…eta arku guztien azpitik

…eta arku guztien azpitik

Aitziber Arzallus

Urteetako eztabaidaren ostean, eta iragarritakoa baino urtebete geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilaren 9an jarri zuen martxan kamioiei N-1 eta A-15 errepideetan bidesaria kobratzeko sistema. 3,5 tonatik gorako ibilgailuek bakarrik ordaintzen dute kanona, egiten duten ibilbidearen arabera, eta hori neurtzen dute Etzegarateko, Irungo eta Andoaingo arkuek.

Herrialdea alderik alde zeharkatzen duten ibilgailuek —Etzegarate eta Irungo arkupeetatik pasatzen direnek— gehiago ordaintzen dute Gipuzkoan dabiltzanek baino —Andoaingo arkupetik pasatzen direnek soilik baino—. Aldundiak hala egitea erabaki zuen, Gipuzkoako garraiolariei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko modua zelakoan. Haiek, ordea, ez dute iritzi bera; Hiru Euskal Herriko garraiolarien sindikatuak gogor egin du bidesarien kontra.

Hala ere, Garraiolari Elkarteen Espainiako Elkarteak eman zion kolperik handiena kobrantza sistemari, hura arautzen duen foru legearen kontra epaitegira jota. Apirilean iritsi zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia: bertan behera utzi zuen bidesarien foru araua, Gipuzkoatik kanpoko garraiolarien kontrako diskriminazioa argudiatuta. Kanonari kosta ahala kosta eutsiko ziotela ziurtatu zuen orduan Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek, eta kobratzen jarraituko zutela kontrako epai irmorik jakinarazi artean. Diskriminaziorik ez zegoela eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko zutela ere iragarri zuen.

Helegiteak egingo zuen bidea argitzeko betarik gabe, aldundiak foru araua aldatzeko proposamena egin zuen abuztuan. Hala, Gorenak lehen araua behin betiko indargabetuko balu, aldundiak prest izango luke berria. Kobrantza sistema bermatu beharra baitauka, bestela itzuli egin beharko lituzkeelako 2018an bidesaritan jaso dituen 12 milioi euroak.

Ondorengoak dira arau berriak jasotzen dituen aldaketa nagusiak: Irungo arkua Astigarragan jartzea, Andoain eta Astigarraga arteko ibilbideagatik kobratzeko; eta Andoaingo sarrera-irteeretan bigarren arku txikiren bat jartzea, bi tarifa bereizteko —Andoain inguruan ibiltzen diren kamioientzat bata eta ibilbide luzeagoa egiten dutenentzat bestea—. Ondorioz, merkeago aterako zaie Irundik Etzegaraterako ibilbide osoa egiten dutenei. Foru arau berriak azaroaren hasieran jaso zuen Batzar Nagusien oniritzia, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta 2019ko maiatza baino lehen nahi dute indarrean. Bruselaren aldeko ebazpena behar dute aurretik.

Hiru sindikatuak “burlatzat” hartu du arau berria, ibilbide motza egiten duten garraiolariak kaltetuko dituelako gehien, inguruko enpresekin lan egiten dutenak. Gorenak aldundiari eskatu dio ezer ebatzi artean indarrean den araua bertan behera uzteko eta orain arte kobratutako dirua garraiolariei itzultzeko.

Argirik ageri ez den tunela

Eta errepideetan ez ezik, trenbideetan ere badute nahikoa lan. Martxotik geldirik daude Irun eta Astigarraga artean abiadura handira egokituko den trenbide zabalera ezartzeko lanak. 2015ean hasi zituen obrak Adifek, Renferen azpiegiturez arduratzen den enpresak. Coprosa enpresari adjudikatu zizkion zati horretako lanak eta Irungo tren geltokian egin beharrekoak, 2019rako amaitzeko helburuarekin. Baina, “likidezia arazoak tarteko”, Coprosak hartzekodunen konkurtsora jo zuen joan den otsailean.

Ondorioz, martxoaz geroztik geldirik daude lanak, eta lanik gabe daude proiektua gauzatzeko Coprosak propio kontratatu zituen 37 langileak. Gaintxurizketako tunel beltzean ez aurrera eta ez atzera daude haiek ere, enpresak utzitako makineria bezalatsu. Izan ere, oraindik ere hantxe jarraitzen dute Coprosaren makinek, tuneleko pasabidea bera ez ezik, lanei ekiteko beste edozein saiakera ere oztopatuz.

Hasieratik “herren” sortutako proiektua zela salatu izan dute langileek eta sindikatuetako ordezkariek, Adifek aurrekontuan eta epeetan jarritako baldintzak bete ezinezkoak zirelako, eta, hala ere, Coprosak onartu egin zituelako. Langileak hilabeteotan behin baino gehiagotan saiatu dira Adif eta Coprosako arduradunekin biltzen, kaleratzeen baldintzez hitz egiteko. Baina hitzorduetara azaldu ere ez dira egin.

Adifek jakinarazi du beste enpresa bati adjudikatuko dizkiola lanak. Bien bitartean, kexu dira Irun eta Astigarraga arteko tren zerbitzuaren erabiltzaileak, egokitze lanengatik Renfek zenbait zerbitzu kendu zituelako, eta egoera asko luzatzen ari delako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.