horrenbeste espedizio, kolpe guztiak beti nik hartzen nituen. Asuncion klinikan nire larrialdietako paperekin apal oso bat betetzeko moduan zeuden. Jendeak esaten zidan zahartzaroan nabarituko nituela kolpe horiek. Orduan, buruari bueltak ematen hasi nintzen: ‘Eta ondo pasatzeko zer egingo dut orduan? Bakarrik eta eserita egoteko hobby bat behar dut’. Ideia hori barruan geratu zitzaidan.

Eta hazi hori nola loratu zen?

Gimnastika ematera Betelura joaten nintzen garaian, egun batean giltza ahaztu zitzaidan, eta Gorriti eskultorearen etxera joan nintzen giltza bila. Nik ez nuen ezagutzen. Egurrarekin zer egiten zuen erakutsi zidan, eta pentsatu nuen: ‘A zer artista! Zein polita!’ Giltza hartu eta banindoala, gela txiki batera eraman ninduen, pintatzen hasi zela eta erakutsi egin nahi zidala esanaz. Koadro handi batzuk zeuden han, eta begietan mina ematen zidaten. ‘Zein itsusiak!’, pentsatu nuen. Baina horrelako pasioarekin kontatzen zuen kolorearekin egiten zuena, testura eta abar… ‘Hain gaizki pintatuta hain ongi pasa daiteke?’, galdetu niola neure buruari.

Baina ikastaroren batean arituko zinen, ezta?

Ez. Lehen egunetik pintatzen nekien. Perfektuki.

Beste ogibide baten hasieran zinen, beraz.

Hortik hiru urtera, Amaia Biurrun hil zen, istripuz. Emakume berezia zen, margolari itzela. Tolosan ematen zituen eskolak, eta hura ordezkatzeko eskatu zidaten.

Kontua da pintatzeko geldirik egon behar dela. Nola konpondu zenuen arazo hori?

Inoiz pentsatu ez nuena gertatu zitzaidan horrekin. Ohartu nintzen Babian egoteko, nik horrela deitzen diot, izugarrizko gaitasuna dudala. Ordura arte nire bizitza lepoz behera izan zen, eta bat-batean, neure burua aurkitu nuen. Berdin zion beroa edo hotza egin, bost orduz ez dakit non egoteko gaitasuna nuen: geldirik!

Ama izandakoan margotzeari utzi al zenion?

Ez. Denak ohera joaten zirenean margotzen nuen. Orduko begi zuloak dira horren froga. Beraz, kirola zero, haurrekin erabat, eta gauetan margotzera. Erretratuak gustatzen zaizkit niri, lehen argazkiengatik esaten zen hura: arima lapurtzea. Hori da nire jolasa.

Lepoz beherakoa ez al zen kexatu, abandonaturik sentitzean?

Hasieran ez. Aurreko urte guztietan egindakoaren errentetatik bizi nintzen. Baina egun batean, 51 urte nituela, ohiko mugimendu bat egiten ari nintzela, nire gorputza ez nuela ezagutzen konturatu nintzen. Nagikeria fisikoa eta mentala nuela ikusi nuen. Zantzu guztietan ahuldurik nengoen, baldarturik.

Erronka berri bat sortu zitzaizun orduan.

110 egun falta zitzaizkidan 52 urte egiteko, eta neure buruari esan nion: ‘Zure bizitzako oparirik onena egingo dizut’. Haurrak jada koxkortuak zeuden, unibertsitatean eta abar, eta, orduan, nire txanda iritsi zen. Urtebetetzea iritsi zenean, berriro ez nuen ezagutzen neure burua. Aldaketa izugarria izan nuen; ‘hau naiz ni’, esan nion nire buruari. Baina horrek beste galdera bat ekarri zidan: ‘Orain, zer egin horrekin guztiarekin?’

110 eguneko esperientzia horrekin?

Hori da. Niri balio izan baldin badit, besteei balioko al die? Abuztuaren 15ean egin nuen galdera hori. Irailaren 15ean, hamaika laguneko bi talde prest nituen Ibarran eta Altzon, proba egiteko. Horrela sortu zen Me reto 100 días programa.

Eta balio izan al die?

Aldaketa izugarriak ezagutu ditugu. Kanpotik —eta hau gure errua izango da, ez dugulako ondo azaldu—, jendea kiloak galtzearen kontuarekin bakarrik geratzen da. Baina ez da fisikoki sasoian jartzea bakarrik; dena da. Azkenean, zure bizitzaren jabe egiten zara, eta gure helburua hori da: erronka amaitu ondoren, gure eta inoren beharrik ez izatea gauzak aurrera ateratzeko.

Zer da zuretzat denbora?

Nire adineko jende askori nabari diot urteak betetzea ez zaiola gustatzen. Niri izugarri gustatzen zait. Nire urtebetetze bakoitzean, joandako lagunez oroitzen naiz. Zahartzarora iritsi nahi dut, eta ez dakit zergatik, baina 102 urterekin hiltzea gustatuko litzaidake, eta heriotzak harrapa nazala bizitzen eta bizi izanda. Ez ahaztu jada aurkitu dudala bakarrik eta eserita egiteko hobby-a. Herdoiltzen hasita ere, ondo pasatzen jarraituko dut, beti.

Leave a Reply

Your email address will not be published.