Zaintza dago jokoan

Zaintza dago jokoan

Aitziber Arzallus

Protesten eta mobilizazioen urtea izan da Gipuzkoako zahar etxeetako, adineko pertsonentzako eguneko zentroetako eta tutoretzapeko etxeetako langileentzat. Lan baldintza hobeak nahi dituzte: soldatak igotzea, atsedenaldiak ordaintzea, ratioak hobetzea eta aparteko sari egokiagoak jasotzea, besteak beste. Aldaketa horiek, langileen egoera hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea hobetuko luketelako. 25 hilabete daramatzate negoziazioekin, bi urtetik gora, baina, oraingoz, ez dute lortu emaitzarik. 2009-2012 artekoa da sektoreko azken lan hitzarmena. Legez, jada, ez dauka baliorik, nahiz eta enpresa batzuek hura aplikatzen duten oraindik.

Adinekoen zaintzaz arduratzen diren ia 6.000 langileri eragiten die lan gatazkak, eta emakumezkoak dira %95 inguru. Sektoreko lan itunik gabe hasi zuten urtea, eta, bukatu ere, ziur asko, halaxe bukatuko dute; negoziazio mahaia ez da bildu ere egin urte guztian. Patronalen, sindikatuen eta langileen ordezkariak iazko urrian eseri ziren azkenekoz mahai beraren bueltan, eta patronalek mahai gainean jarri zuten zirriborroa ikusi orduko altxatu ziren sindikatuak, euren ustez “atzerapausoa” zelako proposatzen ari zirena: “Ez zegoen negoziazioei ekiteko eduki garrantzitsurik; soldatak izoztea eta lan baldintzak kaskartzea proposatu zuten”. Adegi da lau patronaletan indartsuena (%36) eta Matia (%27), Lares (%27) eta ACGG (%10) dira besteak. Lau sindikatuetan indartsuena, berriz, ELA (%61) da, eta haren atzetik daude LAB (%20), CCOO (%9-10) eta UGT (%9-10).

Iazko Gabonak baino lehen sindikatuak beste bilera batera deitzeko konpromisoa hartu zuten patronalek. Baina dei hori ez zutela jasotzen ikusita, sektoreko egoera gizarteratzen hasi ziren udaberrian. Hori bai, sindikatu bakoitzak bere aldetik ekin zion bideari, borroka honetan ez daudelako bat eginda. Patronalek negoziatzeko borondaterik erakutsi ezean mobilizazioetara joko zutela ohartarazi zuten bai ELAk eta bai LABek. Eta halaxe egin behar izan zuten. Uda aurretik egin zituzten protesta horietako batzuk. Baina emaitzarik ez zutela lortzen ikusita, uda ostean protestak gogortzea erabaki zuten.

ELAko langileek irailaren 28az geroztik bederatzi egunez egin dute greba, eta, patronalen mugimendurik ezean, greba egingo dute abenduaren 24tik 31ra ere. LABek, berriz, karabanak eta kontzentrazioak egin ditu Gipuzkoako eskualde guztietan, eta urriaren 27an lehenengo grebara deitu zituen langileak. Ustekaberik ezean, gauza bera egingo du abenduaren 24an eta 31n ere.

Aldundia, auzitik kanpo

Sindikatuek beharrezko ikusten dute Gipuzkoako Foru Aldundiak auzian esku hartzea, itundutako zerbitzu asko eskaintzen direlako adinekoen zentroetan azpikontratatutako enpresen bitartez. ELAk sarritan galdegin dio parte hartzea, zerbitzuaren arduraduna eta jabea delako eta zerbitzua finantzatzen duelako. Eta beste horrenbeste egin du LABek ere, auzi honetako erantzukizunaren zati bat diputazioarena dela uste duelako.

Aldiz, aldundiak ez du horren garbi ikusten bere esku hartze ahalmena. Behar-beharrezkoa deritzo herrialdeko hitzarmen bat lortzeari, baina eginbehar hori sindikatuena eta patronalena dela uste du eta berak ez duela “negoziatzeko eskumenik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.