Aiala Oronoz: “Niretzat, garrantzia du Irunen jazotakoa dokumentatu izanak”

Beñat Alberdi

Filosofia eta Musikaren Historia eta Zientzia ikasketak eginda dauzka Alaia Oronozek (Hondarribia, 1977). Bizitzak hamaika buelta ematen ditu, ordea, eta historialari lanetan bukatu du azkenean. Orion egin zituen lehen urratsak memoria historikoa berreskuratzeko lanean, garai bateko testigantzak batuz, eta gero lan berbera egitea proposatu zion Irungo Nicolas Guerendiain elkarteari. Artxiboak arakatu eta arakatu, bertan lanean jardun ziren presoen datuak aurkitu arte. Horrela sortu zen A pico y pala: trabajos forzosos en Gipuzkoa proiektua, eta aurkeztu berri du lana. Behartuta lanean jardun zirenak oroitu ditu ikerketan, historiak irentsitako 207 pertsona.

1942 eta 1944 artean osatu duzu ikerketa lana. Ba al dago arrazoirik epe hori aukeratzeko?

Pertsona horiek guztiak obretan lan egiteko ekarri zituzten Irunera; Olaberria erreka bideratzeko lanetara, zehazki. Momentu bat iritsi zen non zenbaitzuek baldintzapean aske geratzea lortu zuten eta beste asko Burgosera edo beste kartzela batzuetara mugitu zituzten beste lanen bat egiteko.

Langile behartuak ziren, azken batean; presoak, funtsean. Estatuak zehazten al zuen zein lan egin behar zuten?

Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresak egin zuen proiektua. Enpresa horrek Irunen zuen zigor destakamentuaz gain, beste bost ezarri zituen Gipuzkoan. 1938an ezarritako Patronato para la Redención de Penas por el Trabajo erakundeak kudeatu zuen, berriz, preso horien lana.

Nola sortu zen proiektua? Nondik jaso duzu informazioa?

Gipuzkoako artxiboan ari nintzen lanean, irundarren espediente edo dosierren bila. Begira nenbilela, ohartu nintzen Irun jartzen zuela espediente batzuen lehen orrian. Ez nuen ulertzen zergatik. Espediente horiek sakonago aztertzen hasi nintzen, eta gauzak lotzen. Ondorioztatu nuen kanala egin zuten presoen espedienteak zirela.

Halako ikerketa lan baterako ohikoa izango da artxiboak aztertzea, baina erraz aurkitzen al da bilatu nahi den hori?

Lan handia eskatzen du. Gipuzkoako artxiboan, kaxetan sartuta daude espediente guztiak. Gainera, Ondarretako kartzelatik irten ziren urtearen arabera daude ordenatuta, ez sartu ziren urtearen arabera. Irungoak edo beste herri batekoak ziren jakiteko, banan-banan begiratu behar izan nuen espediente bakoitza. Liburua ez da lodikotea, baina izugarrizko lana dauka atzean.

Nola ikertzen da horrelako gai bat?

Detektibe lana izan da ia-ia. Sherlock Holmesen pare sentitu naiz batzuetan. Espedienteen atzean informazio asko zegoela ikusi nuen izenak biltzen hasi nintzenean. Esaterako, Irunera eraman zituzteneko datak errepikatu egiten ziren. Nolabait, ni ere neure metodologia sortuz joan naiz. Alde horretatik, oso autodidakta izan naiz. Informazioa lortu ahala, galdera gehiago egiten nizkion neure buruari. Horiek erantzunez joan naiz poliki-poliki, liburua osatu arte. Prozesua bera oso aberasgarria izan da niretzat. Mordoa ikasi dut.

Espedienteetan al dago gakoa? Eta non aurki daitezke espediente horiek?

Giltzaperatzen zutenean fitxa bat zabaltzen zitzaion preso bakoitzari. Kartzelaz aldatzen zutenean, espedientea ere mugitu egiten zuten. Hari horri segika begiratu dut zein zen presoa azkenekoz egon zen presondegia, non arakatu jakiteko. Madrilera ere joan behar izan dut.

Artxibo bereziren bat al dago Madrilen?

Justizia Ministerioaren artxiboa dago han. Publikoa da. Tira, Madril hiriburuan ez, Alcala de Henaresen dago. Artxibo horretan daude gordeta preso bakoitzaren azken kartzela zein izan zen eta antzeko datuak.

Frankismo garaiak dena ez dauka agerian oraindik; dokumentuekin lotuta ez, behintzat. Datu guztiak lortu zenituen?

Espediente batzuk ez ditut aurkitu, eta beste batzuk begiratzen ez didate utzi, Barne Ministerioko artxiboan, adibidez. Heriotza txostena eskatzen zidaten presoen fitxak begiratzeko. Baina nola eskatuko diot txostena familia bakoitzari? Lotsagarria iruditzen zait dokumentu mota bat Oñatin, Guadalajaran zein Jaenen kontsultatu ahal izatea eta Madrilen, berriz, ez. Dokumentu berbera da. Gogorra da egoera, badakizulako non dagoen eskuratu nahi duzun dokumentua, baina ez dizutelako uzten. Nola da posible gaur egun, oraindik, horrela ibiltzea?

207 presoren izenak bildu dituzu. Ondo egindako lanaren seinale?

Memoria historikoa berreskuratzeko oso garrantzitsua da izenak biltzea. Hasieran ez nekien zenbat presoren informazioa lortuko nuen, eta 207 izan dira azkenean. Ez dakit guztiak diren, edo gehiago badauden. Ez dago kontrastatzeko iturririk. Niretzat, garrantzitsua da Irunen jazotakoa dokumentatu izana. Bide bat zabaldu du lan honek. Orain artean ikertu gabe zegoen gaia.

Presoen izen-abizenez gain, haien jaioterria, adina, lana eta beste zenbait datu bildu dituzu. Pertsona horiek hezur-haragizko bihurtzeko balio du lan horrek?

Hori da gakoa azkenean: pertsona gisa tratatzea. Ez dira 207 preso soilik, izen-abizenak zituzten. Gainera, interesgarria da jakitea zein delitu egozten zizkieten edo zein epai jaso zuten. Irunen, esaterako, askori jarri zieten heriotza zigorra. Gero, bizi osorako zigorra jarri zieten azkenean.

Dokumentazio lanaz gain, orduko testigantzak ere jaso dituzu. Baliogarriak izan al zaizkizu?

Lan osagarria izan da testigantzena. Irunen bizitzen gelditu ziren bi presoren senideekin hitz egin dut, baten semearekin eta bestearen alabarekin. Destakamentua gertatu zen auzoan bizi zirenen testigantza ere jaso dut, zer gogoratzen duten jakiteko.

Liburuarekin lanean hasi aurretik, dena den, jasota zeneuzkan beste testigantza batzuk.

Jendeak ez zuen esan ezer gertakari horiei buruz. Nik bizipenak jaso nituen azkenean. Ez da elkarrizketa bat. Norberarentzat garrantzitsuena izan den hori kontatzen du bakoitzak. Alde horretatik, garrantzitsua iruditzen zait lan hau, halako gertaerak ere jasota gelditzen direlako.