Mundua geldiarazi zuten eguna

Aitziber Arzallus

Emakumeek planto egin zuten eguna izan zen martxoaren 8a. Planto egin, eta mundua geldiarazi zuten eguna, erakusteko munduak ez lukeela funtzionatuko haiek gabe. Kalera atera ziren, milaka eta milaka emakumek leporaino bete zituzten Euskal Herriko kaleak, mugimendu feministak deitutako grebarekin bat eginez. Ordura arte sekula ikusi gabeko irudiak utzi zituzten Martxoaren 8ko mobilizazio horiek.

Deitzaileak gustura gelditu ziren planto egiteko deiak izandako erantzunarekin. Arrakasta eta historiko hitzak erabili zituzten egunak eman zuenaren balorazioa egitean. Ez zen izan greba klasiko bat, mugimendu feministak gainditu egin zuen kontzeptu hori. Lau arlotan egin zuten planto emakumeek: zaintzan, kontsumoan, hezkuntzan eta lan arloan.

“Hau ez da defentsarako greba hutsa”, nabarmendu zuten euskal hiriburuetan irakurritako manifestuetan: “Eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoak dauzkagu”. Alternatiba feminista bat lortzea da mugimenduaren helburua; berdintasuna hezurmamitzea.

Euskal Herriko ehunka txokotan izan ziren mobilizazioak. Bilbokoek batu zuten jende gehien, baina Donostian ere jendetza bildu zuten eguerdian eta iluntzean egindako mobilizazioek. Bulebarrak gainez egin zuen eguerdian, baita ilunabarrean ere. Eguerdian, Artzain Onaren katedralaren parean gerritik gora biluzi ziren hogei bat emakume, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak egindako adierazpenei erantzuna emate aldera, aste hartan bertan esan baitzuen feministek deabrua daramatela barruan. Gainera, Donostiako Gotzaintzaren webgunea hackeatu zuen Anonymouseko Bederatzia kolektiboak. Arratsaldean, txistu hots handia egin zuten manifestariek manifestazioa katedral aurretik igarotzean.

“Berdintasun faltsua”

Emakumeek pankartaz, amantalez, pintaketaz eta kolore morez josi zituzten kaleak, ikastetxeak, dendak zein etxeetako balkoiak. Jai giroa izan zen nagusi, baina zegokien lekua eman zieten aldarrikapenei. Emakumeek egunerokoan jasaten dituzten zapalkuntzak zerrendatu zituzten han eta hemen egindako ekitaldietan, gizartearen “berdintasun sentsazio faltsua” apurtzeko.

Gogoratu zuten, besteak beste, Hego Euskal Herrian emakumeek, batez beste, gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen dutela urtean; zaintza lanetan dabiltzanen erdiak baino gehiago emakume atzerritarrak direla; egungo sistema “indarkeria ekonomikoz” jazartzen zaiela emakumeei; eta eskoletan emakumeek historian hainbat arlotan egindako ekarpenak “ukatu eta ikusezin” bihurtzen dituztela, eta, horrez gain, genero rolak betikotzen eta indartzen dituztela.

Sindikatuek baieztatu egin zuten lan arloan deitutako lanuzteen arrakasta, eragin handia izan zutela esanez. Launa orduko bi geldialdi antolatu zituen mugimendu feministak: 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Gainera, 24 orduko lanuzteetara deitu zuten zenbait sindikatuk. Lanuztea sektore feminizatuetan igarri zen bereziki: hezkuntzan, eskoletako jangeletan, zahar etxeetan, administrazio publikoan, garbiketa sektorean, kontserba fabriketan, merkataritzan, telemarketinean eta komunikabideetan.

Instituzio batzuen “hipokrisia” salatu zuten sindikatuek, ezarritako zerbitzu minimoak “abusuzkoak” izan zirelako; “kasu batzuetan, langileen greba eskubidea urratzerainokoak”. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen garraioan, jaiegunetan bezala lan egin zuten ospitaleetan, eta %70eko gutxieneko zerbitzuak jarri zituzten zahar etxeetan.

Euskal Herriko mugimendu feministak iragarri duenez, datorren urtean ere egingo dute greba. Irailean egin zuten batzarra, Gasteizen, eta han hartu zuten erabakia. Dagoeneko hasiak dira Martxoaren 8a prestatzen, eta berritasunak izango dira 2019an: lau orduko bi lanuzte egin beharrean, 24 orduko greba egingo dute.