“Oso garrantzitsua da zaleen errespetua eta maitasuna jasotzea”

“Oso garrantzitsua da zaleen errespetua eta maitasuna jasotzea”

Olatz Mitxelena

37 urte ditu eta markak hausten jarraitzen du. Pasaitarra jaiotzez, Urko Otegi Urrezko LEB ligan partida gehien jokatu duen jokalaria da azaroaz geroztik. Denbora gutxian ondu duen bigarren marka du, gainera; iazko abenduaren 3an 2.400. errebotea lortuta, ordura arte Richi Guillenek zuen marka hobetu zuelako liga berean. Palentziako Chocolates Trapa taldearekin hautsi ditu bi markak. Talde horretan bertan egin zuen debuta profesionaletan, 2002ko irailaren 13an, eta estimu handitan dute zale moreek. Donostiako Askatuak taldean hazitako jokalaria da Pasai Antxokoa, eta Menorcan bizi izan zituen garairik oparoenak, ACB ligara igoera tartean. Urrezko LEB ligan osatu du, baina, kirol ibilbidearen zatirik handiena. Lehiakor, minutu asko jokatuz, eta, harentzat garrantzitsuena dena, “saskibaloiaz gozatuz”.

Bilbo Basketen aurka jokatu zenuten azken partida, eta 78-71 irabazi zenuten. Garaipen garrantzitsua izan da zuentzat, ezta?

Bai, eta oso pozik gaude. Ostiral gauean jokatu genuen [hilaren 7an] eta oso garaipen garrantzitsua izan zen, arerio zuzen bati irabazi diogulako. Une honetan bigarren postuan gaude sailkapenean. Bilbo Basketen aurkako garaipenak konfiantzahandia eman digu aurrera begira lanean gogotsu jarraitzeko.

Min hartuta egon zara bi astez, baina indartsu itzuli zarela erakutsi zenuen azken partidan, oso joko ona eginez.

Bai. Bizkarreko minez egon naiz, eta bi partida galdu ditut, baina hobeto nago jada, eta pozik nago Bilbo Basketen kontra egin nuen partidarekin. Azkenean, bere onena ematen saiatzen da bakoitza; batzuetan, ondo ateratzen dira gauzak, eta besteetan, ez, baina taldea da garrantzitsuena. Irabazi egin genuen eta horrek pozten nau gehien.

Betis bakarrik daukazue aurretik sailkapenean, eta oso lehiakor ari zarete ligan. Zein helburu dauzkazue denboraldi honetarako?

Helburua beti izaten da goiko postuetan egotea. Badakigu liga honetan berdintasun handia egoten dela beti taldeen artean, eta azken jardunaldietan iristen da momenturik garrantzitsuena. Partida horietara ondo iritsi behar dugu lehenik eta behin; konfiantza handia ematen du urtean zehar goiko postuetan egoteak, eta horretan ari gara. Gauzak ondo ari zaizkigu ateratzen eta horrela jarraitzea espero dugu.

Baikor al zaude? Ondo hasitako lana biribilduko duzuela uste al duzu?

Bai. Azkenean, beti behar izaten da konfiantza. Orain arte ondo ateratzen ari zaigu dena. Talde ona daukagu, baina badakigu denboraldia oso luzea dela eta beti irits daitezkeela momentu txarrak. Funtsezkoa izaten da bizpahiru partida jarraian galdu ondoren edo lesioak iristen direnean taldeak nola erantzuten duen ikustea. Beti sor daitezke arazoak, baina taldearengan konfiantza daukat. Egin beharreko guztia ondo egiten badugu, irabazteko aukera izango dugu partida guztietan.

Urrezko LEB ligan errebote gehien jaso duen jokalaria zara, eta, hori gutxi ez eta, beste marka bat ere hautsi berri duzu: hilaren 16tik Urrezko LEB ligan partida gehien jokatu duen jokalaria zara. Gipuzkoako harrobian ba al dago zuk adina marka hautsi duen beste jokalaririk?

