Sara Mazkiaran: “Ez da aintzat hartzen zuzendari laguntzailearen lana”

Karmele Uribesalgo Alzola

Filmen produkzioetan ilunpean gelditzen den lana egiten du Sara Mazkiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1970), zinema zuzendari laguntzailea baita. Omendu egingo dute datorren asteazkenean, hilaren 19an, Donostian. Izan ere, Kresala zineklubaren saria jasoko du. 1994an ibilbide profesionala hasi zuenetik, 53 lanetan baino gehiagotan hartu du parte. Helena Taberna, Julio Medem eta Fernando Trueba zuzendariekin aritu izan da lanean, besteak beste. Gasteizen girotutako El silencio de la ciudad blanca filmaren grabaketa amaitu berri du, eta beste proiektu batean lanean ari da jada, nahiz eta oraindik ezin duen argitu zertan datzan.

Nola jaso duzu saridun izatearen albistea?

Ilusio handiarekin. Altsasukoa naiz, eta aspalditik ezagutzen nuen Kresala zinekluba. Hara joan ohi nintzen aurkitzeko zailak ziren pelikulak ikustera. Izan ere, zinema areto arruntetan ez da izaten Kresalan eskaintzen duten filmik; zineklubak aukera ematen du hain komertzialak ez diren filmak ikusteko. Gaur egun, edozer ikus daiteke Internet bidez, baina filmak pantaila handian ikusteko aukera dago zineklubei esker, eta sekulakoa da hori.

Aurten zuzendari laguntzailearen lana omendu nahi izan du Kresala zineklubak. Ilunpean gelditzen den lana al da?

Oro har, gurea ez da oso lan ezaguna. Hainbat sail saritzen dituzte, adibidez, Goya sarietan; tartean, produkzio zuzendaritza eta argazki zuzendaritza, baina zuzendari laguntzailearen lana ez da aintzat hartzen, nahiz eta oso lotuta dagoen produkzio zuzendaritzarekin. Funtsezkoa da gure sailean egiten den lana; zuzendaritzarekin eta produkzioarekin batera aritzen gara. Oro har jendeak gure ardura zein den ez dakien arren, zinemagintzan ezaguna da gure egitekoa. Oso lan gogorra eta bizia da; postprodukziora arte aritzen gara lanean, buru-belarri.

Zein da zuzendari laguntzailearen eginbeharra?

Gidoia esku artean dugula hasten gara lanean; filmaketa plana egiten dugu lehenengo. Filmatzean, egun bakoitzean zer sekuentzia grabatuko den eta nola antolatuko garen zehazten dugu, besteak beste. Behin hori eginda, aurreprodukzioari ekiten diogu; bilerak, entseguak eta probak egiten ditugu, esaterako. Aktoreekin zuzeneko harremana ere guk izaten dugu. Azken finean, dena antolatzea da zuzendari laguntzailearen lana.

Zinemako hainbat arlotan ohikoagoa da gizonezkoak aritzea emakumezkoak baino; zuzendarien kasuan, esaterako. Hala gertatzen al da laguntzaileen artean ere?

Askoz gizonezko gehiago zeuden ni lanean hasi nintzenean, baina, gaur egun, aldea ez da hain handia. Hala ere, emakume asko egon izan da zuzendaritza eta produkzio sailetan. Filmaketa koordinatzeaz arduratzen gara sail horietan, eta betidanik egon izan da emakume dezente, beste departamentu batzuetan baino gehiago. Argazkilaritzan, soinuan edo kameretan, berriz, emakume gutxi daude, oraindik, gaur egun, baina gauzak aldatuz doaz, eta geroz eta gehiago dira. Halaber, oso emakumezko gutxi dira saileko buru. Hori dela eta, diru laguntza gehiago jaso ohi dira departamentuko zuzendariak emakumeak direnean; berdintasuna bultzatu nahi da.

1994koa da zure lehen lanetako bat, Helena Taberna zuzendariarekin eginikoa. Asko aldatu al da lanbidea 24 urteotan? Aldatu egin al da zure lan egiteko modua ere?

Jakina. Lanean hasi nintzenetik izugarri aldatu da lanbidea, eta nik ere asko ikasi dut. Ni hasi nintzenean, zuzendari laguntzailearen figura ez zegoen oso hedatuta; ez zen ohikoa horretara bideratutako langileak izatea. Nik oso azkar egin nuen lekutxoa zinemagintzan. Zorte handia izan nuen, eta hiru urtean zuzendariaren lehen laguntzaile izatera iritsi nintzen. Badirudi ongi egiten nuela nire lana. Asko ikasi dut maila pertsonalean, eta oraindik ere asko daukat ikasteko. Inor ez da jaiotzen dena jakinda, eta badakit oraindik bide luzea daukadala egiteko. Bestalde, aurrerapen teknologikoak ere izan dira azken urteotan, eta horrek eragin zuzena izan du zinema egiteko moduan; oso desberdinak dira duela urte batzuk erabiltzen genituen tresnak eta gaur egungoak.

Alsasua 1936 da zure lanetako bat. Zer irudituko litzaizuke Altsasu 2018 filmatzea, azken hilabeteetan gertatutako guztia batzeko?

Ez litzateke gaizki egongo; interesgarria izan daiteke. Izugarria da nire herrian gertatu dena, lotsagarria. Badaude herritarrek egindako zenbait bideo, eta modu informatiboan egindakoak ere ikusi izan ditut. Auzia amaitzean interesgarria izan daiteke horrelako lanen bat egitea, gertatu den guztia azaltzeko.