Borrokatutako lorpenak

Borrokatutako lorpenak

Aitziber Arzallus

Gipuzkoan, langileen %15ek baino ez dute hitzarmen kolektibo baten babesa, Araban (%42,9) eta Bizkaian (%39,5) baino askoz gutxiagok. Urteko lehen seihilekoan sinatutako itunek eragindako langile kopuruari dagokionez ere, Gipuzkoak ditu daturik kaskarrenak. Alegia, han hazi dela gutxien hitzarmen berriek babestutako langileen kopurua: urtearen hasieran %10,3 ziren, eta, sei hilabete geroago, %15. Aldiz, Araban, %32,1etik %42,9ra igo zen portzentajea; eta %16,8tik %39,5era igo zen Bizkaian. Zifra horiek, baina, ez dituzte gutxiesten aurten Gipuzkoan sinatu dituzten hitzarmenak; kontrara, are balio handiagoa ematen diete.

Eraikuntzakoa izan da aurten Gipuzkoan sinatu duten hitzarmenik esanguratsuena, bi arrazoigatik: batetik, sektore horrek herrialdeko ekonomiarentzat duen garrantziagatik —17.000 langilek lan egiten dute eraikuntzan, eta herrialdearen BPGaren %6 sortzen du—; eta, bestetik, hamar urteren ostean sinatu duten lehen ituna izan delako.

Eraikinetako eta lokaletako garbitzaileen lan baldintzak zehazten dituen ituna sinatzea ere ez da izan nolanahiko lorpena. Ia 6.000 langileri eragiten die Aspel patronalak eta ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek babestutako akordioak, eta emakumezkoak dira horietatik %95. Emakumeen portzentajea are handiagoa den beste esparru bateko lan hitzarmena ere sinatu dute aurten: arropa dendetako langileena —2.700 bat langileri eragiten die—. Eta beste 2.000 lagunen lanerako baldintzak ere adostu dituzte hoteletako langileei dagokien hitzarmena eginda. Adegi patronalaren eta sindikatuen ordezkariek garaiz erdietsi zuten akordioa, eta langileek bertan behera utzi zituzten grebara jotzeko zituzten asmoak, giroa gehiegi gaiztotzea saihestuz.

Hondartzetako sorosleek ere lanuzte mugagabea hasiko zutela iragarri zuten udako denboraldi bete-betean. Baina protestak baztertzea erabaki zuten, azkenean, lan baldintzetan hobekuntzak agindu zizkielako Gurutze Gorriak.

Eta Gipuzkoako 30 bat autobus enpresatako langileak ere grebara jotzeko zorian egon ziren uztailean; Avitrans patronalari presioa egiteko, lau egunez lanuztera deitu zituzten sindikatuek. Azken unean, baina, langileen eskariak onartu zituen Avitransek, eta sindikatuek bertan behera utzi zituzten mobilizazioak. Aldiz, luze jo du Tolosaldea Bus garraio enpresako langileen borrokak: bederatzi hilabetez egon dira greban. Besteak beste, %15eko soldata igoera lortu dute langileek azkenerako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.