Ziurrenik, ez. Maila honetan ez, behintzat. Nik ez dut ezagutzen, baina, tira, 37 urte ditut jada, eta 16rekin hasi nintzen jokatzen; urte asko daramatzat profesionaletan. Urteotako lanaren emaitza dira marka horiek guztiak. Oso pozik nago; lanean, ikasten eta partidak irabazten jarraitzeko pizgarri dira sari hauek.

Adin honetara iritsita ilusio hori galduz gero, hobe izaten da erretiroa hartzea. Nire kasuan, behintzat, partidak irabazteak, motibazioz jokatzeak eta markak hausteak sortzen dit jarraitzeko ilusioa. Hori guztia badaukat, eta horregatik nago hain pozik.

Zuretzat gogoangarria izango zen azaroaren 16ko partida, ezta, 513.a?

Oso berezia izan zen, bai. Oso omenaldi polita egin zidaten. Kuadrillakoak ezustean etorri ziren partidara, eta aurretik eduki izan ditudan taldekide, entrenatzaile eta lagun askoren mezuak azaldu ziren bideo markagailuan. Oso gau hunkigarria izan zen. Kirol arloan garrantzitsua da garaipenak lortzea, baina are garrantzitsuagoa da horrelako omenaldiak eta ekitaldiak bertatik bertara bizi ahal izatea. Betirako gordeta izango ditut omenaldi horietan bizi izandakoak.

2012tik ari zara jokatzen Palentzian, eta bi kopa eta liga bat ere irabazi dituzu taldearekin.

18 urte nituela alde egin nuen etxetik Valladolidera. Orduan, Palentzia zen talde hari atxikitako taldea. EBA ligan jokatzen zuen, eta, gaztea nintzenez, Valladolidekin entrenatzen nuen, ACB ligako jokalariekin, baina Palentziarekin jokatzen nuen gero, minutu gehiago edukitzeko. Palentziara itzultzeko aukera sortu zitzaidan orain dela zazpi urte, eta oso pozik jaso nuen albistea. Azken finean, etxetik gertu nago, eta familia sarritan etortzen da bisitan. Haurrek lagun asko egin dituzte eskolan eta oso bizitza erosoa dugu hemen.

Asko estimatzen zaituzte, gainera, Palentziako zaleek. Horren erakusgarri, behin baino gehiagotan eman dizute Basket Morao izeneko saria.

Zaleek balorazio bat egiten dute etxean jokatzen ditugun neurketetan, jokalari onena zein izan den erabakitzeko, eta lau aldiz eman didate sari hori. Kontuan hartzekoa da hori ere. Jokalariontzat oso garrantzitsua da zaleen errespetua eta maitasuna jasotzea; niretzat bai, behintzat.

Urrezko LEB ligan igaro duzu denbora gehien, baina ACB ligan jokatzeko aukera ere izan duzu. Bost aldiz igo izan zara taldearekin ACB ligara, nahiz eta batzuetan bulegoetan igoera hori trabatu. Gaur-gaurkoz, ba al daukazu itxaropenik ACB ligara itzultzeko?

Ez. Duela bi urte hilabete bat igaro nuen Donostian, Gipuzkoa Basketen, eta hilabete hori igarota, banekien Palentzian zegoela nire lekua, Urrezko LEB ligan. Dudan adinarekin eta ondoan familia dudala kontuan hartuta, oso eroso sentitzen naiz hemen. Jokalari garrantzitsua naiz Urrezko LEB ligan, eta minutu asko jokatzeko aukera izaten ari naiz. Proiektu honetan nagoenetik, liga bat irabazi dugu azken urteotan, eta bi kopa ere bai. Final asko jokatu ditut tarte honetan. Palentzia lehen postuetan ibiltzen da beti, eta, nire adinarekin, asko gozatzen ari naiz hemen. ACB ligan jokatzea une honetan azken postuetan dauden taldeetan jokatzea litzateke orain, partida gutxi irabaziz eta minutu gutxi jokatuz. Niretzat orain saskibaloiarekin disfrutatzea da garrantzitsuena, eta horretan ari naiz Palentzian.

Erabat baztertuta daukazu berriz ere Euskal Herrian jokatzeko aukera, edo baliatzen saiatuko zinateke suertatuz gero?

