Zubietar guztien gainetik…

Zubietar guztien gainetik…

Aitziber Arzallus

Zubietar gehienen iritziaren kontra, Donostiako Udalak azkenaldian Zubietan kokatu ditu eraikitzen ari den edo eraikitzekoak diren hainbat azpiegitura. Errauste planta izan zen lehena; gaur egun Martutenen dagoen kartzela ondoren; eta, aurten, Loiolako kuartel militarra han eraikitzeko proposamena egin dio Espainiako Gobernuari. Azken hilabeteotan, euren ahotsa entzunarazteko borrokan ari dira zubietarrak; urrutira joan gabe, urriaren 27an 10.000 lagun bildu ziren Donostian, erakundeei errauste planta eraikitzeko lanak geldiaraz ditzatela eskatzeko; baina aurrera jarraitzen dute. Lanak 2019ko udarako bukatzea espero dute, eta errauste planta udazkenean martxan jartzea.

Errauste plantak sortu zuen kontrako lehen mugimendua Zubietan, baina Donostiako Udalak asmo irmoa dauka kartzela eta kuartela ere hara eramateko. Horren erakusgarri, irailaren 4an izandako bilera: Eneko Goia Donostiako alkateak Zubietako Eskuzaitzetako lurrak eskaini zizkion Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroari, Loiolan dagoen militarren kuartela hara lekualda dezaten. Eskaintza aztertzeko konpromisoa hartu zuen Roblesek, eta azaroaren bukaeran egin zuten bigarren bileran erantzun zion Goiari: baietz, kuartela lekualdatuko dutela, baldin eta udalak bere gain hartzen baditu Loiolakoa husteak eta Zubietan berria eraikitzeak eragingo dituen kostuak. Kuartel berriko azpiegiturek Loiolakoen tamaina eta ezaugarri berberak izan beharko dituztela jakinarazi zion Roblesek Goiari, eta, bere kalkuluen arabera, 93,4 milioi euroko kostua izango dutela.

Espainiako Defentsa ministroak mahai gainean jarritako kopurua “handiegia” iruditu zitzaion Goiari, udalak Loiolan egin nahi dituen etxebizitza publikoen errentagarritasuna bera zalantzan jartzeko modukoa. Dena dela, Espainiako Defentsa Ministerioarekin negoziatzen jarraituko du Donostiako alkateak, “irtenbide bideragarri bat” topatzeko helburuarekin. Loiolako hirigintza operazioaren errentagarritasuna handitzea da udalak esku artean darabilen aukeretako bat. Horretarako, beharrezkoa luke egun kuartela dagoen 17.000 metro koadroko lursaila berriz kalifikatzea, eraiki litekeen etxebizitza kopurua handitzeko. Lursailaren balioa handitzea lortuko balu, baliabide gehiago izango lituzke kuartelaren lekualdatzea finantzatzeko.

Kartzela eta zentroa, biak

Loiolan ez ezik, Martutenen ere etxebizitzak egin nahi ditu udalak, eta han kartzelak egiten dio enbarazu. Horrenbestez, hura ere Zubietako Eskuzaitzetara lekualdatzeko asmoa du. Azpiegitura berrien kokalekua aspaldi adostu zuen Espainiako Gobernuarekin; ez, ordea, haien ezaugarriak. Madrilek berak ere oraintsu arte ez du batere argi izan Zubietan zer eraiki nahi duen. 2.000 preso hartuko zituen espetxe erraldoi bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen hasieran; aurtengo abuztuan adierazi zuen kartzelarik ez zuela egingo, presoak gizarteratzeko zentro bat baizik; eta urrian, kartzela eta gizarteratze zentroa, biak eraikiko dituela.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren arabera, 200-300 preso hartzeko moduko kartzela izango da Zubietakoa, eta hura prest izan arte ez dute eraitsiko Martutenekoa. Adierazi zuen espetxeen eraikitze eta amortizatzeei buruzko plan bat lantzen ari direla Madrilen, eta plan horretan jasoko dituztela xehetasun guztiak. Ez zuen aurreratu ez espetxea noizko egin nahi duten, ez plan hori noiz aurkeztuko duten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.