Xake zaleak sortu nahian

Xake zaleak sortu nahian

Aitziber Arzallus

Futbolak eta saskibaloiak adina jarraitzaile ez ditu, baina mundu guztian ditu zaleak. Kirola denik ere zalantzan jartzen dute batzuek, ez baita lehia fisikoa. Jokalariek ez dute izaten entrenamendu saio gogorretan landutako gorputz gihartsurik eta ondo pentsatutako orrazkera xelebrerik; bai, ordea, ondo trebatutako burua, parekoaren intentzioei aurrea hartzeko eta norberaren estrategiak garatzeko. “Kirol intelektuala” baita xakea, “onura asko dituen jarduera, edonor ibiltzeko modukoa, eta, itxura batera, dirudien baino dibertigarriagoa”, zaleen esanetan.

Gipuzkoan, gero eta zale gehiago ditu xakeak, eta herri gehienetan daude xake taldeak; haietako asko, federatuta. Zumaiakoa da berriena, Kbi xake kluba; gaur astebete aurkeztu zuten herritarren aurrean. Harrerarekin “oso pozik” dago Kepa Aizpurua elkartearen sortzaileetako bat. “Gure helburua da xakea ezagutaraztea, zaletasuna sustatzea, eta jokatu nahi duenari horretarako aukera ematea”. Eta horretarako lehen urratsa egin zuten aurkezpenaren aitzakian antolatu zituzten ekintzekin, egun guztian dozenaka lagun aritu baitziren xake jokoan, Zumaiako Beheko plazan.

Aizpuruak aspalditik du xakerako zaletasuna. “Garai batean, Kbi tabernan biltzen ginen, eta xakerako afizio handia zegoen han”. Hortik dator elkartearen izena: “Kbi tabernak eta xakeak betidanik izan dute harremana, eta egokia iruditu zitzaigun klubari izen hori jartzea”. Baina gauzak aldatu egin dira denborarekin. “Zumaian sekula ez da izan zaletasun handi-handirik. [Garri] Kasparoven garaian-eta, telebistan oihartzun handiagoa zuen xakeak, eta goralditxoa eduki zuen orduan, baina, pixkanaka, utzi egin du garai hartan jokatzen zuen jendeak”. Hala ere, berriz ere indar pixka bat hartzen ari dela uste du Aizpuruak. “Internetek lagundu du horretan, noiznahi jokatzeko aukera ematen baitu; eta azkenaldian xakean onurak nabarmenduz kaleratu dituzten ikerketek eta albisteek ere lagundu dute horretan”. Besteak beste, kontzentrazio eta bisualizazio gaitasunak lantzeko bitarteko paregabea da xakea, haurrentzat, helduentzat zein adinekoentzat.

Ikasgai izateko bidean

“Heziketa xakea hezkuntza arautuko ikasgai izatea aztertzen ari direlako hitz egin da azkenaldian hedabideetan xakeaz ohi baino gehiago”, azaldu du Iñaki Urangak, Azpeitiko Xaputarrak xake elkarteko presidenteak. Europako Parlamentua izan zen proposamen hori sustatu zuen aurrena, duela bost urte baino gehiago. Europako Batasuneko zenbait herrialdek dagoeneko egin dute urratsa, eta heziketa xakea ikasgaitzat dute eskoletan. Nafarroan, DBHko 1. eta 2. mailetan aukerako ikasgaitzat eskaini dute aurtengo ikasturtean.

Dena dela, Bruselak proposamena egin aurretik ere, Azpeitian bazen xakerako afizioa. “Uste dut Azpeitian eta inguruko herrietan betidanik izan dela zaletasuna: Azkoitian, Elgoibarren, Zumaian, Getarian… Orain dela urte asko ere bazen xake taldea Azpeitian”. Ofizialki 2004an sortu zuten Xaputarrak. “Gaur egun, adinez nagusi garen zortzi lagunek, eta 13 eta 16 urte arteko beste hiru gaztek parte hartzen dugu txapelketetan. Astelehen arratsaldetako ikastarora, berriz, beste dozena bat gaztetxo etortzen dira oinarrizko kontzeptuak ikastera”. Baina horietatik guztietatik bakar bat ere ez da emakumea. “Hemen inguruan, nik dakidala, bi emakume bakarrik aritzen dira. Egia da Donostiako Emakumeen Etxean lan bikaina egiten ari direla, eta adin guztietako emakume xakelariak ateratzen ari direla handik”, azpimarratu du Urangak. “Baina Azpeitian hutsean geratu zen Emakumeen Txokoan ikastaroa emateko egin genuen saiakera, talderik ez zelako osatu. Urtero saiatzen gara Azpeitia Xake Sarira emakumeak ekartzen, baina, oraingoz, ez dugu lortu”. Xaputarrak elkarteko kideek urtero eskaintzen diete herritarrei xakean ikasteko aukera, doan ematen dituzten ikastaroekin.

Hain zuzen, horixe da Zumaiako Kbi elkarteko kideen asmoa. Aizpurua lehen ere ibili izan da Zumaiako bi ikastetxeetan xakea irakasten, eta monitore titulua ere badu. Elkartea sortzeko, baina, beharrezkoa izan dute, besteak beste, udalak lokal bat utz ziezaien. “Aitor Sarasketa eta Iñaki Goñirekin elkartu nintzen, haien semeek xakerako afizio handia dutelako. Herrian hutsune bat zegoela ikusten genuen, eta kluba sortzea pentsatu genuen, txikienen artean xakerako afizioa sustatzeko gehienbat”. Ondo bidean, aurki hasiko dira txikienentzako xake ikastaroak eskaintzen. “Hasiera batean, gure asmoa ez da lehiatzea, baina, inork xakean klubaren izenean aritu nahi badu, ongi etorria izango da”.

Xaputarrak elkarteko kideak bai, haiek lehiatzen dira. “Ia astero izaten ditugu xake txapelketak, baina ez gara joaten denetara. Normalean, Gipuzkoan ibiltzen gara, eta, hortik kanpora ateratzekotan, Bizkaira joaten gara”. Urangak zehaztu du txapelketa baten aitzakian oporretara joatea dela beste aukera bat. “Horixe egin nuen nik udan, eta Pontevedran [Galizia] izan nintzen”.

Txapelketak, egunotan

Xakean jokatu nahi dutenek izango dute aukerarik urtea bukatu bitartean. Bihar, Getarian, Alfonso Romero maisu handiak aldi bereko 25 partida jokatuko ditu, 10:30etik 14:00etara. Abenduaren 23an, berriz, Ramon Oñederra Kattu iheslari politiko azkoitiarraren omenez, 34. Kattu Xake Memoriala jokatuko dute, Azkoitian. GALek 1983ko abenduaren 19an hil zuen tiroz Kattu, lan egiten zuen Baionako Kayetenia tabernan. Hura gogoan, hainbat ekintza egiten dituzte urtero. Zumaian, abenduaren 27an izango da xake txapelketa, Oxford aretoan, 22:00etatik aurrera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.