Itsasoan barrena, olatuz olatu

Itsasoan barrena, olatuz olatu

Unai Zubeldia

Herri honen etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea”. Horixe da Gure Esku Dago (GED) mugimenduaren helburua, eta Angel Oiarbide bozeramaileak hala azpimarratu zuen joan den azaroaren 18an, Donostiako eta Irungo herri galdeketen emaitzak jaso berritan. Datuez harago, “ohiturak sortzea eta herritarrek hurrengo faseetarako prestatzeko ariketan parte hartzea”, horixe zen GEDren erronka. “Eta, horregatik, oso pozik gaude urteotan herritarrek eman duten erantzunarekin. Azken galdeketa mugarria izan da erreferendum lotesleari begira, eta datuak sekulakoak eta historikoak izango dira juridikoki loteslea den erreferenduma egiten dugun egunean”.

Gure Esku Dago mugimenduak azaroaren 18an biribildu zuen Gipuzkoan 2016an hasitako bidea. Izan ere, 2016ko ekainaren 5ean egin zituzten lehen herri galdeketak herrialdean: Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian. Lehen saio hartan, 125.000 herritarrek izan zuten bozkatzeko aukera, eta ia 36.500ek parte hartu zuten azkenerako. 2017ko martxoaren 19an iritsi zen bigarren olatu handia, eta Astigarragan, Hernanin, Oiartzualdean eta Tolosaldean egin zituzten galdeketak. Egun hartan 122.500 gipuzkoar zeuden deituta erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketan parte hartzera, eta ia 30.000k eman zuten botoa.

Lasarte-Oria, Usurbil, Zubieta, Debabarrena eta Urola Kostaren txanda iritsi zen 2017ko maiatzaren 7an, eta egun hartan parte har zezaketen 116.000 gipuzkoarretatik 28.450ek eman zuten botoa. Beizaman eta Andoainen iazko azaroaren 5ean egin zuten herri galdeketa, eta 12.439 herritarretatik 2.053k eman zuten botoa. Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, berriz, GEDk ordura arteko “erronkarik zailena” izan zuen parez pare joan den azaroaren 18an. Donostia eta Irun dira Gipuzkoako udalerririk handienak, eta bi gune horietan galdeketak eginda itxi du urtea GEDk. 21.021 herritarrek parte hartu zuten Gipuzkoako hiriburuan (%13,10ek), eta 4.891k Irunen (%9,15ek).

Ekainaren 8an, giza katea

Donostia eta Irungo azken galdeketa horren aurretik, giza kate jendetsua egin zuten Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean; 175.000 herritar atera ziren kalera. Eskuz esku, 201,9 kilometro lotu zituzten herritarrek; GEDk emandako datuen arabera, 2014ko Durango eta Iruñea arteko giza katean baino 25.000 pertsona gehiagok hartu zuten parte ekainaren 10eko ekitaldian. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak egun horretan bertan ezagutarazi zuen azken urtean norbanakoekin eta eragileekin lantzen aritu zen Herritarron ituna, “erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoiren bilduma”.

Urratsez urrats, GEDk, “oraingoz”, amaitutzat eman du herri galdeketen lan ildoa. Ia osatuta gelditu da Gipuzkoako mapa, gaur-gaurkoz Aia, Hondarribia, Mendaro eta Urnieta baitaude galdeketa egin gabe. Gipuzkoako 84 udalerritako 119.772 lagunek eman dute botoa orotara, ariketan parte hartzeko eskubidea zeukatenen %20,36k —588.210 lagunekoa zen errolda—; baiezko botoak 116.697 izan dira. Kontuan eduki behar da Igeldok, Itsasok, Itziarrek eta Zubietak euren kabuz egin zutela estatus politikoari buruzko galdeketa.

Gipuzkoako mapa osotasunean hartuta, eta parte hartze datuak aztertuta, Orexan (%82,11), Baliarrainen (%77), Orendainen (%75,78), Zerainen (72,86), Gaintzan (%72,64), Mutiloan (%71,50), Zaldibian (%66,22), Abaltzisketan (%64,07), Ataunen (%59,41) eta Itsason (%59,29) izan da parte hartzerik handiena; beste muturrean leudeke Irun (%9,15), Eibar (%11,39), Donostia (%13,1), Zumarraga (%13,47), Lasarte-Oria (%14,81), Errenteria (%15,51), Andoain (%16,53), Pasaia (%17,42), Astigarraga (%19,99) eta Urretxu (%20,74).

Iraganeko emaitzei begira

Azken bi urte eta erdian iritzi trukaketa handi samarra izan da galdeketa bakoitzaren ondoren. GEDk irmo defendatu du zenbakiei begiratzea dela gutxienekoa, datu bat besterik ez dela hori, eta errealitate asko daudela ezkutuan. Kontrakoek, ordea, “parte-hartze datu apala” jarri dute mahai gainean. Alde horretatik, iraganean egindako ekitaldi bat ekarri du gogora GEDk: “1978ko Espainiako Konstituzioa onartzeko erreferendumean Donostiako biztanleen %28,4k eman zuten baiezkoa”, azaldu du Oiarbidek. “Espainiako Konstituzioak zilegitasun hori du Gipuzkoako hiriburuan. Loteslea izan ez balitz, zenbateko parte hartzea izango zukeen galdeketa horrek?”.

Asier Etxenike soziologoak, berriz, joan den martxoaren 8ko adibideari heldu dio azaroaren 18an 21.000 donostiarrek botoa eman izanari garrantzia emateko. “Ez dakit zenbat jende mobilizatu zen Martxoaren 8ko greba feministaren harira; gehiago, agian. Baina manifestazioan ez dakit kopuru horietara iritsiko ziren, eta sekulako arrakastatzat hartu zen mobilizazioa. Horregatik diot, mobilizazio gisa ulertuta, oso kopuru handiez ari garela hizketan”. Ildo berari heldu dio Jexux Olaziregi GEDko idazkaritza taldeko kideak ere. “Bestelako zein ekintzak mugitzen ditu 20.000 donostiar?”.

Datu saltsari ihesean, eta orain arteko ibilbidean geldialdia eginda, barne hausnarketa abiatu du GEDk, eta ziklo berri batean sartzea erabaki du. Hainbat hilabetetako lanketaren ondoren, erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak 2019ko otsailaren 9an aurkeztuko ditu ondorio nagusiak eta etorkizunerako ardatz berriak. Oiarbidek argi dauka “herritarren borondatea” izango dela erreferendum lotesle bat egiteko bermea. “Alde horretatik, erabakiaren aroa hasiko da 2019an. GED ez zen sortu aldarrikatzeko soilik, determinazio guztiarekin nahiak gauzatzeko baizik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.