Bizi-bizirik jarraitzen du oraindik

Bizi-bizirik jarraitzen du oraindik

Unai Zubeldia

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak…”. Gitarra lagun hartuta, Mikel Laboak hala abestu zuen urte luzez herriz herri, auzoz auzo, eta erein zuen hura jasotzen ari da orain Donostiako artista, hil zela hamar urte bete direnean. Joan den abenduaren 1ean omenaldi goxoa egin zioten jaioterrian; egun horretan bertan inauguratu zuten Mikel Laboa plaza, Antigua auzoan, Marisol Bastida haren alarguna bertan zela. Laboaldia Azpeitian; Laboaren abestiak moldatuta kontzertua Urretxu-Zumarragan; omenaldi ekitaldia Baionan; Mugak. Laboari omenaldia Uztaritzen (Lapurdi)… Hegoak ebaki gabe, oraindik ere herriz herri hegan jarraitzen du Laboaren lan oparoak.

1934ko ekainaren 15ean jaio zen Laboa, eta gazte-gazterik hasi zen euskal kantu tradizionalak bere egiten, poeta garaikideei musikaz laguntzen eta musikarekin esperimentatzen. Gerra betean, Bordelera erbesteratu behar izan zuen aitak, eta amarekin eta sei anai-arrebekin Ispasterrera joan behar izan zuen Laboak, Gardatako baserri batera, Lekeitio ondora. Hiru urte baino ez zeuzkan artean. Gerraostean Donostiara itzulita, musikaren eta medikuntzaren artean dantzan hasi, eta Madrilera, Iruñera, Zaragozara eta Bartzelonara joan zen ikasketak egitera. Katalunian ezagutu zituen nova cançó eta Els setze jutges mugimenduak, eta bi horiek gerora eragina izango zuten Ez Dok Amairuren sorreran.

Lau herri kanta, hori izan zen Laboak argitaratu zuen lehen lana, 1964an; Ursuako kantak iritsi zen ondoren (1966); Bertolt Brecht (1969) eta Haika mutil (1969) atzetik… 1972an, Euskal kanta berria diskoan bildu zituen aurreko lan horiek guztiak, single gisa kaleratutakoak. Garai hartakoak dira gerora Laboaren ikur bihurtu diren bi kantu ere: Baga Biga Higa eta Txoriak txori. 1970eko urteetarako plazak leporaino betetzen ari zen donostiarra, eta oso arrakastatsuak izan ziren ondorengo urteetan kaleratu zituen disko gehienak ere: Bat Hiru (1974), Lekeitioak (1988), Mikel Laboa zuzenean (1997), Gernika Zuzenean (1999), 60ak + 2 (2003), Xoriek (2005)…

“Nekatuta”, 1979tik 1984ra etenaldi bat egin zuen jendaurreko emanaldietan. Taula gainetik jaitsita, Lau-Bost disko bikoitza argitaratu zuen 1980an. Donibane Garazin itzuli zen taula gainera, Nafarroa Beherean, baina osasun arazo asko izan zuen gerora. 2006ko uztailaren 11n eman zuen azken kontzertua, Donostiako Zurriolako hondartzan.

Laboak harreman estua izan zuen Jose Luis Zumeta margolariarekin, eta hark egin zizkion diskoen azalak ibilbide guztian. Horrez gain, donostiarrak lotura berezia izan zuen Artze familiarekin ere, eta Joxan Artze zenak idatzitakoak dira Laboaren abestien hitzetako zenbait —2018ko urtarrilaren 12an hil zen Artze—.

Transmisio lana helburu

Ondorengo belaunaldiei Laboak zein ekarpen egin zuen transmititzea da herritar askoren helburua, eta, bide horretan, Laboaren lan argitaratu guztiak jasotzen dituen kutxa aurkeztu du aurten Elkar argitaletxeak: Mikel Laboa: 1934-2008. Grabazio argitaratu guztiak. “Hainbeste dira oroitzapenak, eta hain gozoak, oso zaila da hitzez azaltzea bera joan zenetik dugun hutsunea”. Hala azaldu zuen Angel Valdes Elkarreko musika editoreak azaroaren 30ean, lanaren aurkezpen ekitaldian. Bederatzi diskok eta dokumental batek osatzen dute lana, eta Zumetarena da diseinua.

Transmisio lan horretan, helburua kantu horiek guztiak gordetzea ez, “zabaltzea eta ezagutzera ematea” dela azaldu zuen Valdesek. Eta ondorio argia plazaratu zuen Bastidak: “Gure klasiko bat da Mikel. Bertsioek eta lan berriek osatu egiten dute haren lana; baina, jatorrizkoaren ezagutzarik ez badago, ez dugu lortuko transmisiorik”. Laboaren lanak bizi-bizirik jarraitzen du oraindik, eta etorkizunean ere hala jarraitzea da erronka; ezingo luke jaso omenaldi hoberik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.