Kote Cabezudoren kontrako lehen epaiketa, urtarrilaren 16an

A. Arzallus

Urtarrilaren 16an akusatuen aulkian eseriko da Kote Cabezudo argazkilaria, lehenengoz. Justiziari traba egitea leporatuta, lau urteko espetxe zigorra eskatuko dute fiskaltzak eta akusazio partikularrak; defentsak, berriz, absoluzioa eskatuko du. Sexu abusuak salatu zituen emakume bat biluzik ageri den argazki batzuk Interneten jartzeagatik epaituko dute. Emakume hori modelo lanetan aritua zen Cabezudorentzat. Lekuko gisa joan zen deklaratzera epaitegira, eta Cabezudok sarean jarri zituen haren argazkiak; fiskalaren ustez, “mendekuz, edo salatzailearen jarrera aldarazteko”.

Beste auzibide baten ikerketa ere amaitu du instrukzio epaileak, eta epaiketa otsail-martxorako espero dute aldeek. Adingabea zenean Cabezudorentzat lan egin zuen emakume batek jarritako salaketa du oinarrian. Horren arabera, argazkilariak kontratuen hasiera datak aldatzen zituen modeloek 18 urte edo gehiago zituztela erakusteko.

Argazkilari zen garaian modeloei sexu abusuak egitea leporatuta jarritako hogei salaketagatik baino gehiagogatik ari dira ikertzen Cabezudo. Auzibidea hamazazpi piezatan dago banatuta, eta horietako bati dagokio urtarrileko epaiketa. Modelo aritutako bederatzi emakumek sexu abusuengatik jarritako salaketan oinarritzen da, ordea, auzi nagusia, eta akusazioak uste du irailean edo geroago hasiko dela epaiketa. Aurrerago egingo dute bederatzi emakume horien ostean jarritako salaketei dagokien epaiketa.

Auzibide gorabeheratsua izan da orain artekoa, akusazioak eta epaileak izandako tirabirengatik. Kote Cabezudo Martuteneko espetxean dago joan den maiatzaz geroztik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.