Ibai Aizpurua: “Ubik proiektuan parte hartzeko, aurreko lana utzi zuten askok”

Ibai Aizpurua: “Ubik proiektuan parte hartzeko, aurreko lana utzi zuten askok”

Ane Ubegun Goikoetxea

Hiru dimentsioko objektu bat inprimatzeko ez dago zentro espezializatu batera joan beharrik: Donostiako Tabakaleran dagoen Ubik sorkuntza liburutegian eskaintzen dute zerbitzu hori, besteak beste. Bertan egiten du lan Ibai Aizpuruak (Irun, 1985), bideo jokoen bitartekariak. Dagoeneko, bi mobilizazio antolatu dituzte Ubikeko bitartekariek, lan baldintza txarrak salatzeko. Enpresarekin eta administrazioarekin bilera egitea lortu zuten asteartean, baina aurrerapausorik gabe langileen eskakizunetan.

Zer eskaintzen du Ubikek?

Ubik oso proiektu berezia da. Batetik, liburutegi arrunt batek eskain dezakeena eskaintzen du. Bestetik, autonomia erkidegoan erroldatuta daudenek gailu elektronikoak mailega ditzakete: argazki kamerak, bideokamerak, eta abar. Zerbitzu guztiak doakoak dira. Musika instrumentuak ere badaude, eta baita bilerak egiteko areto txikiak ere.

Zein da bitartekarien lana?

Bitartekariak goi mailako ikasketak ditugun gazte talde bat gara, eta gure lana da etortzen den jendeari laguntza eskaintzea. Esaterako, teknologiako lankideek hiru dimentsioko objektuak sortzen irakasten dute, eta baita inprimatzen ere. Gauza bera egiten da txoko guztietan: abesti bat nola grabatu irakasten dute beste batzuek, nahi duenak argazki kamera bat har dezake liburutegitik, eta guk nola erabili irakats diezaiokegu.

Lan baldintza kaskarrak salatu dituzue. Zein da zuen egoera?

Gure egoera prekario samarra da, egia esan, nahiz eta lana polita den eta gustuko dugun. Lanaldi osoz lan egiten ez dugun arren, ordutegia nahiko itogarria izaten da. Hamahiru bitartekari gara taldean, eta 1.000 euro baino gutxiago irabazten ditugu. Tabakalera zentro kultural garrantzitsua izanda, nahiko tristea iruditzen zait hain diru gutxi irabaztea.

Gainera, asteburuetan ere egiten duzue lan.

Bai. Asteburuak txandaka egiten ditugu: larunbatetan, egun osoz dago irekia, eta igandetan, lau orduz. Bederatzi orduz egiten dugu lan egun askotan, eta, bederatzi ordu horiei bazkaltzeko behar izaten dugun ordua gehituz gero, hamar ordu dira denera. Gogor samarra da horrela.

Zuen inplikazio handia eskatzen duen lana al da bitartekaritza?

Oro har, saiatzen gara gure ikuspegia eta jakintza liburutegira ekartzen. Erosketak egin behar direnean, edo zalantzak daudenean, gure aldetik jartzen saiatzen gara, eta maite ditugun gauzak gehitzen dizkiogu liburutegiari. Jendeak pentsatzen du langile guztiak funtzionarioak garela, baina ez da horrela. Gu, adibidez, azpikontratatuak gara; beraz, nahiz eta Donostiako Tabakaleran egiten dugun lan, Nafarroako enpresa batek —Sedena SL enpresak— kontratatzen gaitu, eta gure hitzarmena estatukoa da.

Espainiako hitzarmenak zehazten duen diru kopurua jasotzen duzue, beraz.

Hori da. Gure kexarik handiena hitzarmen hori da. 2015ean lizitazioa aurkeztu zenean, Sedenak irabazi zuen, neurri handi batean, hitzarmen hori erabiltzen duelako, eta ez Gipuzkoakoa.

Zein alde dago Espainiako hitzarmenaren eta Gipuzkoako hitzarmenaren artean?

Aldea oso handia da. Hitzarmena aldatuz gero, orain lanean igarotzen dugun ordu kopuruarekin lanaldi osoa egingo genuke. Ezberdintasun handia dago ekonomikoki. Bestalde, hemezortzi lagun hasi ginen hasieran, eta, gaur egun, hasi ginen horietako lauk baino ez dugu jarraitzen lanean. Gogorra da ilusioz hasi zirenak behartuta alde egiten ikustea, eta ez lana gogoko ez dutelako.

2015ean Tabakalerak izandako diru murrizketa izan zen kaleratzeen arrazoietariko bat?

2015eko azaroaren 16an hemezortzi lagun sartu ginen, eta, Ubik proiektuan parte hartzeko, aurreko lana utzi zuten horietako askok, oso proiektu polita iruditzen zitzaielako; handik gutxira, sei lagun kaleratu zituzten. Udal aldaketa egon zen, eta udal talde berriak erabaki zuen dagoeneko onartuta zegoen aurrekontua murriztea.

Gipuzkoako Batzar Nagusietara jo duzue laguntza eske.

ELA sindikatuaren eta EH Bildu alderdiaren laguntzarekin joan ginen Batzar Nagusietara, gure egoera azaltzeko eta irtenbide batzuk jasotzeko asmoz.

Erantzunik jaso al duzue?

Bilera bat antolatu dugu Sedena SL eta Tabakalerarekin. Pauso bat da, baina ez dakigu hasiera bat izango den ala ez.

Aspaldi hasi zineten hiruko bilera hori eskatzen.

Duela urtebetetik nahi izan dugu bilera hori. Bi lanuzte egin ditugu orain arte; ekintza desberdinak antolatu ditugu: mural kolektiboak, mahai jokoak, eta abar. Liburutegiak eskaintzen duena auzokideei erakusten saiatu gara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.