Aukera ACB ligakoa balitz… Ez dakit. Iazko udan buruan ibili nuen erretiroa hartzeko aukera, eta badakit gero eta gertuago dagoela momentu hori. Jokalariok, ordea, inpultsoen eta ilusioen arabera bizi izan gara beti, eta aukera sortuko balitz, zergatik ez probatu? Baina, aurretik esan bezala, oso ondo nago Palentzian. Hemen hasi nintzen jokatzen eta nire kirol ibilbidean polita litzateke hemen bukatzea.

Palentzia oso hiri garrantzitsua izatean ari da zure ibilbidean, baina bada zuretzat oso esanguratsua den beste toki bat ere: Menorca. Zer gogoratzen duzu gehien han igaro zenituen urteetatik?

Niretzat oso berezia da Menorca. Han lortu nuen, lehen aldiz, ACB ligara igotzea, eta beste bi igoera ere lortuta dauzkat han. Horrez gain, hangoa da emaztea eta han dugu bizitokia. Han jaio zen semerik zaharrena, eta oso lotura handia eta berezia daukat Menorcarekin. Denboraldia amaitzen dudan bakoitzean han egoten da gure etxea. Zalantzarik gabe, Palentzia eta Menorca izan dira hiririk garrantzitsuenak nire kirol ibilbidean.

Kontuan eduki behar da Menorcan taldea desegin zelako amaitu zela zure bidea, diru arazoengatik, alegia, eta ez kirol arazoengatik.

ACB ligara igotzea lortu genuen azken urtean, 2012an, baina taldea konkurtso legean sartuta zegoen aurreko urtetik. Azkenerako ez zuten lortu dirurik eta desegin egin zen taldea. Gaur egun beste proiektu bat daukate Menorcan, Zilarrezko LEB ligan, eta, pixkanaka, ilusioa berpizten ari da hirian. Zentzu horretan, niretzat beste aukera bat litzateke jokatzera hara joatea. Denboraldia amaitzen dudan bakoitzean bizpahiru aste hartzen ditut beti gauza guztiak ondo aztertzeko, eskaintzak edukiz gero bakoitzari baietz edo ezetz erantzun erabakitzeko, eta ikusiko dugu.

Ez duzu baztertzen, beraz, Menorcara jokalari gisa itzultzea.

Aukera bat da. Egoeraren arabera, denboraldia bukatzen denean erabakiko dut hori. Fisikoki eta buruz nola nagoen, maila honetan entrenatzen eta jokatzen jarraitzeko ilusiorik eta gogorik ba ote dudan… Horren arabera hartuko dut hartu beharreko erabakia. Hala egin nuen iaz, eta ez naiz damutu. Ondo atera da dena, eta antzera jokatzeko asmoa daukat hurrengo udan ere.

Saskibaloian asko aldatu dira gauzak. Zein aldaketa izan da onerako eta zein kalterako?

Kalterako zer izan den aztertzen hasita, 2002an, nire kirol ibilbideari ekin nionean, saskibaloi munduan dirutza zegoela nabarmenduko nuke. Garai hartan ez zegoen gerora ezagutu dugun krisiaren arrastorik. Diru asko zegoen, taldeak oso garrantzitsuak ziren, eta jokalariek diru asko irabazten zuten. Laguntza handia ematen zuten aldundiek, udalek eta beste hainbat erakundek, baina azken urteotan proiektu horietako asko bidean gelditu dira diru laguntza horiek gutxitu edo desagertu egin direlako. Ondorioak jokalariek soilik ez, zaleek ere sufritu dituzte.

Baina, errealitate horrez gain, bizitzako gainontzeko esparruetan bezala, saskibaloian ere aurrera egin du denak. Esaterako, jauzi handia nabaritu da teknologia arloan, eta jokatzeko modua ere asko aldatu da azken urteotan. Hiruko marraren arrastoa ere lehen baino urrunago dago saskitik. Azkenean, modernizatuz joan da dena, eta, zentzu horretan, nire ustez, jokoaren onerako izan dira aldaketak, nabarmen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.